euskal diaspora eta kultura
2016/01/18
Diasporako euskaldunek aurrea hartu diete Donostia eta Azpeitiko danborradazaleei eta San Sebastian eguna ospatzen hasiak dira dagoeneko. Pariseko Euskal Etxeak larunbatean egin zuen afaria, eta New Yorkeko Euzko Etxeak igandean, biak ala biak danborrada eta guzti. Bihartik aurrera munduko beste hainbat euskal etxe ere bilduko zaizkie ospakizunei: Madril, Bartzelona, Montreal, Mexiko, Lima, Valladolid, Shanghai, Londres eta Necochea (azken hau astebeteko egitarau zabalarekin), besteak beste.
2015/12/31
Euskaltzaleok eta Laurak Bat, Valentzia hiriko bi euskal etxeak, elkarlan emankorrean dihardute azken urteotan eta horren emaitzetako bat da Diasporaren Gutunen Lehiaketa. Aurrekoetan erantzun oso ona izan du lehiaketa honek eta aurten hirugarrengoz antolatu dute bi elkarteek. Lehiaketa parte hartu nahi duten guztiei irekita dago, bereziki munduko euskal etxeetan euskara ikasten ari direneei.
2015/12/31
Desioak eskatzeko garaia da hau, eta zergatik ez eskatu bidaia bat Euskal Herrira? Argentinako Arrecifestik, eskaintza Euskaldunak Bat Euskal Etxeko erreferente den Mariana Domine Irigoyenen eskutik datorkigu eta proposatutako hamazazpi eguneko ibilbidea tentagarria da. “Esperientzia ederrak biziko ditugula segurtatuta dago, bidaia Bilboko Aste Nagusi garaian egingo baitugu” azaltzen du Dominek, "pesotan eta kreditu txartelaz ordain daitekeela" emendatuz.
2015/12/31
Gabon eta Urte Berri garaia dela eta mezu idatzia bidali die Urkullu lehendakariak munduko euskaldunei, nazioartean zehar 25 herrialde eta 189 euskal etxe harrapatzen dituen euskal sarea osatzen duten norbanako eta elkarteei. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzitako mezuak, zorionak eta urte berria opa izateaz gain, 'diasporizatzera' deitzen du eta baita elkarri laguntza ematera ere, harreman-zubiei eutsiz, eskerrak emanik munduko euskaldunei euren Euskal Herriarekiko ekarpenagatik.
2015/12/30
Iragan abenduaren 12an Olentzero Badator izeneko festa handia antolatu zuen Bruselako Euskal Etxeak, euskal mitologiako ikazkinari ongi etorria eman eta Gabonen hasiera ospatzeko. Ekitaldi hau egiten duten laugarren urtea da eta giro bikaina izan zuten; lagun asko animatu baitziren Bruselako kaleetara atera eta gabon-kantak abestera. Ondoren, afaria egin zuten eta dantza eta janari artean hasi zituzten Eguberriak.
2015/12/30
Urte berriarekin batera Argentinako euskal etxe gehienak opor sasoian sartuko badira ere, Necocheako Euzko Etxean mugimendu handiko egunak biziko dituzte, Gizatalde Atzerritarren Azoka –urtarrilaren 15etik 17ra– eta San Sebastian Astea –19etik 23era– ospaturik. Eta urtea bukatzeko eta ekitaldi horiek prestatu bitartean, Olentzerok bisita luzatu die necocheatarrei, gozoki poltsa eskuan.
2015/12/29
Nevadako Gardnerville herrian ibiltzea 'Basque West'en ibiltzea da. Baina ez soilik iragana duen horretan, geroari ere begiratzen dionean baizik. Euskal erro sakonduna eta aldi berean nevadatar petoa, 'JT Basque' euskal ostatua Gardnervilleko karrika luze nagusian dago. Bertako nagusiarekin bildu gara, EuskalKultura.com-en irakurle den Marie Louise Lekumberry euskal-amerikarrarekin.
2015/12/29
Kirmen Uribe idazle ondarroarraren "Mussche" liburuak harrera oso ona izan du Japonian eta urteko bost liburu onenen artean hautatua izan da. "Mussche" azaroan argitaratu zen herrialde honetan, eta epe labur honetan literatura adituen kritika oso onak jaso ditu. Eleberria euskaratik itzuli du, zuzenean, Nami Kaneko itzultzaileak.
2015/12/29
Helduentzako "udaleku labur moduko bat" antolatu dute abenduan Uruguaiko FIVUko hiru euskara iraskaslek --Andrea Bella, Maria Laura Moreno Sasiain eta Martin Zabalzak-- euren euskara ikasleak bildu eta asteburu osoan euskaraz bizitzeko. Esperientziaren balantze paregabea egin dute eta errepikatu eta urtero bederen antolatzeko asmoa adierazi diote EuskalKultura.com-i.
2015/12/28
‘Piano bat bertsotan’ du izena inprobisazio saioak eta baita ere ikuskizuna aurrera eramaten duen euskal elkarteak. Taldea osatzen duten musikariak Argentinan dabiltza egunotan eta biraren baitan Necochean eta Tandilen jo zuten larunbatean eta igandean. Gaur eta bihar Mar del Platan izango dira; urtarrilaren 2an Bahia Blancan, eta 4 eta 5ean Chascomusen, Udalekuren programa barruan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus