euskal diaspora eta kultura
2016/04/06
19 eta 20. mendeetan Estatu Batuetara emigratu zuten milaka euskaldunen biografiak bltzen ditu 'Basques in the US' obrak. Bigarren edizioa bukatzear, egilearekin, Koldo San Sebastianekin, eta argitaldariarekin, Renoko Euskal Ikasketen Zentroko (CBS) Daniel Monterorekin, solastu da EuskalKultura.com. San Sebastianen esanetan, “dibulgaziorako oso erreminta eraginkorra da internet, norabide biko lanabesa, gainera". "Guk informazioa jartzen dugu sarean, baina hori zuzendu ere egiten dute irakurleek, zerbait zuzena ez denean”. Monterok, bere aldetik, CBSren bloga kudeatzen du eta harrituta dago biografiak aipatuz argitaratutako postek lortu duten oihartzunaz: "gauza ona da hori" esan digu.
2016/04/06
Data ospatu eta urtero adierazten dituzte Aberri Egunean Argentinako Euskal Etxeek Euskal Herriaren aldeko mezuak. Ospatzeko moduak, baina, anitzak dira, gauza behartua baita herri bakoitzean, euskal etxe bakoitzean, tokian tokiko kutsuz ez janztea. Hona, ospakizun horien argazki galeria berri bat, Bazko igandetik azken astebururaino Arrecifes, Bariloche, Buenos Aires, Chivilcoy, Mendoza eta Olavarrian egindako ekintzen isla.
2016/04/05
Habanako Aberri Egunaren ospakizunak jende andana bildu zuen iragan martxoaren 27an, 330 bat lagun, Kubako Euskal Etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez. Horrez gain, elkarteak Euskal Aste bat ere ospatu zuen, zenbait hitzaldi eta kultur ekitaldiekin. Jarduera hauetan euskararen garrantzia azpimarratu zuten -- "gure herriaren nortasuna"-- eta Durangoko Azokaren jarduna goraipatu zuten, 50 urte hauetan euskal kultura sustatzeagatik.
2016/04/05
EuskalKultura.com-ek zozketagai ipini ditu liburu bat (ingelesez) "Modern Basque History", Cameron Watson-ena; eta Iparraldetik datozkigun hiru musika CD: Kalakan hirukotearen "b_aldeak"; "Arbailan", Xiberoko ahots onenen sormen lan dagoeneko klasikoa; eta "Euskal kolore", zenbait kantari eta talderen kantu hautuen bilduma. Ohi bezala, parte hartzeko, email bat bidaltzea besterik ez. Datorren ostirala da parte hartzeko azkeneko eguna.
2016/04/04
Eusko Jaurlaritzak deialdi egin du lau bekadun aukeratzeko kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan espezializatzeko eta prestatzeko. Bekek 12 hilabeteko iraupena izango dute. Bekadunek beraien eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren honako bulego hauetan burutuko dituzte: Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen (2); Euskadiko Ordezkaritzan Argentina-Mercosuren (1); Estatu Batuetan (1).
2016/04/04
Euzko Etxea-ko Itsuen Futbol Taldeko kapitaina eta kazetaritza ikasle den Lelio Sanchez aurkezle, astelehenero emitituko da saioa, 18etatik 19etara, Internetez ere entzun daitekeen Alta Voz irratian. Euskal Etxearen ‘ahotsa’ izango den programak bi gonbidatu berezi izango ditu lehenengo saioan: Jorge Batiz eta Maria Fernanda Astigarraga, erakundeko erreferente nagusietako bi.
2016/04/04
Programa berezia garatu zuten Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeko lagunek joan den asteburuan euren jai nagusiaren 10. edizioa ospatzeko. 2016ko Aberri Eguneko Dantzari Topaketan, danborrada eta dantzak ez ezik, zuzeneko musika euskal-argentinarra Maral taldearen eskutik eta ‘Paella Erraldoiaren showa’ izeneko proposamen gastronomiakoa ere jaso zituzten gonbidatuek. Apirilaren 2a izanda, Malvina Irletako gerrako beterano eta hildakoak gogoratu ziren.
2016/04/01
Asteburu bizi bizia izango du Pariseko Eskual Etxeak, larunbatean elkartearen festa ospatuko baitu. Euskal Etxeko elkarteetako taldeek erakustaldiak eskainiko dituzte, Inauterietako erraldoi konpartsa ere tartean, eta Festaire taldeak jarriko du musika. Bestalde, iragan martxoaren 22an, Errugbi Gau jendetsua egin zen euskal etxean, Frantzia eta Ingalaterraren arteko Sei Nazioak txapelketako partida ikusteko aitzakiarekin. Giroa bikaina izan zen, Pamplonica txarangak lagunduta.
2016/04/01
Buenos Aires probintziako Cañuelasen jaioa, Verónica Zulaica abokatua da, euskaldunen biloba eta euskalduna familiaz, sentimentuz eta deliberoz. Bere euskal etxea, Cañuelasko Denak Bat, jo ta fuego ibiliko da datorren asteburuan, Argentinako euskal komunitateko gazte askorentzat hitzordu ekidinezina bilakatu den Aberri Eguneko Dantzari Topaketaren hamargarren urteurrena ospatzen.
2016/04/01
Urtarriletik, astelehenero biltzen da Buenos Aires probintziako Chivilcoy herrian bertako euskal etxeko batzorde berria, 2016ko ekintzen programa eratzearren. Argi daukate helburua: “Etxeko euskal giroa sendotzea eta Euskal Herriko kultur adierazpenak oro garatzea elkarteko egunberoko bizitzan”. Horri begira mota ugaritako aktibitateak ari dira antolatzen, batere ahaztu gabe Chivilcoyko herriaren eta euskal etxekoen arteko etengabeko lankidetza.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus