euskal diaspora eta kultura
2016/04/11
Daniel Uranga gazteak 14 urte baino ez ditu, baina golf munduan lekutxoa egiten hasia da dagoeneko. Berriki, Augusta Golf Club mitikoan golf txapelketa bat irabazi du eta beste batean bigarren postua eskuratu du. Daniel Homedale-ko Txoko Ona Basque Club kidea da eta golfaz gain futbolean, saskibaloian, beisbolean eta... euskal dantzan ere aritzen da, Homedaleko Herribatza Dantzaria taldearekin. Zorionak eta segi horrela Daniel!
2016/04/11
MercoMus txapelketa hegoamerikarra asteazkenean hasiko da Txileko Santiagon, eta apirilaren 13tik 16ra garatuko hiriburu txiletarrean. Partaide, Argentina, Peru, Uruguai, Venezuela eta Txile bertako muslariak. Argentinako Txapelketa Nazionala, berriz, abuztuaren 13tik 15era izango da, Laprida hirian, bertako Lagunen Etxea Euskal Etxea antolatzaile. Azken lehiaketa honetako bikote irabazleak Argentina ordezkatuko du urrian Donostian egingo den 2016ko Mundu Txapelketan.
2016/04/08
Iragan asteazkenean Baigorrin aurkeztu zen "Aita deitzen zen gizona" liburua, Pamiela argitaletxeak plazaratu berria, Eusko Ikaskuntza eta Larraldea kultur zentroaren laguntzarekin. Liburuan, Pello Salaburuk Joan Errea Nevadako emazteak idatziriko oroitzapenak bildu ditu: behenafarreraz, Erreak bere familiaren istorioak biltzen ditu, euskal emigrazioaren testigantza bizi eta hunkigarria emanez. Aurkezpeneko irudiak, jarraian.
2016/04/08
Jaia larunbat honetan izango da, ‘Artisauen Pasealekuan’, eta bertarako diren gonbidatuen artean daude Bariloche, Cordoba, Pergamino, Viedma eta San Martin de los Andes-eko euskal etxeetako ordezkariak. “Festa ederra ari gara prestatzen”, jakinarazi digu proposamenaren arduradun nagusia den Rafa Molinak. “Euskal eta argentinar dantzak, bideoak, Euskal Herriari buruzko informazioa, eta nola ez, mota askotako pintxoak eskainiko dizkiegu gonbidatuei”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.
2016/04/07
Iñigo Ruiz de Gordejuela gasteiztarra musika ikasten ari da AEBetako Berklee College of Music ospetsuan eta bertan euskal izena eta izana duen taldea sortu du ikaskide batzuekin: Amalur. Sarean ikusgai da taldearen piezatako bat, "Aldapeko Sagarraren" klasikoaren moldaketa, jazz osagai nabariekin. Ikusi ezazu bideoa jarraian.
2016/04/07
Bihar da azken eguna EuskalKultura.com-ek zozketagai ipini dituen liburua eta CDak eskuratzeko. Liburua, "Modern Basque History" da, Cameron Watson-ena; eta hiru CDak Iparraldetik datozkigu: Kalakan-en "b_aldeak"; "Arbailan", Xiberoko ahots onenen sormen lan dagoeneko klasikoa; eta "Euskal kolore", zenbait kantari eta talderen kantu hautuen bilduma. Parte hartzeko, aski email bat bidaltzea.
2016/04/07
Peruko Liman bizi da duela sei urtedanik Xabier Gil iruinsemea. Ikasketaz ingurumena eta nekazaritzari lotua, gertutik ezagutzen ditu bertako indigenak, artekoa baitu neskalaguna. Limako Euskal Etxeko kide eta euskara irakasle ere bada.
2016/04/07
'Origen' saioa maiatzean estreinatuko du ETB2k eta euskal diaspora izango du protagonista: euskal jatorrikoak izanik sekula Euskal Herrian izan ez diren jendeak pantailaratuko ditu, euren euskal erroak haientzat aztertuz eta euren emozioen lekuko izanez. Grabatzen ari diren saioetan Strauch Urioste Andeetako biziraule uruguaitarra dago, baita ere Juan Martin Guevara, Che Chevararen anaia gaztea; Pilar Garcia Gurtubay, Norvegiatik bakailaoa ekartzen hasi zenaren ondorengoa; Fernando Solabarrieta kazetari eta aurkezle txiletarra; eta Fernando Martitegui sukaldari argentinarra.
2016/04/07
Hiru hamarkada bete zituen iaz Boiseko Euskal Museoak eta, aurten, erakundea diruz laguntzeko urteroko afarian, mundu osoko euskal diasporak ekarriko dituzte gogora Idaho-ko (AEB) hiriburura. Datorren larunbatean izango da eta nazioarteko euskal apaingarriz jantziko dute Euskal Etxea, bai eta beste euskal diasporen inguruko informazioa mahaietan jarrita ere. “Gauza xumea izango da. Ez dugu espero jendeak asko ikastea, gaiaz harreta piztearekin konformatzen gara”, esan dio EuskalKultura.com-i Annie Gavica antolatzaileak.
2016/04/06
Euskal arteak Londreseko Dalston auzunea hartuko du ekainean, BaskFest 2016 jaialdiarekin. Euskal kulturaren ospakizun bat izango da festa, beti ere arlo desberdinetako artelanen bitartez: zinea, musika, ikusentzunezko arteak, dantza, performance-ak, argazkilaritza eta gastronomia. London Basque Diaspora taldeak antolatu du eta orain Londresen bizi diren euskal sortzaileen bila dabiltza, erakusketa osatzeko. Proposamenak aurkezteko epea berehala itxiko da, apirilaren 15ean, beraz, bizkor ibili!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus