euskal diaspora eta kultura

2016/09/05
Iaz Buenos Airesen antolatutako jardunaldiei jarraipena emango diete aurten Euskal Herriko ‘Uzturre Munduan’ elkarteko kideek. Dantza tailerrak bi egunekoak izango dira. Bahia Blancan egingo dena, irailaren 10 eta 11an izango da, hiriko Union Vasca Euskal Etxeko instalazioetan; bestea, irailaren 17 eta 18an, Buenos Airesko Laurak Bat-en.
2016/09/05
Estatutuak agintzen duen moduan, erakundeko Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuen Guillermo Larregui Euskal Etxeak 2016-2018 eperako. Urteko Ohiko Batzar Orokorrean lehendakaritzaren lekukoa pasatu zion orain diruzaina den Pablo Pavesak Bernardo Indaburu presidente berriari. Pavesak esanetan, “azken lau urteetako balantzea ezin hobea da eta datorrena oraindik ere hobea izango da”, segurtatu zuen.
2016/09/02
XVII. mendea. Donostiako domingotarren komentutik ihes egin du nerabeak, bizilekua kartzela zaiolako. Badoa Amerikara, Espainiako erregearen alde borrokatzera, bertako herritarrak zapaltzera. Hogeitaka urte egingo ditu Mundu Berrian ezpata dantzatzen. Ez da, ez, gizona, emakumea baizik. Jada ez da ordea Katalina Erauso, gizon jantzietan Frantzisko Loiola da donostiar abenturazalea. Aurpegi askoko pertsonaia polemikoa, etxean baino kanpoan ezagunagoa, pastoralera ekarri dute. Bihar Donostian ikusi ahalko da, Baionako estrenaldi jendetsuaren ostean. Argia aldizkariko artikulua.
2016/09/02
Hiru eguneko programa antolatu dute Flores’ko Euskal Etxea elkarteko lagunek euren instituzioaren 25. urtemugarekin batera hiriko IV. Euskal Jaia ospatzeko. Ekitaldian mota askotako aktibitateak eskainiko dizkio Euskal Etxeak komunitateari, Uruguaiko eta Brasilgo beste zenbait euskal etxe lagun.
2016/09/02
Programa oparoa eskaini dio aurten ere Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak bere komunitateari, Loiolako Inazio Deunaren eguna dela eta antolatutako jaian. Hiru egunetan zehar, mota askotako ekintzak egin ziren bai Corpus Christin bai San Ignacio herrian, beti ere Gipuzkoako Patroiaren irudia nabarmenduz.
2016/09/02
San Inazio eguna ospatzeko egindako hiru eguneko festan, 'Kontaketa harrigarriak' delako literatur lehiaketaren sarien emate-ekitaldi sinbolikoa egin zuen Eusko Etxea Euskal Etxeak. Izan ere, gero eta deialdi zabalagoa duen lehiaketako irabazleak ez dira Corpus Christikoak –kasu batzuetan Argentinakoak ere ez– eta behin emaitzak zabalduta, postaz bidaliko dizkie sariak instituzioko antolatzaileak.
2016/09/01
Joan den asteburuan San Frantziskoko Gure Euskal Etxean aritu ondoren eta azkeneko astearte honetan Nevadako Gardnervilleko JT Basque ostatuan emanaldi ederra eskaini ondoren, prest dago Menditarrak kantari talde baxenabartarra datorren asteburuan Chinoko piknikean kantatzeko. Hori eta gero, datorren astean, Bakersfield-eko Wool Growers euskal jatetxean kantatzea geratzen zaie Euskal Herrira itzuli bidean jartzeko.
2016/09/01
Buenos Aires probintziako Baraderoko euskal gizataldeak bi ospakizun batu zituen hiriko Udal Museo Historikoan egindako ekitaldi bakarrean. Loiolako Iñaki Deunaren egunean bertan, euskal santua omentzeaz gain, Argentinako Independentziaren Bigarren Mendeurrena dela eta plaka oroigarri bat ipini zuten Aurrerako kideek Museoaren atarian.
2016/09/01
Judas Arrieta margolari hondarrabiarrak mural bat sortu du Boiseko The Modern Hotel-eko horman, hiriko artista egonaldi programa baten barruan. Gaur, euskal komunitateak sustatzen duen hileko "Lehen Osteguna" festarekin batera, muralaren aurkezpen ofiziala egingo da. Hotelak festa egingo du, koktel, pintxo, zuzeneko musika eta jokoekin, Boise Weekly egunkariak aditzera eman duenez.
2016/09/01
Hogei urte bete ditu aurten Quebeceko Euskaldunak elkarteak, 20 urte Ipar Amerikako bazter honetan euskal kultura sustatzen eta zabaltzen. Abuztuaren 26tik 28ra elkarteak festa egin zuen, urteurrena ospatuz, Iparraldeko Xutik taldearen musikarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus