2014/01/29

Azkue Fundazioak euskarazko blog onenak hautatzeko lehiaketa jarri du abian, Argia aldizkariaren sostenguarekin, euskerazko blogarien jarduna sustatu eta ezagutzera emateko asmoz. Guztira 115 blog proposatu dituzte internet erabiltzaileek sarietara, eta orain horien artean onenak aukeratzeko epea ireki da. Otsailaren 16a arte luzatuko da epe hori eta nahi duenak parte har dezake bozketan, lehiaketaren webgunean izena emanez, edo Twitter sare sozialaren bitartez. Zure aukera argi duzu? Eman botoa, bada!
Gehiago irakurri...
2014/01/28

Asteburuarekin bukatu da HABEk kudeatzen duen Euskara Munduan programako 2013-2016 tarteko hirugarren barnetegia, San Nicolas hiri argentinarreko Euzkal Etxean. Ikastaro trinkoa urtarrilaren 18an hasi zen eta Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko ikasleak bildu zituen. Barnetegia bukatuta, irakasleentzako trebakuntza burutu zen Euzkal Etxea-ren egoitzan bertan. Euskara irakasleen lehenengo topaketa honetan euskal etxeetan dagoeneko aritzen diren ikasleak elkartu ziren euren esperientziak elkarrekin trukatzeko. Etorkizunari begira, 2014ko neguko barnetegiaren data -uztailaren 19tik 26ra- iragartzeaz gain, irakasleen topaketak udaro errepikatzeko asmoa ere adierazi du Kinku Zinkunegi HABEko ordezkariak.
Gehiago irakurri...
2014/01/28

Harkaitz Canoren "Pasaia Blues" eleberriaren galizierazko itzulpena argitaratu du berriki Hugin e Munin argitaletxeak. Isaac Xubin idazlea izan da itzultzailea eta datorren astean Harkaitz Cano Galizian izango da liburua aurkezteko. Idazle donostiarrak hiru hitzaldi emango ditu: aurrenekoa otsailaren 5ean, Santiago de Compostelan; bigarrena otsailaren 6ean, Pontevedran; eta hirugarrena eta azkena otsailaren 7an Vigon. Itzulpen honekin lau hizkuntzatan plazaratu da dagoeneko eleberria: euskaraz, gaztelaniaz, alemanieraz eta galizieraz.
Gehiago irakurri...
2014/01/27

34 urteko argazkilari gasteiztar bat desagertuta dago urtarrilaren 7-8 arteko gauetik Kolonbian. Mexikon bizi zen emaztearekin eta joan den azaroan sartu zen Kolonbian. Lo egiten zuen ostatuan, La Guajiran, agertu dira bere arropa, kamarak, ordenagailua, dokumentuak eta dirua. Poliziak ez du hipotesiarik baztertzen baina hasieran hipotesi nagusia zen itsasoak eraman izana izatea indarra ari omen da galtzen. Bestalde, aste honetan bisitari ari da euskal ordezkaritza bat, giza eskubideen alde lan egiteagatik mehatxatu eta jazarriak izateagatik Euskadin babesturik egon ziren eta egun Kolonbiara itzuli diren pertsonen egoera aztertzeko. Argazkilari gasteiztarraz interesatuko direla agindu dute.
Gehiago irakurri...
2014/01/27
Zure etxean eta gasturik gabe gainera? Bada ez zazu gerorako utzi, datorren ostiralean bukatuko baita lau sari polit horietako bat zeureganatzeko aukera, EuskalKultura.com-ek bere irakurle eta lagunentzako antolatu duen zozketaren baitan. Parte hartzeko, aski duzu email bat bidaltzea, barnean zure datuak ipiniz eta lau oparietako baten hautua eginez. Joanes komikia ingelesez da, Kaliforniakoak liburua euskaraz, 'Euskal Baserri Sukaldaritza' gaztelaniaz eta Korrontziren CDa euskaraz.
Gehiago irakurri...
2014/01/27

Igaro dira jada San Sebastian eguna eta Donostiako eta Azpeitiako jai burrunbatsu eta alaiak, baina Diasporatik oraindik ere danborradako argazkiak eta kronikak heltzen ari dira geurera. Mexikon, esaterako, Euskal Etxeko kide eta lagun asko bildu ziren festara, eta afalostean Alfredo Jover Danbor Nagusiaren zuzendaritzapean jo zuten San Sebastian martxa. Quebec-en, aldiz, Euskaldunak elkarteak aurrenekoz ospatu zuen festa, eta arrakasta handiarekin gainera; izan ere, ETBko saio batean ere agertu zen haien jaia. Caracasen eta Madrilen ere giro ederrean ospatu zuten danborrada.
Gehiago irakurri...
2014/01/24

"Ese idioma raro y poderoso" saiakera aurkeztu du aste honetan Iban Zaldua idazleak Alemanian, Etxepare Euskal Institutuak lagunduta, eta bere hitzaldiek harrera beroa izan dute. Frankfurteko Goethe Unibertsitatean izan zen hizlari aurrena Zaldua, eta ondoren bi solasaldi eskaini zituen Marburg hiriko unibertsitatean.
Gehiago irakurri...
2014/01/24

Gure Mendietakoak Euskal Etxeak 2013 urteari amaiera eman zion ekitaldi bolondres batekin abenduaren 20an. Elkarteko talde batek Caldas departamentuko mendi-herrixka bat bisitatu zuen eta bertako umeentzako jokoak eta kultur jarduerak antolatu zituen. Olentzerok ere bat egin zuen taldearekin; izan ere, bazkideek Euskal Herriko Gabonetako ohitura eta kondairak azaldu zizkieten txikiei.
Gehiago irakurri...
2014/01/24

Jakin nahi duzu euskarazko hitzak nola esaten diren ingelesez, italieraz, turkieraz, guaranieraz, kitxuaz, katalanez, errusieraz, txineraz edo beste hainbat hizkuntzez? Edo aukera eman nahi diezu hizkuntza horietako hiztunak izan daitezkeen zure lagun edo bisitariei euskarazko oinarrizko hiztegi bat ikas dezaten? Hori guztia eskaintzen du Hiztegitxoa.eu webguneak, inprimatzeko aukera ere barne, hizkuntza horietako 330 hitz erabilienei dagokienean. Bestetik, Kike Amonarrizi Sustatu.com-en irakurri diogunez, bada webgune europar bat, hitz bat ingelesez hautatu eta hitz horien kideak Europako hizkuntzetan ematen dituena, mapan, bakoitza mintzatua den eremu geografikoaren gainean.
Gehiago irakurri...
2014/01/23

Joan den abenduaren 3an adierazi zioten Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiari Eusko Ikaskuntzak 2013ko ENE Saria eman ziola. Orduan adierazitakoa, datorren astelehenean gauzatuko da, Buenos Airesko elkarteak sariaren adierazgarri den estatuatxoa jasoko baitu Kinku Zinkunegi 'Euskara Munduan'eko koordinatzailaren eskutik. Ekitaldiaren aurretik hitzaldia eskainiko du Zinkunegik euskara eta Diasporaz, eta ondoren 2014ko bere lehenengo 'topaketa' egingo du Euskaltzaleak-ek, bazkide, ikasle eta lagunak partaide.
Gehiago irakurri...