euskal diaspora eta kultura

2011/04/04
Lehenengoa joan den ostiralean egin zen, arrakastaz. Ekimena Argentinako 'Euskal Herriaren Lagunak' (EHL) taldearen proposamena izan da eta helburua, euskal giroko momentu goxo batzuk lagunekin pasatzea, euskal mokadu, pintxo eta jakiak dastatzen, aldi berean EHL-i laguntzen zaiola. Banderak, ikurriñak eta euskal zein argentinar pankarta militante eta aldarrikatzaileak inguratuta, deiak hainbat lagun bildu zituen, janariarekin gozatu zutenak eta Silvia Iriondo, Hugo Fernandez Pantoni eta beste zenbait lagunen zuzeneko musika eta hitza txalotu zutenak. Euskal Herriko Taberna hau ostiralero errepikatuko da, San Telmoko Asanblearen lokaletan, Chacabuco eta Mexiko kaleetan.
2011/04/01
Argentinako Pellegrini herriak --Buenos Airesko probintzia muturrean, La Pampakoarekin mugan-- euskal jantzi tradizionalei buruzko erakusketa bat zabalduko du datorren astelehenean, Magdalena Mignaburu Berho euskal jatorrizko hezitzaile eta ikertzailea egile eta Pellegriniko Udalaren urteurreneko ekitaldien baitan. 'Gure arropa-Nuestra ropa'k (sic) zazpi probintzietako 20 jantzi biltzen ditu, bakoitzari buruzko azalpena emanez, zein eskualdekoa den eta zein langintzan eta eguneroko bizitza motan erabiltzen zen azalduz. Apirilaren 4 eta 5ean Pellegrinin egon ostean, Pehuajó-ko 'Etxe Alai' Euskal Etxera pasatuko da, bertako Aberri Eguneko egitarauko parte. Magdalena Mignaburuk, bestalde, astelehenean bere webgune berria sareratuko duela iragarri du.
2011/04/01
Anuska eta Maia Uribarrena argentinar neska gazteak dira, Mendoza hirian jaioak. Euskal jatorria dute, noski, baina orain urte gutxi jakin zuten euren euskal familiari buruz. Joan den asteburuan Euskal Herrian izan ziren lehen aldiz, Elorrion, familiaren oinetxea izan zen Ortuguren baserria bisitatzen. Francisco Javier Iruarrizaga senideak 1560ean hasten den familiaren historia azaldu zien eta bere etxeko ateak ireki zizkien. "Euskaldunok 'gure' baserria esaten dugu beti, ez 'nire' baserria. Argentinako familia hona datorrenean etxea duela jakin dezan nahi dut", dio Iruarrizagak.
2011/04/01
Hilabete batzuk falta dira oraino, baina Argentinako 2011ko Euskal Aste Nazionala datorren azaroan bertan egingo delarik, Necocheako alkateak herriko Euzko Etxea euskal elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideak errezibitu ditu joan den asteazkenean, Felipe Muguerza lehendakaria buru. Urte berezia da hau necocheatarrentzat, hiriak 130 urte betetzen dituela-eta ospakizun-egitarau bat eratu baita. Euskaldunentzat ere urte berezia da, duela 30 urte eginiko aurreko Euskal Aste esanguratsu baten urtemuga baita. Felipe Muguerza EEko lehendakariarekin batera, Antonio Alustiza lehendakariordea; Carlos Bilbao eta Horacio Yacomini batzordekideak, eta Joseba Bilbao gazte pilotari eta munduko paleta txapelduna hurreratu ziren udaletxera.
2011/04/01
Enrique Otaño hautatu du Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak bertako lehendakari berri; izan ere elkarteak 2012an mendeurrena ospatzen duenean Otañok izango du EEko mendeurreneko ospakizunen eta urte horretako Euskal Aste Nazionaleko ekitaldietako buru izateko ohorea zein ardura. Zuzendaritza Batzorde berriko kide dira baita ere Raul Martin Bereciartua, lehendakariorde; Nélida Apesteguia, idazkari nagusi; Delia de Ustaran, agirietarako idazkari; José Luis Filippini, diruzain; eta Claudio Esnal, diruzaiorde, besteak beste.
2011/03/31
Munduko 25 unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakurle programak daude gaur egun, eta Etxepare Institutuak zenbait gehiago abian jartzeko asmoa du datozen urteetan. Programa hauek funtsezkoak dira institutuaren euskal kultura munduratzeko ahaleginean, ikasleen artean euskara zabaltzeaz gain kultur ekitaldien bitartez euskal sortzaileen erakuslehio baitira. Euskal Herritik kanpo gure kultura zabaltzen ari diren irakurle hauek eta euren lana ezagutzeko sail bat abiatu dugu EuskalKultura.com-en. Madrilgo Complutense Unibertsitateko Karlos Cid-Abasolo lektorea da lehena.
2011/03/31
Gral. Las Heras herri argentinarra Buenos Aires hiriburutik laurogei bat kilometrora dago. Eskualdeko beste hainbat herrik bezala jatorri euskalduna zuten ehunka immigrante jaso zituen XIX. mendean, eta herri horietan bezala, euskaldunak, biltzen hasi ziren euren ohiturak eta izaera mantentzeko asmoarekin. Denboraren poderioz, ordea, bilkura horiek bakanduz joan ziren desagertu arte. 1999an, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxearen laguntzarekin eta Luis Echegaray tarteko, euskal erakunde bat sortzeko nahia berpiztu zen herrian. Proiektua gauzatzetik gero eta hurbilago daude gaur Gral. Las Herasen eta laster Zuzendaritza Batzordea osatzeko eta instituzioaren egoera formalizatzeko deia plazaratuko dute.
2011/03/31
Kaliforniako Vernon herrian dagoen La Villa Basque jatetxeak aldatu gabe mantentzen du sortu zuteneko 60ko hamarkadako dekorazioa. 1960ean sortu zuen euskaldunen ondorengoa den Leonis Malburg-ek eta arbasoen omenez jarri zion izena. Sinatra gustura legoke La Villa Basqueko aretoetan, diote batzuk, eta Mad Men telebista saio ezagunak atal bat grabatu zuen bertan. Baina desagertzeko zorian dago dena, jatetxearen jabe berriek aldatu egin nahi baitute. Los Angeles Conservancy elkartea horren aurka ari da borrokan. Los Angeles Times egunkariak gaiari buruz plazaratu duen artikulu bat itzuli eta laburtzen dugu, jarraian.
2011/03/30
Bruselan izan zen iragan asteburuan Bernardo Atxaga, nazioarteko sona handiko zenbait idazlerekin batera Passa Porta literatura jaialdian parte hartzaile. Atxagak hitzaldia eman zuen igandean La Monnaie antzokian, hiriburu europarreko Cervantes Institutuko zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldian. Asteasuarra 'Zazpi etxe Frantzian' eleberriari buruz solastu zen, besteak beste. Hitzaldia Etxepare Euskal Institutuak eta Cervantes Institutuak 2011ko urtarrilean sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren barruan sustatu dute.
2011/03/30
Euskal Herritik propio etorritako hainbat erakundetako ordezkari eta izen handiko pertsonek hartu zuten parte 1981. urtean Necochea hirian egin zen Euskal Aste Nazionalean. Jai berezi hura ospatu zenetik hogeita hamar urte pasa ondoren, joera berarekin ekingo diote aurten ere 2011ko Euskal Astearen antolakuntzari euskal etxeko kide eta lagunek. Euskal diaspora eta Euskal Herriko ehunka ordezkari bilduko dituen jai honen informazioa zabaltzeko, Aste Nazionalaren identifikatzaile izango den logoa erabakitzeko lehiaketa jarri du abian etxe antolatzaileak. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31an bukatuko da, irabazleak 2000 pesoko saria jasoko du eta sari-ematea Euskal Asteko azken bazkarian gauzatuko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus