euskal diaspora eta kultura
2018/05/14
Dantza eskola Mariano Andoni Azcarate La Platako dantzariaren esku egon da eta Euskal Herriko erritmoetan interesa duten lagun ugari bildu ditu. Hau eta hau bezalako beste ekintza batzuk hasia da prestatzen Buenos Aires probintziako herri honetan sortzen ari den euskal etxe gaztea, izaera juridikoak ematen dion estatus berriari esker. Buruan daukan hurrengo pauso logikoa, Eusko Jaurlaritzaren aurreko onarpena eskatzea, munduko euskal etxeen zirkuituan eskubide eta betebehar guztiekin sartu ahal izateko.
2018/05/11
Urteko Ohiko Batzar Nagusia egin du Argentina iparraldean Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak. Bildutakoek, besteak beste, euskal etxearen Zuzendaritza Batzordea berritu zuten eta bozketak erabaki zuenez, Olga Leiciagak segituko du beste bi urtez lehendakari. 80 urte beteko ditu datorren abuztuan gazte askok baino aktibo eta ekimentsuagoa den Olga Leiciagak. Izan ere, Olga prestatzen ari da ilusio handiz Saladillon egingo duen urtebetetze festa, familiakoak eta lagunak oro gonbidaturik.
2018/05/11
‘Betiko Haizea’ izenarekin sortu den proiektua ikus-entzunezko dokumental esperimentala da, 'Osses' izenaz ezagunagoa den Jose Antonio Martinez Osses albokari arabarraren bizitza eta lanari buruzkoa. Euskal Herriko eta euskal diasporako albokari ezagunek hitz egingo dute Ossesen jardunbideaz, kontaketa eta pasadizoen bidez. ‘Betiko Haizea’ proiektu independentea da, ez du diru-laguntzarik, eta parte hartuko duten musikarien artean Kepa Junkeraren eta Ibon Koteronen testigantzak aipa daitezke.
2018/05/10
Astebeteko programa antolatu du Patagoniaren bihotzean, Chubut probintzia argentinarreko Comodoro Rivadaviako euskal etxeak bere 95. urtebetetzea ospatzeko. Jaiaren inaugurazioa, igandean, meza batek abiatuko du eta astebete geroago bukatuko dira ospakizunak, Patagoniako Euskal Etxeen V. Topaketarekin.
2018/05/10
Teresa del Vallerentzat izango da Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Saria 2018. Gizarte eta Kultura Antropologian oinarritutako jardunbide garrantzitsu baten jabe, epaimahaiak bere aitzindari lana azpimarratu du eta bizitza osoan "Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalari" eginiko ekarria. Besteak beste Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruari ere lotua egon da eta bertan 1990etan Linda White, Jeronima Echeverria eta beste akademiko batzuekin 'Consortium for the Sudy of Basque Women' sortu zuen.
2018/05/09
Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen euskal ikasketen katedren sareko parte da Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra. Chicagoko goi-eskola honetan gauzatzen da urtero, eta aurtengo programa abian da dagoeneko. Ricardo Etxepare da aurtengo irakasle gonbidatua. Gaur bertan euskal linguistika gaiak jorratuko ditu, programak baitaratzen duen tailer baten bidez, Etxepare Institutuak ohar batean plazaratu duenez.
2018/05/09
Argentinara lehendakari legez egingo duen lehenengo bisita ofiziala izango du Iñigo Urkulluk. Euskal Aste Nazionaleko programan parte hartzeaz gain, elkarretaratzearen baitan antolatuko den Latinamerikako Euskal Gizataldeen Kongresuarteko Bileran ere izango da Lehendakaria. Argentinako Euskal Aste Nazionala urriaren 29tik azaroaren 4ra arte izango da aurten.
2018/05/08
Herrialde osoko euskal etxeek dauzkaten arazoei elkarrekin begiratua eman eta ahal den neurrian elkarrekin erantzuten saiatzea, hori da Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak datorren ekainaren 2rako Carabokoko Eusko Etxearen egoitzan iragarri duen topaketaren helburua, asteburu bat elkar hobe ezagutzen eta elkarrekin partekatzen emanda. Denbora da Venezuelako euskal etxeen aurrerabidea militantzia gogorreko gaia bilatau dela, herrialdeak oro har bizi duen egoera zaila testuinguru.
2018/05/08
Planteamendu integrala lortzen du urtero ‘Buenos Airesek EH ospagai’ jaialdiak. Kulturaren aldetik aniztasuna du ezaugarri eta adierazpen ugari aurkezten ditu. Parte hartzaile aldetik ere, aniztasuna: Buenos Airesen izanik, hiri askotako euskal etxeek osatzen dute festaren programa eta beste hainbat bertaratzen dira hiriburura jaiaz gozatzera. Eta euskal komunitate kanpo eta barneko publikoak erantzuten du. Osagai hauekin, zinez arrakastatsua izan da BACen 7. edizioa. Hona igandeko festaren argazki galeria.
2018/05/07
“Zinezko arrakasta”. Hauxe da antolatzaileen eta parte hartu zuten euskal etxeen balantzea. 2018ko ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai)’ jaialdiak 30.000 lagunen bisita jaso zuen hiriko festa jendetsuenetako bat bihurtuz. ‘Buenos Aires Celebra-BAC’ Argentinako hiriburuak kanpoko kolektibitateen omenez antolatzen duen ekitaldi bat da, Buenos Airesko Udalak bultzatzen du eta hiri erdiguneko Mayo etorbidean egiten da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus