euskal diaspora eta kultura
2018/06/04
Euskal etxe askok diru sarrera moduan erabiltzen duten ekimenetako bat da janaria prestatu eta saltzearena. Santa Rosan, hurrengoa ekainaren 10ean izango da eta menua, "dilistak euskal erara". Ekintza honekin oso aktiboa aurreikusten den urteko bigarren zatiari ekingo diote pampatarrek. Eskualdeko gainerako gizataldeekin batera probintzia mailako kolektibitateen jaialdia ari da antolatzen Zelaiko Euskal Etxea eta, uztailean, bere 26. urteurrena ospatuko du herri bazkari batekin.
2018/06/01
Edizioro garaiz egiten duten legez, Boiseko Jaialdi 2020ko antolatzaileek zabaldu berria dute epea Euskal Herritik festako partaide joan nahi duten musikari, dantzari, kantari edo bestelako artistek aukera izan dezaten euren proposamena aurkeztu eta Boiseko euskal besta eta elkarretaratze erraldoiko programako parte bilakatzeko. Eta, zergatik ez, baliteke Diasporako beste lekuren batetik proposamen interesgarririk heltzen bazaie ere gogoan hartzea! Epea irailaren 15era artekoa da. Erantzunak, azaroaren 30erako.
2018/06/01
Txapeldunak 21 urte azpiko kategoriakoak izan ziren. 2018 honetan Euskal Etxeko 15 urte azpikoak eta ‘mini’ kategoriakoak ere irabazle atera dira lehiaketa berean. Necocheako Euzko Etxeak kirol eskaintza zabala du, tartean saskibaloi taldeena. Taldeak emakumezko eta gizonezkoenak dira, zenbait kategoriatan daude sailkatuta, eta hiriko eta eskualdeko txapelketan lehiatzen dute.
2018/05/31
EHAA buletinak HABEko zuzendariaren Ebazpena eman du argitara 2017ko urria eta 2018ko iraila bitarteko euskara-ikastaroengatik, Euskal Etxeei esleitzen zaizkien diru-laguntzak zehaztuz. Orotara 30 euskal etxe eta federazio dira, eta 233.990,50 euro da euren artean banatuko den diru kopurua. Hau da HABEk 'Euskara Munduan' programa kudeatuko duen azkeneko deialdia, jakina denez 2018 honetan programa hori Etxepare Institutuaren baitara pasatu baita.
2018/05/31
Aretoa bete ospatu zuten Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko lagunek euren elkartearen 20. urteurrena. Afarian menu ederra eskaini zieten anfitrioiek gonbidatu ugaiei eta afalostean hainbat lagun ekarri zituzten gogora, tartean etxea sortu zuen pertsona multzoa eta euskara eta dantza irakatsi zuten lehenak.
2018/05/30
Euskara ikasi nahi dutenen lasaigarri, Unibertsitate Konplutenseko Karlos Cid Abasolo irakaslea euskara ikasi nahi dutenentzako dekalogo baten egile da. Madrilen sortua eta bera ere heldua zela euskara ikasitako pertsona izanik, ederki asko daki zertaz ari den, eta izan ere euskarari buruzko aurreiritzi eta mitoei aurre egiten pasatzen du bere irakasle lanaren zati bat. Cid Abasolok hitzaldia eman zuen orain aste batzuk Madrilen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko hiriko delegazioa antolatzaile.
2018/05/30
Apurka eta etengabe hazten doa EuskalEtxeak.net-ek sarean interesatu ororen eskura daukan Diasporari buruzko argazki artxibo handia. Oraingoan beste 6.000 argazki emendatu dizkiola adierazi berria du webguneak, sarrera bakoitza edukien datuekin identifikatuta eta erraz topatzeko moduan. Saltseatzeko gonbitea ere egiten du. Eta aukera baliatzen du eskerrak emateko argazkiak pasatu dizkioten guztiei. Zeuk ere argazkiak badituzu, aski duzu info@euskaletxeak.net-era bidaltzea. Aldez aurretik, mila esker, guztion onurarako da.
2018/05/30
Argentinan aberri eguna den Maiatzaren 25eko ospakizunekin bat egiteko, bertako folklorean erreferente den Silvia Iriondoren kontzertu batera gonbidatzen du Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak bihar, maiatzak 31. Emanaldian, bere errepertorioa errepasatu eta ‘Tierra sin mal’ izennurua daraman bere disko berria aurkeztu du kantariak. Hitzordua iluntzeko 8etan da, eta sarrera moduan 200 pesoko laguntza bonu bat eskatuko da.
2018/05/29
Roldango Euskel Biotza Euskal Etxeak, Argentinako Santa Fe probintzian, bere Urteko Ohiko Batzarra egin zuen joan den larunbatean, eta bertan, besteak beste, elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak egin zituen, estatutuek finkatzen dutenari jarraiki. Hona datozen bi urteetan euskal etxea gobernatuko duen organoa osatzen duten kideen zerrenda.
2018/05/29
Maiatzaren 25a jai eguna eta aberri eguna da Argentinan. Kabalkadak, zeremoniak, mezak, topaketak… era askotan ospatzen da 1810 urteko Iraultzaren urteurrena herrialdean zehar. Euskal etxeetan, bai euskal bai argentinar kultura batzen direla aldarrikatzen duten erakundeek bat egiten dute ospakizunekin eta kaleratzen dira hiriko ospakizunetan parte hartzera. Jarraian, euskal partaidetza horren erakusgarri, joan den ostiralean euskal etxe batzuk ‘25 de Mayo’ko ekitaldietan egindakoaren irudi sorta bat.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus