euskal diaspora eta kultura
2017/11/14
'Patagoniarantz' programaren helburua euskal kultura eta batez ere euskara indartzea da Patagonia aldeko euskal etxe eta komunitateetan, Euskal Herritik etortzen diren lagunen eskutik. Programaren baitan antolatutako lehenengo ekintza euskaran murgiltzeko ‘barnetegi’ moduko asteburu-pasa izan da. Ekitaldia San Antonio Esteko portuan egin da, Xabier Lasa tolosarra eta Rocio Basterra viedmatarra irakasle.
2017/11/13
Giro berezia bizi izan du joan den aste osoan, ohi bezala gailurrak asteburuan izanik, Buenos Aires probintziako San Nicolas herriak, bozkarioz eta arrakastaz ospatu baitute bertakoek eta Argentina hamaika lekutatik etorritakoek Euskal Argentinar Aste Nazionala 2017. Erronka zen San Nicolas bezalako herri batentzat, baina eutsi egin diote eta lan gogorraren emaitzak agerian geratu dira. Bihartik aurrera, urtero bezala, Euskal Astearen argazki-kronika eskainiko du datozen egunetan EuskalKultura.com-ek.
2017/11/13
Bilera izan zuen joan den asteartean Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeak, Urkullu lehendakaria buru zuela eta 'Euskadi Basque Country 2020 Estrategia' eguneratzeko jaso diren ekarpenak aztertu zituen. Urkullu lehendakariak izendatuta Batzordeko kide denez, bileran parte hartu zuen Arantxa Anitua Buenos Airesko Laurak Bat-eko lehendakari eta FEVAko lehendakariorde denak.
2017/11/10
Hemen da deia asteburua! 2017ko Argentinar Euskal Aste Nazionaleko ekitaldiak astelehenean hasi ziren eta astean zehar pintura, baserri, argazki eta euskarari buruzko erakusketak inauguratu dituzte nicolastarrek. Euskal zinea ere erakutsi dute, Carlos Gabilondo medio, eta atzo bazkaria prestatu zuten 300tik gora umerentzat bertako Etxe Nasaia programaren 15. urteurreneko edizioan. Orain arte egindakoaren argazki galeriarekin batera, hona asteburuko programa. Zatoz gaur hasiko den txanpa nagusira!
2017/11/10
Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak herrialdeko euskal etxeetako bazkideak gonbidatzen ditu Euskal-Venezuelarren Senidetasun 3. Jardunaldietan parte hartzera. Bi aste barru, azaroaren 24tik 26ra egingo dira Chichiriviten, Falcon Estatuan. Ostiraletik igandera bitarteko egonaldia da, elkar hobeto ezagutu eta komunitate zentzua indartzeko. Parte hartzeko bazkide gisa egunean behar da egon, eta izena gaur bertan eman, ahal dela, adierazi du Caracasetik Jazoera buletinak.
2017/11/09
Urtero, munduan zehar barreiatutako euskaldunen eta euren erakunde eta taldeen artean euskararen alorrean egindako bere lanagatik gailendu den, edo apaltasunean bere ingurukoek gailendu nahi izan duten norbait saritzen du Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, ENE Saria emanez. Ohore hori jasotzeko moduki inor ezagutzen baduzu, jakin ezazu egun batzuk dituzula oraindik proposamena aurkezteko, datorren asteko asteazkenean bukatuko da horretarako ezarritako epea.
2017/11/09
Euskal Herriko musika tresnen inguruko hainbat jarduera baitaratu ditu FIVUren 2017ko Udalekuren edizioak, 35 lagun partaide, Canelones departamentuko itsasaldean. Musika tailer horien emaile, aurtengo Gaztemundu programan partaide izan den Agustin Trigo Sarraute izan da, Haize Hegoako kide berau. Canelonesko La Tuna hondartzan egindako asteburupasak euskaran murgiltzeko ere balio izan die bertaratutako haur eta heldu euskal-uruguaitarrei.
2017/11/08
Ikasturteko lehenengo bilera egina dute Bordaleko Euskal Etxean Europako bederatzi euskal etxetatik etorritako hamazazpi irakaslek. Aquitania Berriko hiriburuko Eskualdunen Biltzarra anfitrioi, bildutakoek aztertu dute, beste zenbait gairen artean, "nola landu mintzamena euskal etxeetako talde anitzetan". HABEren Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegik azpimarratu dio EuskalKultura.com-i irakasleen artean dagoen profil desberdintasuna, "ilusioa, gogoa eta lana" guztien arteko lokarri.
2017/11/08
Azaroko lehenengo bi asteburuetan luzatuko da aurten Bariloche hiriko Europar-Argentinar Gizataldeen Jaialdia. Inaugurazio egunean, aurreko asteburuan, eta urtero bezala, taula gainean zein standetan luzitu ziren bertako Mendiko Eusko Etxea-ko lagunak. Sukaldaritza txokoan, ezaugarri duten menu zabala eskaini zuten. Tauletan, Xiberoko Maskarada oinarri zuen suite batean batu ziren Euskal Etxeko dantza talde guztiak.
2017/11/07
Mexiko Hiriko San Inazio Loiolakoa Ikastetxeko Maria Basagoiti Noriega Artxibo Historikoa eta Mexikoko Euskalerriaren Adiskideen Elkartea antolatzaile, III. 'Euskal Herriko seme-alaben presentzia Mexikon eta Ertamerikan, XVI-XXI mendeak' Nazioarteko Kongresua egingo da ostegun honetan, azaroaren 9an, Mexiko Hirian, egin ere 'Colegio de las Vizcaínas' ezizenez ezagunagoa den San Inazio Loiolakoa Eskola horretako San Inazio Loiolakoa izen bereko Kaperan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus