euskal diaspora eta kultura
2015/12/01
Etzi ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna eta urtero legez, mundu osoko euskal etxeek bat egingo dute hitzorduarekin. Diasporako euskal komunitateak dira munduan euskal kulturaren erakusgarri onenak eta, beste behin ere, gizon eta emakume hauek euren ahalegina eta denbora emango dute euskararekiko euren engaiamendua erakusteko. Buenos Aires, Montevideo, Sydney, Boise, Bartzelona, Mexiko... hona hitzordu horietako batzuk.
2015/12/01
Omenaldi bazkaria abenduaren 6an izango da eta urteari amaiera emateko egingo diren ekintzen baitan eskainiko da. Ohorea euskal etxeko kide diren Euskal Herrian jaiotako 16 lagunei egingo zaie, Euskal Etxearen egoitzan. Horrekin batera, Toki Eder-ek jakinarazi du euskal elkarte josecepaztarrak Ohorezko Kide izendatu dutela Mikel Ezkerro irakaslea.
2015/12/01
Hamabigarrenez egin dute euren urteroko Biltzarra Mexiko Hiriko Mikeldi euskal talde eno-gastronomikoko kideek. Hainbat erronka eta aukera ere ekarri dituen urte baten ondoren, taldekideak elkarteko diruzain den Mikel Merodio anfitrioi zutela bildu ziren ogia partitzeko eta elkarteak 2016rako proposatuko dituen planak aztertzeko, azladu dio EuskalKultura.com-i taldeko bozeramale Julen Garritzek.
2015/11/30
Ate joka da dagoeneko Durangoko Azoka, eta aurten, gainera, urtemuga biribila ospatzeko prest; izan ere, euskal kulturaren bilgune honek mende erdia bete du. 50 urte hauetan Diasporarekin harreman oparoa mantendu du azokak, eta horrela jarraitzeko egitasmo berri bat jarri dute abian, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan: urtero urtero euskal etxe bat gonbidatu nahi dute azokara. Aurten Bartzelonako Euskal Etxea izango da bertan, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.
2015/11/30
Jaiak Argentinako hainbat euskal etxetako euskara ikasle eta irakasleak bildu zituen, garai guztietakoak, 1990an Macachineko lehenengo barnetegian hasi zirenak, gaur egun Euskara Munduan programan aritzen direnak eta baita 25 urte hauetan euskara ikasi, irakatsi eta maitatu duten lagunak. Ospakizun programaren baitan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaren “Euskarak azken 30 urteotan izan duen bilakaera soziala” izeneko hitzaldia eta Magdalena Mignabururen ‘Euskara Argentinan; nortasuna eta sentimendua’ liburuaren aurkezpena ere burutu dira asteburuan zehar.
2015/11/30
Berrizendatze zeremonia hilabete hasieran gertatu zen, baina ezin genuen pasatzen utzi azaroa aipatu gabe Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS, Center for Basque Studies, bere ingelesezko deituran) fundatzaile eta hainbat urtez zuzendari izan zuen William A. Douglass antropologoari egin zion omenaldi berezia, izan ere zentroa bera irakaslearen izenarekin berbataiatuz. Omenaldi horretan bertan, Jon Bilbaoren izena eman zitzaion unibertsitate bereko Euskal Liburutegiari.
2015/11/27
Hilaren 19tik 22ra Txileko Santiagoko Euzko Etxean bilgune izan da Euskal Asteaz gozatu nahi zuten euskaltzaleentzat eta ekitaldien harrera bikainarekin oso pozik agertu dira antolatzaileak. Bereziki aipagarria da gazteen parte hartze handia, beraiek izan baitziren protagonista elkarteko frontoian egin ziren Olinpiadetan eta hiriko kaleetan barrena ibili zen Korrika Txikian. Euskal Astean Bizkaitik etorritako Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere izan zen partaide, Unai Rementeria Diputatu Nagusia buru.
2015/11/27
Rafa Molina durangarra da. 54 urte dauzka eta badira bost bat urte iritsi zela Neuquen-era bere egungo bikotearekin, argentinarra berau, Euskal Herrian ezagutu ondoren. Ez zaio erraza gertatzen ari baina gogor ari da euskal etxe bat sortzeko lanetan. kontinente barneko hiri patagoniar honetan bizi diren euskal herritarrak eta euskaldunen ondorengoak biltzearren.
2015/11/27
Kirmen Uribe idazle ondarroarrak Asiara bidaia egingo du datorren astean, Txinan eta Japonian 'Mussche' eleberria aurkezteko. Liburua argitaratu berria da txineraz (Lijang Publishing House argitaletxea) eta japonieraz (Hakusui Sha argitaletxearekin). Uribek aurkezpenak egingo ditu Beijing-en, Tokion eta Kioton. Iñaki Mendizabalek sinatzen du artikulua Deian.
2015/11/26
Mexikoko euskal komunitateko emakumeek hitzordu galduezina dute larunbat honetan Euskal Etxean, bertan egingo den "Emakume Alai" festako izarrak izango baitira. Festaren helburua elkartearen ehun urtetik gorako ibilbidean euskal kulturaren alde etengabe lanean aritu diren emakumeei omenaldia egitea da, hala agertu diote EuskalKultura.com-i Itxaropen Palacios, Itziar Urkiola eta Miren Aguirre antolatzaileek. Kultur transmisioan egindako lan hori aintzat hartzeaz gain, festan ongi pasatzeko gogoa, umore ona eta sorpresak izango dira nagusi.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus