2011/03/03

Joan dira urtarrila eta otsaila, Hego Hemisferioko udako uda-hilabete nagusiak, eta bertako euskal etxeak hasiak dira, pixkanaka, 2011 ikasturte berriko egunerokotasunera biltzen. Hauxe da Buenos Aires probintzia argentinarreko General Rodriguez herriko Eusko Aterpea Euskal Etxearen kasua. Batetik, biharko iragarri du 'Hitz Nagusiak' bere programaren saio berri baterako hitzordua, kasu honetan Elsa Hilda Macolino eta Mario Achinelliren eskarmentua bi herritar hauen ahotsean ekarriz; eta iragarria du, bestetik, euskal dantza eta euskara klaseen hasiera; EEko "areto nagusiko zolua ipini eta teilatua bukatzeko" dirua batzeko asmoz egindako 'txipiroiak bizkaitar erara'ren anoak saltze ekitaldi bat; eta Niko Iguain-en izena daraman liburutegiaren berzabaltzea, ohiko ordutegi eta egunetan.
Gehiago irakurri...
2011/03/03

Duela bost urte jaiotako proposamenari jarraituz aurten ere Cañuelasko 'Denak Bat' Euskal Etxeak Dantzari Topaketan parte hartzeko gonbitea luzatu dio euskal komunitateari. Gazteak elkartzeko eta euskal giroaz disfrutatzeko helburua duen jai hau martxoaren 26 eta 27an gauzatuko da eta jadanik bederatzi dantza taldek konfirmatu dute partaidetza. Festa, euskal erakundeak Aberri Eguna ospatzeko egingo dituen ekitaldien barne dago eta, aurreko urteetan bezala, bertako Nekazaritza Elkarte, Smata sindikatu eta herriko Udalaren babesa izango du.
Gehiago irakurri...
2011/03/03

Jon Landaburu hizkuntzalaria Antioquia eta Medellingo unibertsitateetan izan zen joan den otsailaren 21ean eta hitzaldia eman zuen 40 urtetan Kolonbiako komunitate indigenekin eginiko lanaren emaitzen berri emanez. Landaburuk sakonean azaldu zuen 2010eko 1381 legea, Kolonbiako talde etnikoen hizkuntzak babestu eta sustatzen dituena, eta hizkuntza hauek hitz egiten dituztenen hizkuntz-eskubideak izan zituen hizpide. Antioquiako Euskal Ikasketen Zentroko John Alejandro Ricaurtek ematen du bere hitzaldiaren berri.
Gehiago irakurri...
2011/03/02

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak eta Etxepare Institutuak hainbat jarduera antolatu dituzte Bruselan euskal kultura eta talentua Europan ezagutzera ematek. Jarduera ziklo hau gaur bertan hasi da “Donostia-San Sebastián: hiritarren energia olatuak” erakusketaren inaugurazio ekitaldiarekin, Europako Legebiltzarraren egoitzan. Datozen bi hilabeteetan beste ekitaldi batzuk ere egingo dituzte: Bernardo Atxagak Passaporta jaialdian parte hartuko du, 'Ghost in Armour' erakusketa ikusgai izango da, euskal parte hartzea izango da Bruselako Film Laburren Jaialdian eta Xarnege folk taldeak kontzertua emango du.
Gehiago irakurri...
2011/03/02

Joan den abenduaren 16ko datarekin eta e-mail bat medio, Maria Elena Etcheverry de Irujo Ollok, Eusko Kultur Etxea, Euskaltzaleak eta Ekin Argitaletxearen bilgarri zen euskal egoitzaren itxiera adierazi zien instituzioko kideei eta euskal komunitate osoari. Etcheverryk Irene Lopez de Vicuña enplegatuarekin daraman gatazka legala omen da arrazoia. Hori hala esanda, Buenos Aires hiriko Mexiko kalean funtzionatzen zuen euskal etxeak, hasiera batean, 2010eko abenduaren 5etik 2011ko otsailaren 28 arte baino ez zituen itxi behar ateak. Epea bukatuta eta egoera batere konpondu ez denez, Euskaltzaleak Euskaltegiko batzordekide eta ikasleek 2011ko ikasturteari beste egoitza batetik erantzutea erabaki dute. Honela, klaseak Xeito Novo erakundearen etxean hasiko dira Martxoaren 14an, Independencia etorbidearen 1722. zenbakian.
Gehiago irakurri...
2011/03/02

Seattle-go Euskal Etxeak iragarri duenez, Boiseko 'Amuma Says No' musika talde euskaldunak bi kontzertu emango ditu AEBetako mendebaldeko Washington estatuan, bihar eta etzi. Emanaldiotan jasotako dirua 'Summer in the USA' programari laguntzeko erabiliko da. Programa honen bidez Euskal Herriko ikasleentzako egonaldiak egiten dira AEBetan, uztailean. 'Amuma Says No'k Seattle-n aurkeztuko du euskal musikaren bere bertsio pertsonala, euren esanetan "erdi amerikar, erdi euskaldun... eta boisetar peto-petoa".
Gehiago irakurri...
2011/03/02

Astero astero hainbat abizen edo deitura gipuzkoarren ikerketa genealogikoak hasia da argitaratzen www.apellidosdegipuzkoa.com webgunea. Fernando Lopez Permisán eta Mikel Belasko adituek egiten dituzte ikerketak eta, ahal den neurrian, bisitariek eskatzen dituzten abizenei buruzko ikerlanak plazaratuko dituzte. Egitasmoa beste webgune batekin osatzen da, www.apellidosdenavarra.com, eta bertan euro bat ordainduz abizen nafar bat babestuz ("aita/amabitxi" bihurtuz, alegia), adituek ikerketa egingo dute. Webguneek harrera ona izanez gero, aurki Bizkaia, Araba eta Iparraldeko webguneak egiteko prest dira ekimenaren sustatzaileak.
Gehiago irakurri...
2011/03/02

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak astearteetako ohiko bere bileran onartu zuen, besteak beste, atzokoan, Euskal Autonomi Erkidegoko artista eta kulturgileek euskal etxeak dauden herrialdeetan bira kulturalak egin ahal izateko dirulaguntzen deialdia. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 15ean bukatuko da eta berau artista edo taldeek berek behar dute eskatu, egindako proposamenaren originaltasuna eta kultur balioak, eta ahal eta euskal etxe gehiagorengana heltzea kontutan hartuko delarik laguntzak emateko orduan.
Gehiago irakurri...
2011/03/01

Mexikon familia baztandar baten baitan jaioa, Lourdes Arrechea hautatu dute joan den larunbatean Mexiko Hirian bertako Euskal Etxeko lehendakari, bera bezala jatorri baztandarrekoa den Miguel Larreguiren ordea hartuz. Euskal Etxeko Ohiko Biltzar Nagusia urtarrilaren 29erako deitu zen lehenbizikoz, nahiz eta orduan ez zen posible izan buruzagitzarako zerrenda oso bat gauzatzea eta, beraz, bigarren bilkura baterako deia egin zen, joan den larunbaterako, tartean zerrenda bat osatu ahal izango zelakoan. Txikitandik etxeko kide den Lourdes Arrecheak, artista eta margolari gisa ezaguna den emakumeak izendapena eta ondoren hautapena onartu zituen, EEko egungo arduradun nagusia bilakatu arte.
Gehiago irakurri...
2011/03/01

San Juango euskal etxeak lagunen bisita izan zuen joan den asteburuan, izan ere, Chascomuseko dantzariak gogo biziz heldu ziren urteroko Eguzkiaren Jaiarekin bat egiteko. Euskal taldeak karroza batekin parte hartu zuen desfilean eta dantzariek fandango eta arin-arinekin harritu zituzten ikusleak. San Sebastian martxaren doinuak ere ozen eta indartsu entzun ziren San Juanen, FEVAk utzitako danborrei esker.
Gehiago irakurri...