euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sukalde eta Emprebask elkarteak aurkeztuko dituzte bihar Mexiko DFn, Guillermo Echenique partaide

2011/04/13

Juantxo Sanchez Sukaldeko presidentea eta Maria teresa Fernandez Emprebask-Mexikoko presidentea biharko ekitaldia aurkezten Jaurlaritzak Mexiko DFn duen Bulegoan Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Bulegotik aditzera eman denez, euskal jatorriko Emprebask eta Sukalde elkarte mexikarrak aurkeztuko dira bihar Mexiko DFn, bertako jatetxe batean eta euskal-mexikar sukaldari baten menua lagun egingo den jendaurreko hitzorduan. Gisa batera edo bestera Euskadirekin lotutako enpresari, profesionak eta negozio-pertsonak biltzen ditu Emprebask-ek, eta gastronomiarekin lotutako chef eta profesionalak Sukaldek. Ekitaldiko gonbidatuen artean Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi den Guillermo Echenique aipa daiteke, eta bertan espero dira baita ere Ipar Ameriketako Euskadiko Ordezkaritzako arduradunak, beti ere Sukaldeko presidente Juantxo Sanchez eta Emprebask-eko Maria Teresa Fernandezekin batera.

Gehiago irakurri...


Buenos Airesko Alkartasuna Koralak ahots berriak gehitzeko deialdia zabaldu dio komunitateari

2011/04/13

Alkartasuna Korala, San Pedro Telmo-ko elizan emandako kontzertua baten ondoren Apirilaren 1ean Buenos Airesko Gure Echea Euskal Etxearen egoitzan bildu ziren hiriburu argentinarreko Alkartasuna Abesbatzako kantariak 2011. urteko entsegu edo errepikekin hasteko. Saioak, aurrerantzean, ostiralero izango dira, arratsaldeko 7etatik 9etara, Belen Romano zuzendari. Etorkizunari begira eta hurrengo kontzertuak antolatu ahal izateko, ahots berriak --batez ere kontraltoak, baxuak eta tenoreak-- gehitzeko gonbite irekia plazaratu dute koraleko arduradunek.

Gehiago irakurri...


Munduko chef hautatuen taldetxoan konsakratzen duen 'Bizi Emankorra' saria eman diote Arzak-i

2011/04/12

Juan Mari Arzak chef donostiarra 'Lifetime Achievement Award' delako saria eman diote Juan Mari Arzak chef donostiarrari. Ez da edozein sari edo errekonozimendu, 2005ean sortu zutenetik nazioartean izen handi eta ibilbide konsakratuko sukaldari aitzindari eta ekarleei eman baitzaie. Taldetxo saridun horretan egotea, sukaldarien Olinpoan egotea bezala da, eta bizitza oso batean egindako etengabeko lan hautuari ematen omen diote. Gisa horretako sariei 'Bizi Emankorra' sariak deitzen zaie euskaraz Ameriketako Diasporan. Horixe da, bada, Juan Mari Arzaki egotzi diotena. Eman-eman, datorren igandean emango diote Londresen.

Gehiago irakurri...


Korrika lehen aldiz heldu da Sydneyra eta Berlinera 17. edizio honetan, eta arrakastatsu gainera!

2011/04/12

Berlingo Korrika 17 Brandenburgeko Atearen aurrean abiatzeko prest (argazkia BerlinEE) Korrika 17 joan den ostegunean abiatu zen Trebiñutik, eta pausoz pauso Euskal Herrian zehar bidea egiten ari den bitartean, Diasporako euskaldunek Korrika sinbolikoak antolatu dituzte nonnahi, munduan zehar ere euskararen aldeko oihua zabaltzeko. Aurten Korrika lehen aldiz antolatu duten bi euskal etxe Sydneyko Gure Txoko eta Berlingo Euskal Etxea izan dira. Brandenburgeko Atetik eta Sydneyko Badia ederretik datoz argazkiok. Datozen egunotan segituko dugu leku gehiagotako informazioa ematen.

Gehiago irakurri...


San Frantzisko BCCen 29 urtemugan, 'Bizi Emankorra' JB Saparart, Aña Iriartborde eta Yvonne Cuburu-ri

2011/04/12

Jean Baptiste Saparart donibanegaraztarra, Aña (Etchehandy) Iriartborde iheralartarra, Yvonne Sorhondo Cuburu Alturasko kaliforniarra, San Frantziskoko hiru euskaldun euskal komunitateak mereximendu guziz ohoratuak Basque Cultural Center-en Otsailean aipatu genuen, urtero otsailean ospatzen baitu bere urtebetetze festa San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' (BCC) euskal etxe kaliforniarrak. Aurten 29 urte egin ditu. Orduan 'grosso modo' iragarri genuen, eta oraingoan merezi duen xehetasunez aipatuko dugu, bereziki aipaturik --eta lagunen besarkada beroa igorriz-- merezimendu osoz San Frantziskoko 'Bizi Emankorra' saria jaso zuten Jean Baptiste Saparart, Aña (Etchehandy) Iriartborde eta Yvonne Sorhondo Cuburu. Kronika, Franxoa Bidaurretari zor diogu, Herria astekari baionesarekin partekatua.

Gehiago irakurri...


SBSA euskal elkarte estatubatuarrak saria eman dio FEVAri Buenos Airesen, euskal eta argentinar agintariak lekuko

2011/04/12

Julian Celaya, Elvira Cortajarena, Jon Kepa Erkiaga, Carlos Sosa, Mariluz Artetxe, Rafael Follonier, Ricardo Basterra, José Barbier, Felipe Eiheragibel eta Mark Doyaga (argazkia EuskalKultura.com) Joan den larunbatean eta Buenos Airesko Laurak Bat-en egoitzan jaso zuen FEVAk New Yorken egoitza duen SBSA erakunde euskal estatubatuarrak ematen duen “Basque Hall of fame” saria. Saria emateko AEBetatik propio etorritako Mark Doyagak eskuratu dio golardoa Ricardo Basterra FEVAko lehendakariari. Bertan ziren, Jaurlaritzaren izenean, Julian Celaya Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Elvira Kortajarena Argentinako ordezkaria eta Andoni Martin teknikaria; baita Argentinako Rafael Follonier eta Jose Barbier mandatariak. Mariluz Arteche, Felipe Eiheragibel, Jon Kepa Erkiaga eta Carlos Sosa FEVAko lehendakari ohiek eta euskal etxeetako hainbat kideek ere hartu zuten parte ekitaldian.

Gehiago irakurri...


Akordioa sinatu dute Uruguaiko Floresko I. Euskal Astean, euskal etxeak herriko frontoia har dezan

2011/04/12

Estaban Fagalde, Floresko Euskal Etxeko presidentea, eta Castaingdebat Intendentea, hitzarmenaren sinadura ekitaldian (argazkia FloresEE) Floresko Euskal Etxeak Uruguaiko Trinidad herriko frontoia eraberritu eta pilota sustatzeko akordioa sinatu zuen joan den asteartean, elkarteak antolatutako lehendabiziko Euskal Astearen ekitaldien artean. Etorkizunean komunitate osoari irekia egongo den frontoia kudeatuko du euskal elkarteak. Hitzarmen sinadura honez gain, I. Euskal Astean jarduera ugari izan ziren, hala nola, pilota txapelketak, erreki lehiaketak, gastronomi dastaketa bat, erakusketak eta liburu aurkezpena bat.

Gehiago irakurri...


Lomas de Zamora-ko 'Denak Bat' EEak Urteko Batzar Nagusia eginik, Begoña Lentini Ordoqui lehendakari hautetsia

2011/04/11

Lomas de Zamorako Euskal Etxeko eta FEVAko buruzagiak, federazioko goi-buruek Buenos Aires handiko metropoliguneko herrira eginiko bisitaldian (argazkia Euskaletxeak.net) Buenos Aires hiri handiko metropolian dagoen Lomas de Zamora herriko 'Denak Bat' Euskal Etxeak joan den urte amaieran egin zuen Urteko Batzar Nagusia, baina orain artean ez digute horren berri bidali. Beraz, denbora pasa bada ere, aditzera eman nahi dugu aipatu euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeak Begoña Lentini Ordoqui daukala buru. Berarekin ari dira Iñaki Ormaechea, lehendakariorde; Edurne Lentini, idazkari; Maria Ines Ostolaza, idazkariorde; Emilio Lentini, diruzain; eta Martin Ochotorena, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Mariangeles eta Maurok euren alaba Amaia Jazmin jaio dela partekatu nahi dute Diasporarekin: Zorion beroak!

2011/04/11

Amaia Jazmin Matheu Rosciani tipia, Diasporako euskal alaba berria. Ongi-etorri! Ez dira oraindik pare bat urte EuskalKultura.com-eko orrialdeotan Diasporako familia zabalaren poza iragartzen genuela Argentinako bere kideetako bi, Mariangeles-ek (Chacoko Euskal Etxekoa) eta Maurok (Arrecifesko EEkoa) elkar euskal ekintzetan ezagutu eta denborarekin maiteminduta bizi berri bat amankomunean hastea erabaki zutelako. Euren berria gure berri egiten zuten, eta guztion poztu eta bihotzez agiantza onenak eskaini genizkien. Ixtorioak aurrera darrai, berriz idatzi baitigute, oraingoan euren poz itzela adierazteko, lehenengo alaba munduratu baitute. Ongi etorri Amaia Jazmin tipiari, eta zorion bero-beroak guraso eta bi familiei!

Gehiago irakurri...


Haritz Euskal Etxearen laguntzarekin gauzatu zen Lucas Gonzalez herrian Telleria familiaren I. topaketa

2011/04/11

Telleria familia 1910. urteko argazkian. Goian: Pedro, Pancho, Ignacio, Justo, Cecilio eta Jose; erdian: Francisca, Segunda, Leopolda, Jose Maria eta Francisca gurasoak, Cirila, Cista; behean: Manuel

Gipuzkoako Zerain herrian jaioa zen Euskal Herritik atera zen Jose Maria Telleria. Beste hainbat euskaldunek hartutako bideari jarraituz, jaioterria utzi zion Jose Mariak leku berri batean bizitza berri batekin hasteko. Eta leku hori Argentinako Lucas Gonzalez herria izan zen. Entre Rios probintziako herrixka hartan, eta Francisca Zavala emaztearekin, hamabi seme-alaba izan zituen gazte zeraindarrak. Jose Maria Telleriaren ondorengoak Argentinan zehar daude sakabanaturik gaur. Distantziak gaindituz, Telleria familiaren I. topaketa egin zen joan den martxoaren 25ean Lucas Gonzalez-en. Victoriako Haritz Euskal Etxeko lehendakaria den Fabian Zorzabal-ek eta Zulema Urcola idazkariak ere hartu zuten parte elkarretaratzean.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia