2011/05/10

Pariseko Conservatoire á Rayonnement Regional (CRR) erakundeak 'Journeés Basques' izeneko jardunaldiak egingo ditu datorren maiatzaren 16tik 19ra. Pariseko Eskual Etxearekin eta Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) lankidetzan eginiko ekitaldian euskal musika, dantza eta orohar kultura ezagutzera ematea du helburu CRRek. Astelehenetik hasita pilota erakustaldiak, dantza ikuskizunak, Anaiki koruaren kontzertua eta euskal gastronomia dastaketa egingo dituzte Parisen, besteak beste. Gainera, Batekmila erakusketa ekainaren 11a arte izango da ikusgai.
Gehiago irakurri...
2011/05/10

Estatu Batuetako hiriburu federalaren erdialdean dagoen Rock Creek Parkea bilakatu zen Washingtongo Euskal Etxekoen Aberri Eguneko festaren gertaleku, joan den larunbatean, maiatzaren 7an. Bostgarren urtez segidan ospatu du euskal etxe gazte honek Berpizkunde Igandeko euskal abertzaleen festa, euskal musika, janaria eta piknik motako aire libreko elkarretaratze giroan. Kideetako batek txalaparta ere eraman zuen, eta helduek eta bereziki haurrek denbora goxoa pasatu zuten egurrei erritmoak ateratzeko orduan. Kluba txikia bada ere, bazkidegoa handitzeko esperantza daukate elkartekideek: aurten bi familia gehiago lortu dituzte.
Gehiago irakurri...
2011/05/10

Shanghaiko Euskal Etxeak honez gero klasikoa duen Udaberriko Mus Txapelketa gauzatu zuen joan den larunbatean, maiatzaren 7an, hiritzar txinatar horretan daukan egoitzan. Muserako deialdiari muslari, muszale eta, oro har, lagun talde polit batek erantzun zion eta inor ez zen harritu karten 'kirol' horrekin batera bildutakoek gastronomiari ere ohore egin eta Araban ospatu berria zen San Prudentzio gogoan barraskilo platerkada dastatzeko aukera izan zutenean, hirian Kuluska jatetxea duen Jon Aldaña bilbotarraren lankidetza medio. Gogor saiatzen dira, bai, Shanghaiko Euskal Etxekoak bertan euskal giroari eusten!
Gehiago irakurri...
2011/05/09

Korrikak euskararen alde lasterka egiteko prest dauden euskaldun asko bildu ditu edizio honetan munduan zehar, eta Australiako muturreraino ere iritsi da. Iragan maiatzaren 1ean North Queenslandeko Euskal Etxeko kideek Aberri Eguneko bazkariarekin batera ospatu zuten lehen aldiz Korrika, eta gazte zein nagusiek ekitaldian parte hartu eta ederki gozatu zuten. Lagunak ikusi eta besarkatzeko aukera ederra izan zen North Queenslandeko euskaldunentzat, probintziak berriki sufritu zituen uholde larrien ostean. Zorionez, elkarteko kideek ez zuten kalterik jasan, ezta euskal etxeak ere.
Gehiago irakurri...
2011/05/09

Bartzelonako Universitat Autonomako euskara eta euskal kultura irakaslea da Aritz Galarraga, jardun erdikoarekin, 1999az geroztik bertan irakurle den Jon Elordiri laguntzen. Urtero 150 ikasle inguru trebatzen dituzte bien artean, eta topikoak topiko eta Katalunian euskal kulturarekiko estimua izanagatik, egiaz "ezagutza oso da urria, orokortasunez betea" dela dio. Erruak bi aldeetara bota daitezkeela gehitzen du: "euskaldunok katalanei buruz dugun ezagutza parekoa dela esango nuke". Unibertsitateko erreformek euskal ikasketak ez kaltetzea da bere kezka nagusia orain.
Gehiago irakurri...
2011/05/09

Jende ugari bildu zuen joan den Maiatzaren lehenean New Yorken lehenengo aldiz egindako 'Txakolin Eguna'k. Gauza berezia izan zen, Estatu Batuetan ez baitira egunero gertatzen honelakoak: txakolina (eta hein apalagoan sagardoa) dastatzeko aukera izatea; hainbat ekoizleren emaitzak dastatu eta alderatzeko eta iritzia emateko aukerarekin; zenbait chef-ek prestatutako mokaduak ezinbesteko osagai eta lagun; Manhattango kale arteko aire librean; eta deialdi honetarako propio ateratako edalontzi oroigarria eta guzti. Hitzorduak bildutako dirua, gainera, epilepsia sendatzeko ikerketetara bideratu zen. Garikoitz Udabek New Yorketik Berrian idatzitako kronika da.
Gehiago irakurri...
2011/05/09

'Mugimendua mugituz erakusten da' premisarekin hainbat ekimen jarri ditu abian Buenos Aires probintziako Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak azken aste hauetan. Alde batetik eta Aberri Eguna gogoratzeko, afari bat eta erakusketa antolatu zituzten Etxe Alai-ko kideek. Beste alde batetik, ekainean burutuko den “Euskal Etxeko kidearen eguna” delako ospakizunaren antolakuntzan daude murgilduta jadanik Pehuajoko euskaldunak. Oraingoan, euskal etxeak berak sortutako argitalpena plazaratuko da.
Gehiago irakurri...
2011/05/06

Kaliforniako Chino herriko Euskal Etxeak 200 lagundik gora bildu zituen iragan larunbatean, apirilaren 30ean, urteroko Pilota Besta ospatzeko. Aurtengo hitzordua leku oso berezi batean egin zuten chinotarrek: Bidart sendiaren frontoian. Orain 30 urte eraiki zuten frontoia Mike eta Jeannette Bidartek, euren etxeko lurretan, eta harrez gero beti izan dituzte ateak irekita bertan jokatu nahi duen edonorrentzat. Chinoko Euskal Etxeak euren eskuzabaltasuna eskertu zuen bestan eginiko omenaldiarekin.
Gehiago irakurri...
2011/05/06

Juan Oses idazle nafarrak euskal boxeoaren izar ahaztu bat berreskuratu du "Isidoro Gaztañaga: El martillo de Ibarra. El boxeador que nunca existió" biografiarekin. Gaztañaga Paulino Uzcudun boxeolariaren garaikidea izan zen, eta Osesen esanetan frankismoaren hedabideek nahita isildu zuten Gaztañagaren istorioa, Uzcudun falangistari itzalik egin ez ziezaion. Bizizalea, andrazalea, bikaina baina ez nahikoa saiatua... izan omen zen Gaztañaga eta Argentinako La Quiaca herrian hil zen, senar jeloskor batek tirokatuta. Orain, Ibarrako senitartekoak Argentinan izan zituen ondorengoen bila ari dira.
Gehiago irakurri...
2011/05/05

Joan den astelehenean, maiatzaren 2an, Argentina iparraldean, Corpus Christiko Eusko Etxea elkarteak ofizialki eman zion Mbyá Guaraní herriko komunitateari azken urtean elkartasun ekimen bati esker eraiki duen eskola. Emate ekitaldira euskal elkarteko kideak, guarani herriko Tavá Mirí hezkuntz komunitateko ikasleak, irakasleak eta kideak bildu ziren. Euskal Herritik etorrita, ekitaldian izan zen Gipuzkoako Kanpo Ekintza eta Kiroletako diputatua, Iñaki Galdos. Ekimenean parte hartzekoa zen César Arrondo irakasleak, aldiz, ezin izan zuen bertaratu.
Gehiago irakurri...