euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oscar Alvarez Gila historialariak hitzaldia eman du ikurriñaz eta euskal ikonoez Boiseko Euskal Museoan

2011/05/13

Oscar Alvarez Gila historialaria hitzaldia ematen joan den asteartean Boiseko Euskal Museoan. Berez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea bada ere, Nevada-Renoko Unibertsitatean irakasle gonbidatu bezala dabil ikasturte honetan Oskar Alvarez Gila historialaria, zeinak joan den asteartean, Boiseko Euskal Museoak deituta hitzaldia eman zuen Museoaren egoitzan bertan, “Before the Ikurrina was the Basque Flag. Icons of Basque Identity in the Americas (1880-1935)” gaiaz; alegia, 'Ikurriña euskal bandera izan aurretik. Euskal Identitatearen ikonoak Ameriketan (1880-1935)'.

Gehiago irakurri...


Paranako 'Urrundik' euskal elkarteak lagunen arteko bazkari batekin ospatu zuen bere 11. urtemuga

2011/05/13

Lagun anitz bildu ziren Paranako 'Urrundik' euskal elkartearen urtemuga ospatzeko (argazkia EE) Euskal Etxearen beste urtebetetze bat giro onean ospatzeko bildu ziren joan den apirilaren 17an Paranako 'Urrundik' elkarteko kide eta lagunak. “Oso momentu ona da hau euskal etxearen sorrera gogorazteko, erakundearen hazkundea begi bistan baitago”, adierazi zuen euskal etxeko lehendakaria den Federico Borrasek. Bazkarian zehar, zozketak egin ziren eta musika emanaldiez gozatu ahal izan zuten gonbidatuek. Testuinguru honetan Borrasek berak egiten duen 'Presencia Vasca' irratsaioaren 21. urteurrena ere ospatu zuten euskal paranatarrek.

Gehiago irakurri...


Josu Bergarak Londresen aurkeztuko du 'Nora zoaz', munduan zehar dabilen lana CD crossing-ari esker

2011/05/12

Josu Bergara bakarlari eatarra (argazkia IbanGorriti) Tokioko metroa, Moskuko Plaza Gorria, Argentinako Perito Moreno glaziarra, Miamiko Jai Alai frontoia eta Zelanda Berriko Wanaka lakua... Leku hauetara guztietara iritsi da Josu Bergara bakarlariaren "Nora Zoaz" lana, "CD crossing" ekimenari esker. 2010ean abiatu zuen Bergarak proiektu hau, "bookcrossing" delakoan oinarrituta. Horrela, azken urtean 30 lagunen maletan bidaiatu du CDak eta munduko hainbat bazterretan 'askatu' edo utzi dute diskoa, aurkitzen duenak goza dezan. Larunbat honetan Bergarak berak askatu ahal izango du ale berri bat Londonen, Euskal Etxeak gonbidatuta kontzertua emango du han eta.

Gehiago irakurri...


Bernardo Atxagaren 'Zazpi etxe Frantzian' liburua frantsesez argitaratu du Christian Bourgois etxeak

2011/05/12

'Zazpi etxe Frantzian' liburuaren frantsez edizioaren azala eta Bernardo Atxaga egilea Bernardo Atxaga euskal idazlearen azken lana, 'Zazpi etxe Frantzian' eleberria, apurka apurka nazioarteko ibilbide polita egiten ari da eta hil honen hasieran frantsez edizioa aurkeztu du Christian Bourgois argitaletxeak. Edizio honekin Atxagaren azken lana sei hizkuntzatan irakur daiteke jada: jatorrizko euskaraz, gaztelaniaz, galegoz, katalaneraz, portugaleraz eta orain frantsesez. Edizio ingelesa ere aurki izango omen da kalean.

Gehiago irakurri...


Fresnoko euskal festak abiarazi zuen joan den asteburuan Estatu Batuetako 2011ko udako euskal festen egitaraua

2011/05/12

Euskal udako jaiak Maiatzaren bigarren asteburuan Fresnok udako piknika ospatu ondoren, Los Banos eta Bakersfieldeko festal datoz. Ohi bezala, Estatu Batuetako euskal jaien denboraldia maiatz honetan hasten da AEBn. Denboraldia maiatzean hasten da Fresnon eta azaroan bukatzen da Las Vegas eta Roklin-en. Aurten, NABOren Biltzarra Bilera Buffalon, Wyoming izango da uztailaren 22-24 asteburuan. Hemen dago 2011ko euskal jaiak ordutegia.

Gehiago irakurri...


Ehun lagundik gora bildu ziren Fresnoko Basque Club-aren 2011ko Euskal Jaialdira Kalifornian

2011/05/12

Fresnoko Euskal Jaialdian aritu ziren musikariak taulagainean (argazkia FresnoBC) Fresnoko Euskal Etxeak, bere Basque Festival jaialdiaren edizio berri bat ospatu zuen joan den larunbatean eta, elkarteko arduradunek adierazi dutenez, bertaratu zen jende multzoak iazko bestaren markak hautsi zituen. Madera herriko Vista del Rio arrantxuan egin zen jaia eta, eguraldia lagun, estatu osotik etorritako lagunek euskal dantza eta musika erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.

Gehiago irakurri...


Zinemaldi euskaldun, galego eta katalana ikusgai Birminghamen, Etxepare Institutuak antolatuta

2011/05/11

Zinemaldiaren afitxa Bihar Birmingham-en hasiko den zinemaldiaren barruan "80 egunean" filmea izango da ikusgaia maiatzaren 19an. Jon Garaño zuzendaria bertan izango da, luzemetraiari buruz eztabaidatzeko. Etxepare Institutuak antolatu du zinemaldia, Birminghameko Unibertsitatearekin batera eta Galizia Xuntarekin eta Kataluniako Ramon Llull Institutuarekin lankidetzan. Birmighameko Unibertsitateak Euskara eta Euskal Kultura irakurle programa abiarazi zuen ikasturte hasieran, Etxeparek sustatuta.

Gehiago irakurri...


Literatura eta gastronomia klaseekin itxi zen Santa Feko Unibertsitate Iberoamerikarreko Euskal Astea

2011/05/11

"Visiones del arte vasco" mahainguruan, ezkerretik eskubira, Iñigo Manterola, Taxio Ardanaz eta Gorka Larrañaga (argazkia GLarrañaga) Bukatu berria da Santa Feko Unibertsitate Iberoamerikarreko Euskal Astea eta arduradunak datorren urtean edizio berri bat antolatzeko asmoa agertu dute jada, aurtengoak izan duen harrera ona dela eta. Lau egunez unibertsitate mexikarreko kanpusean euskal kulturaren inguruko ekitaldi ugari egin dituzte, artea, literatura, gastronomia bezalako arloak jorratuz.

Gehiago irakurri...


Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak 'Baietz' taldearen erritmora ospatu zuen Aberri Eguna

2011/05/11

Mendozako Denak Bat euskal etxearen Aberri Eguneko afixa Proposamen ugari burutu dira azken aste hauetan Argentinan zehar Aberri Eguneko ekintzen markoan: hitzaldi, topaketa, manifestaldi eta afariak, batzuk aipatzearren. Mendoza hiriburuan, berriz, Euskal Herriko musika tresnen soinuak gailendu ziren euskaldunentzat hain garrantzitsua den efemeride honen ospakizun egitarauan. 'Baietz' talde cordobatarraren eskutik tailer, kontzertu eta zuzeneko musikaz lagundutako dantza ikuskizunaz gozatu ahal izan ziren Denak Bat euskal etxeko kide eta lagunak.

Gehiago irakurri...


Maria Julia Ercorecaren eskutik jaio da Argentinan 'Etorritakoengatik', Puerto Madryngo Euskal Etxea

2011/05/10

Jaio berria den 'Etorritakoengatik' euskal etxeko idazkaria den Liliana Martin sorrera-akta irakurtzen Joan den apirilaren 30ean eta pozez beteta irakurri zuten Chubut probintzia argentinarreko Puerto Madryn hiriko euskaldunek 'Etorritakoengatik' Euskal Etxearen sorrera-agiria. Duela hiru urte biltzen hasi ziren lagunek, lehenengo zuzendaritza batzordea plazaratzeaz gain, erakundearen helburuak ere aurkeztu zizkioten bertako herriari: "Euskal Herriko kultura eta ohiturak sendotu, ezagutarazi eta zabaltzea". "Baina instituzioaren antolakuntza urrats txikia baino ez da”, azaldu dio Maria Julia Ercoreca proiektuaren bultzatzaile nagusiak EuskalKultura.com-i. "Hastea ezezik segitzea da benetako erronka eta horri loturik bi proposamen polit prestatzen ari gara datozen hilabeteetarako: Aralarko San Migel-en jaia eta euskal etxearen inaugurazioa”, aurreratu digu euskal etxe berriaren lehendakariak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia