2011/05/25

Rosana Entizne euskal-argentinarra Bahia Blancako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlea da 2007az geroztik. Union Vasca Euskal Etxean hasi zen euskara ikasten eta, matematikaria izanik, 'hizkuntzaren logika eta egitura garbia' maite ditu. Berak zuzentzen dituen euskara klaseetan, arlo praktikoa eta dibertsioa dira nagusi: ikasleek jokoak, antzezlanak, grabazioak, bromazko Teleberriak eta pintxo salmenta-dastaketak egiten dituzte. Helburua: ikasleek klasetik at euskara erabiltzea.
Gehiago irakurri...
2011/05/25

FEVAk euskal etxeei luzatzen dien kultur eskaintzaren barne dago 'Picasso: Guernica-ren egilearen bizitza eta lana' hitzaldia eta programa honen bidez heldu zen Elena Itcea Arrecifesera. Komunitate osoari zuzenduta zegoen ekintza hau oso arrakastatsua suertatu zen eta euskal etxeko kideak ez ezik, herriko zenbait margolari, institutu batzuetako ikasleak, eta hedabideak ere bertaratu ziren Euskaldunak Denak Bat-eko egoitzara euskal herritarrentzat hain garrantzitsua den obraren eta artistaren bizitzan murgiltzera. Hitzaldia bukatuta, hizlariak eta etxeko kideek afaria konpartitu zuten.
Gehiago irakurri...
2011/05/25

"Il nemico a bordo" izenburuarekin argitaratu du Tranchida etxeak Edorta Jimenez idazlearen "Sukar ustelaren urtea" nobela (Txalaparta, 2004). Argitaletxe honek Jimenezen beste bi eleberri itzuli ditu italierara: "Azken fusila" eta "Baleen berbaroa". Liburuak XVI. mendean Espainiako Armada Garaitezinean maiteminetik ihesi erroldatzen den Sebastianen istorioa kontatzen du.
Gehiago irakurri...
2011/05/24

Kolonbiako euskal kolektibitateko kide den berrogeita hamar pertsonatik gorako talde batek agiria plazaratu du bere sostengua dieraziz duela ia bi urtedanik Jaurlaritzaren Kolonbiako ordezkari den Iñaki Martinezi, bere kontra, eta bera 'persona non grata' aitortuz, Euskal Etxetik eta Emprebask-Kolonbiatik Jose Vicente Katarainek, Rodrigo Arizabaletak eta Julio Mendozak jaurtikitako salaketei aurre eginez. Sinatzaileek gogor salatu dute Euskal Etxearen egungo Zuzendaritza eta Emprebask ez direla Kolonbian bizi den euskal koloniaren izenean mintzatzen: "Euren buruaren ordezkari baino ez dira, eta euren burua baino ez dute ordezkari, eurak eta euren interes ekonomiko partikularrak".
Gehiago irakurri...
2011/05/24

Liburuaren Munduko Hiriburua izendatua, Argentinako hiriburua ekitaldi berezien agertoki bihurtu da azken bolada honetan. Tartean bertako artista plastikoa den Marta Minujin-ek egindako 'Buenos Aireseko liburu Babel Dorrea' artelanaren inaugurazioa. Hogeita bat egunez luzatuko den erakusketan, euskaldunek leku berezia izan dute. Alde batetik, euskarazko 1041 liburu erabili ditu Minujin-ek bere egitura erraldoia egiteko; bestetik, Dorrearen ondoan dagoen standean, Euskadiko irudiak iragarri eta Juan de Garay Fundazioko lau liburu aurkeztu dira joan den maiatzaren 18an.
Gehiago irakurri...
2011/05/24

Poloniako Adama Mickiewicza unibertsitateak Euskal Astea ospatu zuen iragan maiatzaren 11tik 13ra bitartean eta egitasmoak harrera bikaina izan zuen, bertan euskara irakurle den Amaia Donesek EuskalKultura.com aitortu dionez. Unibertsitate honetan hizkuntzalaritza ikasleek euskara espezializazio hizkuntza gisa aukera dezakete eta bost urteko ikasketak bukatzen dituztenean maila oso ona izan ohi dute. Ikasleak izan ziren asteko protagonista, euskaraz egin zituzten hitzaldi eta ipuin irakurraldiei esker. Amaiarekin hitzegin dugu euskal asteaz eta Polonian euskara irakasteaz: "Plazer izugarria da".
Gehiago irakurri...
2011/05/24

Antzerkiak tarte berezia izango du ekainean Bartzelonako Euskal Etxean, hilaren 3etik 17ra egingo den arte eszenikoei buruzko zikloari esker. Bigarren urtez antolatu du elkarteak ziklo hau, antzerki munduan jarduten duten bazkideen laguntzarekin, eta emanaldietan euskara, katalana eta gazteleraz gain, zeinu hizkuntza ere erabiliko da. "Bazkide batzuk zeinu hizkuntza badakite eta erabiltzen dutenekiko sentsibilidadea erakusteaz gain, publiko berri batengana heltzeko bidea dela uste dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Gehiago irakurri...
2011/05/23

Gazteei zuzendutako bi ekintza gauzatu dira maiatz honetan Buenos Aires probintzia argentinarreko Tandil hirian. Batetik FEVA federazioak urteko bere lehenengo Dantza Tailerra eskaini zien Argentinako euskal etxeetako dantzariei. Beste alde batetik, Gure Etxea euskal etxeak, Dantzari Topaketa gauzatu zuen. Bi erakunde hauen eskutik, Arrecifes, Bahia Blanca, Chascomus, Cnel. Pringles, Buenos Aires -- Eusko Kultur Etxea--, Gral. Rodriguez, Las Flores, Lomas de Zamora, Maipu, Mar del Plata, Necochea, Saladillo, Trenque Lauquen, La Plata, Ayacucho eta Tandil bertako neska eta mutilek dantza eta musikaz betetako asteburua partekatu zuten.
Gehiago irakurri...
2011/05/23

Ostegun honetan Parisen ikusgai izango da "Debekatuta dago oroitzea" dokumentala, frankismo garaian Saturrarango (Gipuzkoa)kartzelan preso egon ziren emakumeen testigantza hunkigarria. Nanteseko Zinemaldian Dokumental Onenari saria jaso zuen lan honek urte hauetan guztietan isilpean mantendu den istorioa dakar argitara: emakume hauek kartzelan jasan zutenaren testigantza, eta ondoren euren esperientziaz ezin hitz egitearen sufrikarioa. Luzemetraiaren zuzendariak, Txaber Larreategi eta Josu Martinez, emanaldian izango dira, filma aurkezteko eta ikusleekin solasteko.
Gehiago irakurri...
2011/05/23

Futbol zaletasunak lagunen arteko hika-mikak sortzen ditu sarri, baina jendea biltzeko aitzaki ezin hobea da beste hainbatetan. Horrelaxe gertatu da Kuban: duela bi urte sortu zen AthletiKuba taldeak bazkide asko bildu ditu (tartean realzaleak ere) eta egun irlako euskal talde aktiboenetakoa da. Kirolaz gaindi kultur ekimen ugari ere sustatu ditu taldeak, eta bigarren urteurrena betetzen duten honetan, ibilbidearen balioespen baikorra egin dute. Josemi Arrugaetak urteurreneko bilkuraren kronika bidali digu Habanatik.
Gehiago irakurri...