euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herritar Unibertsala 2010 saria jaso zuen atzo Gasteizko Lehendakaritzan Edurne Pasabanek

2011/06/29

Edurne Pasaban atzo Euskal Herritar 2010 sariari dagozkion garaikurra eta diploma esketan, Euskadiko Kutxako Txomin Garcia presidentea eta Lopez lehendakaria alboan dituela Atzo gauzatu zen Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan, Euskal Herritar Unibertsala 2010 saria Edurne Pasaban mendizale tolosarrari emateko ekitaldia. Munduan 14 zortzimilako igotzen lehena izan den emakumeak, Lopez lehendakariaren eta Euskadiko Kutxako presidentearen eskutik jaso zituen garaikurra eta diploma, hauek azpimarratu zutelarik Pasabanen aurrera egiteko gaitasuna eta bere burua gainditzeko abildadea. Ekitaldian Lehendakariak zorionak eman zizkion Donostiari, atzo arratsaldean jakinarazi baitzen 2016ko Europako hiriburu kulturala izateko hautatua izan zela, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera.

Gehiago irakurri...


Kirmen Uribe: "Gauza exotiko batetik kalitatezko literatura egiten duen herria izaterako jauzia egin dugu"

2011/06/29

Kirmen Uribe idazle ondarroarra (argazkia kirmenuribe.com) Kolonbian izango da larunbat honetatik aurrera Kirmen Uribe idazle ondarroarra, Medellingo Nazioarteko Poesia Jaialdiak gonbidatuta. Larunbatetik eta datorren uztailaren 10a bitartean, nazioarteko olerkari mordoxka eta milaka entzule bilduko ditu Hegoamerikan eta mundu mailan garrantzitsuenen artean dagoen jaialdi honek. Uribek lau irakurraldi kolektibo eta beste bat bakarka egingo ditu Medellin eta Bogota artean. Nazioartean makina bat jaialditan izan da Uribe, baina aspaldion euskal literaturaren jauzia sumatu duela dio: gauza exotikoa izatetik kalitatezko literatura egiten duen herria izatera pasa omen gara.

Gehiago irakurri...


Caracaseko Eusko Etxea San Fermin eguneko jaia ari da prestatzen, Jazoera buletinaren ale berriak iragarri duenez

2011/06/28

Giro bikaina izan zen Eusko Etxean maiatzaren 28an egin zen Pintxo Lehiaketan (argazkia CaracasEE) Caracaseko Eusko Etxeak argitaratzen duen berri buletinaren azken aleak iragan asteetako ekitaldien berri dakar eta hurrengo hitzordu nagusia zein izango den ere iragartzen du, esan nahi baita San Fermin jaia, uztailaren 9an, larunbatarekin. Buletinaren hirugarren ale honek dakartzan berrien artean aipagarriak dira, besteak beste, joan den maiatzaren 28an egin zen Pintxo Lehiaketa arrakastatsua eta Amatxuen Eguneko urteroko ospakizuna.

Gehiago irakurri...


Aiko taldeak sarera igo ditu 'Bikaña' disko berriko dantzen partiturak eta bideoak

2011/06/28

Ekainaren 18an Durangon egin zen Dantzaldian, Aiko taldeko musikariak taulagainean (argazkia Aiko) Dantza suspertzea da Aiko taldearen helburua eta bide horretan zazpigarren diskoa kaleratu dute jada ekimen hau osatzen duten dantzariek eta musikariek. Dantzarako grina, tradizioa, dantza maisuen lana eta dantzarako apropos eginiko musika berreskuratu nahi dute Aiko taldeko lagunek, eta asmo horrekin ikastaroak eta dantzaldiak egiteaz gain, sarean jarri dituzte azken laneko emaitzak, mundu osoko dantzari eta musikariek balia ditzaten.

Gehiago irakurri...


Paul Zatica, auzo denda bat estatu mailako supermerkatu kate bihurtu zuen euskal etorkinen semea hil da

2011/06/28

Paul's Market supermerkatua Homedalen, Idaho Ameriketan euskaldun jaiotako hainbat Aitorren seme langile eta aurrerakoien adibide bat zen Paulino “Paul” Zatica. Jordan Valley-n jaio zen, Oregonen 'Euskaldunen herria' deitzen zuten horretan, aita Joe (Ispasterrekoa) eta ama Inaxiaren (Arteagakoa) seme. AEBetako Itsas Armadako beteranoa, Denverreko Unibertsitateko graduatua, Paul 2006ko Owyhee Konterriko Azoka eta Rodeo kabalkadan 'Grand Marshall' ohorezko buru izendatu zuten. Zaticak Homedalen ireki zuen bere lehengo denda 1955ean. Gaur, Idaho estatu osoan guztira zortzi denda dauzka kateak, bere semeetako bik, Stan eta Stevek, Homedalen dagoen bulego korporatibotik gidatuta.

Gehiago irakurri...


Dantza, afari, hitzaldi eta bisitak Pergaminoko Lagun Onak euskal etxearen 60. urtemugan

2011/06/28

Euskal etxearen 60. urtemugaren ospakizunak ekainaren 18an hasi dira dantzarien omenezko jai batekin (argazkia EE) Erakundearen 60. urtemuga dela eta ekitaldi bereziak antolatzen ari dira Lagun Onak euskal etxeko kideak. Batetik, 150 bat lagun bildu zituen jai bat burutu zen pasa den ekainaren 18an eta dantzari ohien omenean. Bestetik, amaitu berria den asteburuan, Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak Euskal Herriko kulturari buruzko hainbat gai garatu zituzten ostiral eta larunbatean luzatu zen ikastaroan. Herritar asko disfrutatu ahal izan dira euskal etxearen proposamenekin eta hala jarraitu ahal izango dute uztailaren 1ean, Elena Itcearen eskutik Pergaminora ailegatuko den Picassori buruzko hitzaldiarekin.

Gehiago irakurri...


Berlingo Euskal Etxeak Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari eta euskaltzale alemana omendu zuen

2011/06/27

Bernhard Hurch irakasle austriarrak Humboldt-ek egin zituen euskarari buruzko ikerketak izan zituen mintzagai omenaldian (argazkia BerlinEE) Euskal Herrira egin zuen bigarren bidaiaren 210. urteurrenean, Berlingo Euskal Etxeak omenaldia egin zion Wilhelm von Humboldt euskaltzale alemaniarrari, bere familiak Tegel herrian zuen gazteluan. Humboldtek euskarari buruz egin zuen ikerketa sakona berebiziko ekarpena izan zen euskal hizkuntzalaritzaren arloan, baina, nahiz eta Euskal Herrian nahikoa ezaguna den, Alemanian ez du halako entzuterik izan. Bernhard Hurch irakasle austriarrak iaz argitaratu zuen Humboldten euskal ikerketei buruzko liburukia. Hurchek hizkuntzalariaren lanari buruzko mintzaldia eman zuen omenaldian.

Gehiago irakurri...


2011ko NABO Udalekuaren bigarren txanda, 10-12 urtekoentzat, iragan asteburuan hasi da San Frantziskon

2011/06/27

Lehena bukatu, bigarrena hasi. Iragan igandean San Frantziskoko Euskal Etxean egindako 'final performance' edo 'azken emanaldia'rekin bukatu zen 2011ko NABO Udalekuaren lehenengo txanda, 13-15 urteko haurrena, eta hasiera eman zitzaion bigarrenari, 1-12 urtekoentzakoari, azken honi ere datorren larunbatean, hilaren 2an, beste 'azken emanaldi' batekin amaiera jarri arte. Lehenengoz antolatu dira aurten astebeteko bi txanda NABO Udaleku 70etako hamarkadan hasi zenetik, orain artean bi asteko txanda bakarra egin ondoren. Aldaketa, baliabideak mugatuak izanik Udalekun parte hartzeko eskaera gero eta gehiago hartu izana, eta guztiei baiezkoa eman nahi izatea, inor kanpoan utzi gabe.

Gehiago irakurri...


Amets Arzalluz eta Jokin Uranga bertsolariek puntua jarri zioten Londresko Bertso Lunch bazkariari

2011/06/27

Ikurrinaren azpian Jokin Uranga eta Amets Arzalluz Londresko Euskal Etxeak antolatu zuen Bertso Lunch saioan (argazkia LondonEE) Londresko Euskal Etxeak 'Bertso Lunch' izeneko jaia egin zuen ekainaren 18an eta Jokin Uranga eta Amets Arzalluz bertsolariak gonbidatu zituen bertako euskaldunen aurrean kantatzera. Bazkariaren aurretik triki-poteoa egin zuten Dalston auzoko pub-etan barrena, jendea biltzeko ekitaldira. Giroa aparta izan zen eta trikitixaren doinuek harridura piztu zuten gehiengo afro-karibearra duen barruti honetan. Bazkalostean, bertsotan luze eta zabal aritu ondoren, elkarteko lagunak dantzan aritu ziren eta gaueko ordu txikietaraino luzatu zuten besta.

Gehiago irakurri...


Magdalena Mignabururen eskutik, B. Aires probintziako Rauch-eko 'Gure Txokoa' EEa euskal arropaz jantzi da

2011/06/27

Joan den ekainaren 19an Gure Arropa erakusketa, Rauch-eko Gure Txokoa euskal etxean Pellegrini eta Pehuajo herrietan egon ondoren “Gure Arropa” erakusketa Rauch hirira heldu da joan den ekainaren 19an. Magdalena Mignaburu Berhok prestatutako bildumak Euskal Herriko zazpi probintzietako XVIII., XIX. eta XX. mendeetako 20 jantzi biltzen ditu, eta “Esaidazu nola janzten duzun eta esango dizut non zauden” esaldiari eutsiz, jantzien bidez murgiltzen du publikoa euskal kulturan. Jende anitz bertaratu zen herriko udaletxera erakusketa ikustera eta Mignaburuk eskaini zuen mintzaldiaz disfrutatzera.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia