euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Regis Lavie eta Rodolphe Bidart hazpandarrek irabazi zuten Alaskan XXXV. Munduko Mus Txapelketa

2012/10/10

Regis Lavie eta Rodolphe Bidart hazpandarrak izan ziren garaile Euskal Gizataldeen Munduko 35. Mus Txapelketan (argazkia Peio Jorajuria-EuskalKultura.com)  Frantziako ordezkari Regis Lavie eta Rodolphe Bidart muslariek irabazi zuten irailaren ondarrean jokatu zen Euskal Gizataldeen XXXV. Munduko Mus Txapelketa. Vancouverreko Zazpiak Bat Euskal Etxea izan zen aurtengo edizioaren antolatzailea eta txapelketa Vancouver-tik Alaskarako itsasbidaia egin zuen kruzero batean jokatu zen, irailaren 21etik 29ra. Argentina eta AEBko bikoteek eskuratu zituzten bigarren eta hirugarren postua, hurrenez hurren.

Gehiago irakurri...


Ehun lagundik gora bildu ziren igandean Arrosan 2012ko 'Amerikanuak Lunch' bazkarira

2012/10/09

Jean Luis Oçafrain, Gratien Oçafrain eta Michel Duhalde (argazkia Pedro J. Oiarzabal) Iragan igandean Amerikanoen urteroko bazkariaren edizio berri bat egin zen, oraingoan Nafarroa Beherako Arrosa herrian. Ehun lagundik gora bildu ziren bertara; batzuk AEBetan lan egin ostean Euskal Herrira itzuli diren euskaldunak, eta beste zenbait bisitan etorri ziren euskal-amerikarrak. Bertan izan zen ere Ainara Puerta Larrañaga historialaria eta berak idatzi du jarraian argitaratzen dugun kronika. Puerta euskal emigrazioa eta emigranteen itzulerari buruzko lana egiten ari da (e-Etorkinak), Deustuko Unibertsitateko Pedro J. Oiarzabal eta Nerea Mujika zuzendari [kronika EuskalKultura.com-ek euskaratua].

Gehiago irakurri...


Euskara Munduan programako koordinatzailea Brasil, Txile, Uruguai eta Argentinara bidaia egiten ari da

2012/10/09

Kinku Zinkunegi plaka oroigarriarekin eta Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko zuzendari eta euskara irakasleekin eta gazteen euskara taldeko Magdalena Alves, Thiago Parddal eta Igor Ramos ikasleekin (argazkia EuskoBrasildarEtxea) HABEko teknikari Kinku Zinkunegi Hegoameriketan da egunotan, zenbait herrialde latinamerikarretan ematen diren euskara eskolei jarraipena egiteko. HABEk, Euskara Munduan programaren bidez, hitzarmenak ditu Brasil, Txile, Uruguai eta Argentinako euskal etxeekin eta elkarte horietako irakasle eta zuzendariekin biltzen ari da egunotan Zinkunegi. Bidaiaren helburu nagusia, hala ere, Buenos Airesen egingo diren euskara egiaztatze-frogak kudeatzea da. Aurten lehen aldiz egin ahalko dira froga hauek Argentinan eta, arduradunen esanetan, euskara irakaskuntza programan aurrerapauso handia da hori. Iragan larunbatean, Sao Paulon, Eusko Brasildar Etxeko arduradunekin bildu zen HABEko teknikaria eta atzo Txileko Santiagoko Euzko Etxean izan zen. Gaur Txileko beste bi elkartekin bilduko da eta bihar eta etzi Uruguaien izango da. Ostiralean Argentinara helduko da, asteburuan Buenos Airesen egingo diren frogak koordinatzeko.

Gehiago irakurri...


2012ko ‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospatzen du’ euskal argentinar festa jendetsuko irudi berriak

2012/10/09

'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdiaren sintesia: dantzariak eta ikurrinaren koloreak eta Argentinako banderarenak bat eginez (argazkia BA celebra al País Vasco) Hamabost egun inguru falta dira Argentinako Euskal Aste Nazionala has dadin eta urtero bezala lagun ugari bilduko dira, aurten Rosariora, euren euskaltasuna ospatzeko. Jakina denez, Mendeurrena ospatzen du aurten Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak eta ospakizunen barrura ekarri dute bertakoek Argentinako euskaldunen urteko elkarretaratze handiena den hau. Baina Euskal Aste Nazionala euskaldunen jai nagusia bada ere, iaz Argentinako hiriburuan sortutako ‘Buenos Aires celebra al Pais Vasco’ delako jaialdiak askoren ninietan segitzen du baita ere. Buenos Aires Udalak antolatutako ekimen honek euskal gizataldeko ordezkariak ez ezik, milaka eta milaka buenosairestar ere batu zituen hiriko Mayo Etorbidera. Aurretik argitaratutako irudien osagarri ekarri ditugu hona argazki berriok, Argentinako euskal taupaden erakusgarri.

Gehiago irakurri...


Etxepareren Basque Cultural Exchange programak euskal zinemarekiko jakinmina piztu zuen New Yorken

2012/10/08

New Yorkeko CUNY unibertsitateko Bernardo Atxaga katedraren irakasle Josean Fernandez ikasleekin, Imanol Uribe zinegilearekin eta Etxepareko Mari Jose Olaziregi eta Aizpea Goenagarekin (argazkia Etxepare) Euskal kulturak, zinemak eta historiak aparteko lekua izan dute egunotan New Yorken, Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen "Basque Cultural Exchange-Fall 2012" programari esker. Hasteko, urriaren 1etik 5era Josean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak euskal zinemari buruzko ikastaroa eman zuen City University of New York-eko Bernardo Atxaga katedran. Horrez gain, Imanol Uribe zuzendariak bi luzemetraia aurkeztu zituen eta atzo zinea eta guda zibilari buruzko zikloa jarri zen abian. Ekitaldiek astean zehar jarraituko dute.

Gehiago irakurri...


Azken emaitza eta planak aipaturik kalean da Corpusko Eusko Etxearen Berripaperaren 56. zenbakia

2012/10/08

Berripaperaren azala, bere 56. zenbakian. Beste batzuetan argazkiduna plazaratzen bada ere, oraingoan testuduna izan da bakarrik. Mugimendu eta higidura, ekimen, kezka eta gauzapen handiko euskal etxea da Corpus Christiko Eusko Etxea, inguruan duen gizartearekin eta beharrean daudenekin solidario eta sentibera; bitarteko aldetik apaltasunez baina emeki hainbat ekimen xehe baina ekarkorrez ari dena, Buenos Airestik urrun eta natura eta oihanean kokatua den Misiones probintzian, Iguazuko urjauzietara datorren turismoa diru-sarrera nagusia duen Argentina iparraldeko probintzia xehe honetan. Berripapera, honela, euskaraz, du izena elkartearen buletinak, bertako euskaldunen engaimendu bikoitzak eragindako ekintzen berri ematen duena, euren euskal kultura eta jatorriarekin bezain konpromiso sendoa baitaukate bertako eusaldunek txertatuta dauden errealitatearekin eta bertako gizarte eta kultur arloko aurrerapenarekin. 56. zenbakira heldua da irailean Berripapera.

Gehiago irakurri...


Giro bikainarekin ospatu zen New Yorkeko Euzko Etxean 2013ko Mendeurrenerako Hastapen Gala

2012/10/08

Euzko Etxea elkarteko bazkide batzuk, Aitzol Azurtza eta Jose Antonio Alcayaga bi muturretan, Fundraising Galako giroaz gozatzen (argazkia Iñaki Bakedano) New Yorkeko Euzko Etxeak Mende bat beteko du datorren urtean eta buru-belarri dabiltza bazkideak 2013an zehar egingo diren ekitaldiak antolatzen. New Yorkeko elkartea AEBetako euskal etxe aitzindaria da, eta urte luzez Euskal Herritik herrialde honetara etorri ziren euskaldunentzat lehen harrera-leku eta laguntza-gunea izan zen. Mendeurrena merezi bezala ospatu nahi dute New Yorkeko euskaldunek eta hasiak dira jada ekitaldien antolakuntzan. Irailaren 22an Fundraising Gala egin zuten, 2013an zehar egingo diren ekitaldiak antolatzen laguntzeko dirua biltzeko, eta urtebeteren buruan egingo den Mendeurreneko Gala bitarteko ekitaldi programaren hasiera markatuz.

Gehiago irakurri...


Mendozako Denak Bat euskal etxea euskaldunen ordezkari hiriko Turismo Nazioarteko Eguneko jaian

2012/10/08

Mendozako Denak Bat euskal etxeko dantzariak Turismo Nazioarteko Eguneko jaialdian (argazkia EE) Herrien arteko harremanak sendotzen dituzten bi ardatz hartuz, Mendoza hiriko Udalak bertako kanpoko gizataldeak batu zituen Turismo Nazioarteko Eguna ospatze aldera. Festa iraileko azken asteburuan gauzatu zen eta milaka lagun bildu zituen hiru egunetan zehar. Euskal kolektibitatea ere izan zen jai honen protagonista eta Denak Bat euskal etxeak muntatutako standean Euskal Herriko zapore eta soinu tipikoak ezagutu ahal izan zituzten bisitariek. Turismoaren Nazioarteko Eguneko jaian izandako arrakastak bultzaturik, Denak Bat-ekoek Guaymallen herriko Gizataldeen Azokan ere hartu dute parte joan den asteburuan.

Gehiago irakurri...


Caracaseko Eusko Etxeko mendizale taldeak Paurario mendira txango ikusgarria egin zuen (argazkiak)

2012/10/05

Paurario mendia orain dela 80 urte sortu zen formazio geologico bitxi baten tontorrik garaiena da (argazkia CaracasEE) Ikusgarria, dagokion abentura eta arrisku puntu bizigarriarekin gainera, horrelakoa izan zen Caracaseko Eusko Etxeko mendi taldeak iragan irailaren 29an egin zuen txangoa. Bi mendi-gidarien laguntza izan zuten euskal-venezuelar mendizaleek igoeran. Jomuga, Paurario izeneko mendia zen: 1060 metroko altuera du, baina oso bertikala da. Igoeran bista zoragarriekin gozatu zuten mendizaleek, eta sustoren bat edo beste ere izan zuten, batez ere metalezko eskaileratan gora. Pedro Arriaga, elkarteko presidentea, bertan izan zen eta eguneko argazkiak eta kronika helarazi dizkigu, gure irakurleekin partekatzeko. Sarean argazki erreportai zabala argitaratu du.

Gehiago irakurri...


120 lagundik gora bilduko dira igandean Mar del Platan Arrachea Familiaren 3. Topaketan

2012/10/05

Iazko Arracheatarren bilkurako partehartzaileak (argazkia Arrachea sendia) Argentinako Mar del Plata herrian bilkura berezia egingo da igande honetan: Arrachea-Arrechea familiaren hirugarren topaketa. Baztandar jatorria du familiak, baina Argentinan errotu zen XIX. mendean, hara emigratu zuten bi anaiei esker. Harrezkero ondorengoak hainbat herrietara zabaldu dira: Gral. Madariaga, Balcarce, Maipu, Adolfo Gonzalez Chavez, Labarden, Pergamino, La Plata, Buenos Aires, Tandil, Guamini eta beste asko. Familia 2010ean bildu zen lehen aldiz, eta esperientzia hain izan zen aberasgarria aurten hirugarrengoz bilduko direla.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia