euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Shanghaiko EEak apirileko ekimenen berri eman du: Korrika Harresi Handian, zinea, Aberri Eguna eta Inauteriak

2009/04/03

Joan den asteburuan iritsi zen Txinara Korrika, Hong Kong-era hain zuzen. Datorren larunbat eta igandean Shanghain eta Beijing-en ibiliko da, azken honetan Harresi Handia hain zuzen (argazkia Txinako Euskal Etxea) Shanghaiko Euskal Etxeak Txinako euskal komunitateak apirilean egingo dituen ekimenen berri eman du bere buletinean. Lehendabizikoa Korrika 16ren etorrera izango da: larunba honetan Shanghaien eta igandean Harresi Handian ibiliko da euskararen aldeko lasterketa. Topagunearen Film Laburren Zirkuituko emanaldia apirilaren 11ra atzeratu da eta igandean, 12an, Aberri Eguna ospatuko dute Shanghaiko euskaldunek hiriko parke batean. Bukatzeko, apirilaren 25ean Inauterietako jaia egingo da. Gaia, 70. hamarkada.

Gehiago irakurri...


Korrika Mexiko DFko kaleetan zehar ibili zen lehen aldiz; Madrilen aurreko edizioko giro bikaina errepikatu zuen

2009/04/02

Mexikoko Euskal Etxeko gaztetxoek ere lagundu zuten Korrika 16ko lekukoa eramaten (argazkia Vascosmexico.com) Pixkanaka pixkanaka Diasporako euskaldunek Korrika 16 dela eta egin dituzten ekitaldien oihartzunak heltzen ari zaizkigu. Mexiko DF-n, adibidez, lasterketaren estreinaldia izan zen jaiak oroitzapen oso onak utzi ditu antolatzaile eta partehartzaileen artean. Lehen aldiz 'Korrika, korrika!' oihuak mexikar hiriburuan entzun ahal izan ziren. Madrilen Euskal Etxeak aurreko edizioan izan zuen arrakasta errepikatu zuen eta 'Madrilen ere Korrikaren alde' lelopean gazteak eta ez hain gazteak espainiar hiriburuko kaleetan barrena ibili ziren lasterka. Datozen egunetan Londres, Shanghai eta New York-en txanda helduko da.

Gehiago irakurri...


Argentina ezagutu eta bertako euskal gazteei euskal kultura erakutsi nahi? Hator Hona 2009 programan parte har ezazu!

2009/04/02

Hator Hona 2004ko gazteak Necocheako Euskal Etxean (argazkia Hator Hona) Hemen da 2009ko Hator Hona, Necocheako Euskal Etxeak antolatzen duen euskal eta euskal-argentinar gazteen arteko trukea. Edizio berri hau uztailaren 19tik abuztuaren 18a arte luzatuko da eta Necocheara bidaia egiten duten euskaldunek bertako gazteei euskara, dantza, pilota, gastronomia eta euskal kulturaren beste hainbat arlo erakutsiko dizkiete. Euskaldunek euren bidaia ordaindu beharko dute, baina behin Necochean Euskal Etxeko familiek hartuko dituzte. Programaren seigarren edizioa izango da aurtengoa eta izena emateko epea apirilaren 24ean itxiko da.

Gehiago irakurri...


Patri Urkizuk euskal antzerkiaren historia biltzen duen lana argitaratu du, XV. mendetik hasi eta gaur eguneraino

2009/04/01

Patri Urkizu idazlea Euskal antzerkiaren historia biltzen duen liburua argitaratu du Patri Urkizu (Lezo, 1946) idazle eta UNED-eko euskal literatura iraskasleak. Lan honen izenburua 'Teatro Vasco. Historia, reseñas y entrevistas, antologia bilingüe, catálogo e ilustraciones' da, UNED-eko argitaletxeak plazaratu du eta bertan ezagutzen ditugun lehendabiziko euskal antzezlanetatik hasi --Nafarroako erregin Katalina 1goaren ezkontzan, 1494an, antzeztu ziren kopla batzuk-- eta egundaino bidaia egiten du. 'Norberaren tradizioa ezagutu gabe ezinezkoa da abangoardia berrietara jauzi egitea', azaldu zuen egileak aurkezpenean. Liburu hau berritze bide horretan bere ekarpena omen da. Urkizu erbesteko euskal antzerkian ere aditua da.

Gehiago irakurri...


Boiseko Oinkari dantza taldeak 50. urteurrena ospatzeko taldetik pasa diren kide guztiak bildu nahi ditu

2009/04/01

Oinkariko aitzindariak: Toni Murelaga Achabal, Diana Urresti Sabala, Delphina Urresti (aurrean), Simon Achabal eta Al Erquiaga (atzean) (argazkia DarinOswald/IdahoStatesman) EuskalKultura.com-ek dagoeneko iragaria duenez, AEBetan, Oinkariko dantzariek urtebete luzeko ospakizunak prestatzen ari dira taldearen 50. urteurrena dela eta. Emanaldiak Boiseko San Ignazio jaiekin hasiko dira (abuztuaren 1a eta 2a) eta 2010eko abenduan egingo den ikuskizunarekin bukatuko. Tartean, 2010eko uztailean egingo den Jaialdin, mende erdi honetan taldetik igaro diren kide guztiak bilduko dira emanaldi erraldoia egiteko. Tartean izango dira taldea sortu zuten zazpi aitzindariak. Idaho Statesman egunkariak beraiekin hitz egin du taldearen historiaren berri galdeginez, jarraian laburtu eta euskaratu dugun artikuluan.

Gehiago irakurri...


Aita Martxel Tillous hil da

2009/03/31

Aita Martxel Tillous joan den irailean, Kaliforniako Chinon, NABO Biltzar eta Euskal Jaian (argazkia EuskalKultura.com) Gaur arratsaldean, 13:30ak irian hil da Euskal Herrian, Kanboko (Lapurdi) Ania-Enia ospitalean, aita Martxel Tillous, urtebetez minbiziarekin borrokan ibili ondoren. Xiberoko Eskiulan sortua, urte luzeak eman zituen Afrikako Bolikostan misionist eta Pariseko Euskal Etxeko omonier ere izan zen, lau urtez, Estatu Batuetako euskaldunen apez izendatu zuten arte. Estatu Batuetan ia 14 urte eman ditu, 1995etik hona. Bere aldeko elizkizunak ostiralean egingo dira Eskiula bere sorterrian, arratsaldeko 3etan, Baionako apezpikua eta andana bat apez meza-emaile. Goian Bego.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroko aurrekontua onartu du Etxepare Euskal Institutuarentzat

2009/03/31

Zuzendari finkoa izan gabe, baina Etxepare Institutuko Patronatoa iaz bildu zen lehenengo aldiz, Ibarretxe lehendakaria presidente Eusko Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan onartu du Etxepare Euskal Institutuak aurtengo jarduera finantziatzeko izango duen aurrekontua, 941.671 euro, erakundea abiatzeko. Joan den astean Institutuan arituko diren hamar langileen postuen soslaiak finkatu ondoren --eta hauek betetzeko deialdia gutxi barru deituko delakoan-- ia dena prest da gobernu berria sartutakoan erakundeko zuzendaria izenda dezan. 'Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute' euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko sortutako erakunde autonomoa da.

Gehiago irakurri...


Euskal Etxeentzako 2009ko laguntza deialdia argitaratuta; eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 5a arte

2009/03/31

Caraseko Euskal Etxea, Venezuelan Eusko Jaurlaritzak gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu du aurtengo euskal etxe eta atzerriko federazioei zuzenduriko laguntza deialdia. Laguntza hauek eskatu nahi dituzten euskal etxe eta elkarteek bihartik hasi eta maiatzaren 5a bitartean dute epea. Laguntza deialdi honetarako erabiliko den zuzkidura milioi bat bostehun eta hogeitasei mila zazpirehun eta bost eurotako da. Deialdiaren oinarriak eta eskabideak aurkezteko inprimakiak www.euskadi.net webgunean edo EHAAn eskuratu daitezke.

Gehiago irakurri...


Erbesteari buruzko X. Mintegiak Baroja, Orixe eta Agirreren bizitzak aztertuko ditu, besteak beste

2009/03/30

Aurreko edizio bateko kartela Hamaika Bidek eta Deustuko Unibertsitateak antolatzen duten Erbesteari buruzko X. Mintegia urriaren 5etik 8ra egingo da Bilbon eta Donostian. Mintegia zuzenduko duen batzorde zientifikoa aukeratu eta aurtengoan edizioan landuko dituzten gaiak aurreratu dituzte jada: erbesteratuen bizitza, beraiek idatziriko testu, gutun eta memorien bitartez. Pertsonai horietako batzuk honakoak izango dira: Orixe, Jose Antonio Agirre, Irujo, Manu de la Sota, Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia eta Aurora Arnaiz, besteak beste. Mintegiak Federico Álvarez filosofo eta literatur aditu euskal-mexikarrari omenaldia egingo dio.

Gehiago irakurri...


Fábio Aristimunhok euskal, galiziar, kataluniar eta espainiar poesia bilduma aurkeztuko du Sao Paulon

2009/03/30

Fábio Aristimunho Vargas idazlea Fábio Aristimunho idazle eta itzultzaile euskal-brasildarrak 'Poesias de Españha, das origens à guerra civil' izeneko bilduma aurkeztuko du ostiral honetan Sao Paulon. Aristimunho bildumaren editore eta itzultzailea izan da. Bildumak euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar poesia aztertzen ditu, lau ale desberdinetan. Aurkezpena Sao Pauloko Casa das Rosas aretoan egingo da eta guda zibilak poesia hauengan izan zuen eraginari buruzko mahainguru batekin hasiko da. Eztabaida honetan Aristimunho bera eta Estebe Ormazabal, euskara irakasle eta Brasilgo Euskal Etxeko kidea, ariko dira, besteak beste. Ondoren bildumako poesien irakurraldia egingo da bost hizkuntzatan: euskeraz, katalanez, galegoz eta gazteleraz, eta bakoitzaren portuges itzulpena.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia