2009/06/26

Arrakastaz bukatu da Resistencia hiri argentinarrean bertako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeak antzezpen teknikak hobetzeko antolatutako tailerra. Ikastaroa ematen, Villa Mercedesetik bertaratuak, Luis Palacio eta Verónica Castillo antzerki munduko profesionalak aritu dira. Bada denbora bat Chacoko Euskal Etxean antzerkia eta oholtza gaineko arteekin zerikusia daukaten ekimenak garatzen direla, tartean 'Aurrera Goaz' antzerki taldea bera. Ez da harritzekoa, beraz, tailerrak hogeita hamar partaide bildu izana.
Gehiago irakurri...
2009/06/25

Uztailaren 25etik abuztuaren 1era, eta Euskara Munduan proiektuaren barne, gauzatuko da Las Flores herrian, Buenos Aires probintzian, neguko euskara barnetegia. HABEk kudeatutako internet bidezko trebakuntza programan urtean zehar lanean aritu diren ikasleak berriro ere elkartuko dira, ikasitako guztia eta batez ere mintza-praktika lantzeko asmoarekin. 40 bat lagunek osatzen dute parte hartuko duen taldea, batzuk Argentina bertakoak, beste batzuk zenbait herrialdetatik etorriak: Brasil,Txile, Kolonbia, Peru, Uruguai eta Estatu Batuetatik, hain zuzen.
Gehiago irakurri...
2009/06/25

Argentinako Las Flores herriko Euskal Etxeko kideak, neguko euskara barnetegiaren antolakuntzan erabat murgilduta egonda ere, ez diote horregatik beste hainbat jardueratan parte hartzeari uko egiten. Prest egon ohi dira beti herriko komunitateak antolatutako kultura eta elkartasun ekitaldietara joateko, eta halaxe, joan den asteburuan, euskal dantzak ekarri zituzten 'Coralmen-te' ekitaldira, gainerako gizataldeetako jendeek ezagutu ahal izateko. Horrekin batera, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeko abesbatza gonbidatu zuten, euskal kantuen erakusgarri. 'Coralmen-te' Las Floreseko Dante Alighieri Eskola Elebidunak urtero antolatutako musika topaketa da.
Gehiago irakurri...
2009/06/25

Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Ordezkaritzako buruak Mexikoko zenbait unibertsitatetan euskara eta euskal kulturari buruzko ikastaroak burututako 65 ikasleren lana zoriondu du ekitaldi berezi batean. Euskal Ordezkaritzak eskerrak eman nahi izan dizkie kurtsoan zehar egin duten lanagatik baita euskal kulturarekiko erakutsitako interesagatik ere. Partaidetza diplomen banaketa, Unibertsitate Iberoamerikarra, UNAM, Monterreyko Unibertsitate Teknologikoa eta Mexiko Hiriburuko Teknologikoko agintariak bertan zirela egin da. Hurrengo ikasturteari begira, ikastaro berri bat iragarri da, Unibertsitate Iberoamerikarrean, jende helduari zuzendua.
Gehiago irakurri...
2009/06/25

Argentinako FEVA --Euskal Argentinar Bazkunen Alkartasuna, euskal izen historikoan, edo Euskal Argentinar Erakundeen Federazioa, egungoan-- erakundeak oharra plazaratu du bere bulegoan datozen asteetan izango diren gorabehera batzuk azalduz, izan ere bertako bi idazkariak, Miren Arozarena eta Gabriela Mendia ibiltari ibiliko dira Argentinatik kanpoko euskal ikastaro eta ekitaldietan parte hartzen, eta horrek federazioaren bulegoaren eguneroko martxan aldaketa batzuk ekarriko ditu, bertara bildu ohi diren euskal etxeetako jendeentzat eta publikoarentzat oro har.
Gehiago irakurri...
2009/06/25
Egun batzuk dira hil dela Santiagon, ehun urte zituela, Pedro Aretxabala Elustondo, Txilen bertan jaiotako euskalduna eta herrialde amerikar honek azken mendean bizi izan dituen euskal pasadizo eta gorabeheretako lekuko zein protagonista izan dena. Euskal Herrian sabindarra izateagatik jazarria izan zen aita baten seme, 16 urtetan Euskal Etxeko kide zen, lanbidez industriari okina, Euzko Gaztedija-ko kide, errefuxiatuen laguntzaile frankismopean, luzaz Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari Txilen... Txileko euskal historia biziduna izan da orain hiru aste pasexe hil zen arte. Lerro hauekin bera gogoratu nahi dugu. EuskalKultura.com-eko zuzendari den Joseba Etxarrik 'Txile eta euskaldunak' izeneko bere liburuan Aretxabala aipatzen duen kapitulua ekarri dugu hona.
Gehiago irakurri...
2009/06/24

Bigarren urtez New Yorkeko Eusko Etxeak txangoa antolatu du, Simon Berasaluzeren lana ikusteko. Iaz artista euskaldunaren beirateak ikusteko lehenengo txangoa egin zen New Jerseyra, bertako hainbat elizetara, eta aurtengoan pausoak Massachusetts-eraino helduko dira. Uztailaren 11ean izango da. Leominster hiriko Santa Zezilia eliza ikusi ahal izango da. Berriz ere, parte hartzaileek John Gomez izango dute gidari. Eusko Etxetik esan dutenez, kultur bira honetan parte hartu nahi dutenek, hobe dute lehen bait lehen Eusko Etxetik pasa eta izena ematea.
Gehiago irakurri...
2009/06/24

Ospatu berria du San Frantziskon (AEB), bertako 'Basque Cultural Center' delako euskal etxean, bere 60. ezkontz urtebetetzea Graziana eta Jean-Baptist Uhalde bikote ezterenzubiarrak. Aspaldi Estatu Batuetara etorririk, familia euskal-amerikar handia hazi dute, eta euskaldun atxiki. Familia osoaren bozkario, besta ederra egin dute familiakoak eta lagunak bildurik, atsegina eta maitasuna nabari zen giro arras abegikorrak lagundurik. Honen guztiaren lekuko izan zen Mattin Etchamendy ezterenzubiarra, hau ere euskaldun amerikanoa, eta honela kontatzen zigun joan den asteko Herria astekarian, ohiko baxenabartar euskaran.
Gehiago irakurri...
2009/06/24

Iparraldeko Euskal Etxeak Sorgin Afaria antolatu zuen joan den asteburuan, Buenos Airesen San Juan sua ospatzeko. Bateko eta besteko osagaiak bilduz, edabe magikoa bailitzen, akerra eta sorginak solstizioaren festara etorri zituen, umorea eta giro on eta koloretsua baldintza eta ezaugarri izan zituen hitzordu gautxorian. Ohi baino jende gehiago bertaratu ziren, antolatzaileen esaten. Euskal Etxea leizezulo edo harpe baten modura, oihal ilun, puxika beltz eta paperezko sagu zaharrekin mozorroturik, partaideak azti eta sorginak izan ziren gehienbat.
Gehiago irakurri...
2009/06/23

Emprebask-USA --Estatu Batuetako euskal jatorriko enpresari, exekutibo eta profesionalak bildu nahi dituen elkarteak-- bilera batera deitu du datorren ostegunerako Boisen, elkartekide izateko interesa izan dezaketen guztiei zabalik. Ekimen berriak, aurretik Txile eta Mexiko bezalako beste herrialde batzuetan egin den bezala, euskal jatorriko pertsona eta eragileak bildu eta harremanetan jarri nahi ditu, euren kezkak, ahaleginak, arazoak, soluzioak eta informazioa partekatzeko, ekonomia alorreko AEBetako euskal sare bat sortuz. Boiseko bilera datorren ostegunean, ekainaren 25ean, izango da, arratsaldeko zazpietan Euskal Etxean, eta aurretik Miamin, San Frantziskon eta Salt Laken eginikoen ondotik dator.
Gehiago irakurri...