2010/04/16

'200 urtetako istorioak liburuekin ospatu' da aurtengo Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren leloa. Izenburu honek 1810ean Argentinan gertatutako iraultza eta honek sortarazi zituen historia eta istorioei egiten die erreferentzia. Azken hiru urteotan legez, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak elkarrekin ipiniko dute standa, eta bertan ere historia oroituko da, Euskal Herrikoa baina. Bi erakundeen azokarako egitarauan leku berezia izango du Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren omenaldiak eta, beraz, apirilaren 25 eta 26an dantza eta musika erskutsiko dira standean bertan. Horretaz gain, “Garay, primer urbanista y Don Juan y Don Pedro” eta “Humor Vasco” liburuak aurkeztuko dira eta euskarari zein euskal kulturari buruzko hainbat material ikusgai eta salgai egongo da. Azokak aurtengoan apirilaren 22tik maiatzaren 10era bitartean irekiko dizkie ateak bisitariei. Euskal standaren zenbakia 2418/20, azokako aretoaren pabilioi horian.
Gehiago irakurri...
2010/04/16

Laminiturri du izena Logroñon, bertako biztanleek euskara eta euskal kultura eta, zehatzago, eskualde honek aberatsa duen iragan euskalduna hobekiago ezagutu eta hurbilago senti dezaten lan egiten duen kultur elkarteak. Izan ere, helburu horretan urrats berri bat emanez, euskal etxetzat onartua dagoen Laminiturrik hitzaldi sorta antolatu du datorren asterako, astelehenean bertan hasita, 'Euskara Errioxan' izenburupean, zenbait aditu lagun.
Gehiago irakurri...
2010/04/16

Uruguaiko Rio de la Platako kostaldean dagoen Juan L. Lacaze herriko Euskal Etxeak agintariak berritu ditu, Alfredo Bonjour Ansoleaga berrautatuz lehendakari gisa. Berarekin batera Zuzendaritza Batzordeko kide izateko hautatu dira Milton Chauvie, lehendakariorde; Leúl Aguirre, idazkari; eta Eduardo Silva, diruzain, besteak beste, bi urteko agintaldiaz. Elkarteak iragarri duenez, hemendik gutxira euskal pilota txapelketa bat bideratuko da herrian, La Granja Klubean hain zuzen.
Gehiago irakurri...
2010/04/16

Buenos Aires probintzia hego-mendebaldeko Coronel Dorrego herriko 'Denak Elkarrekin' Euskal Etxeak, elkarteko araudiak dioenari jarraiki, Zuzendaritza Batzordea berritu du, Maximo Corcuera hautatuz erakundeko lehendakari berri. Dagoeneko hasia duen egintealdian lagun dauzka Zuzendaritza Batzordean Juana Isabel Errazquin, lehendakariorde gisa; Ana María Claverie, idazkari; eta Graciela Larreguy, diruzain, beste zenbait kideren artean.
Gehiago irakurri...
2010/04/15

Askoz gehiago izango ziren, baina azken orduotan, Diasporan jaiotako hiru haur hauen berri heldu zaigu: Leire txikia, Graciana Goicoechandia eta Alejandroren lehenengo alaba, Las Flores-en jaio zen, Buenos Aires probintzian, 3.820 gramoko pisua zuela; bere aldetik, Lara Irina, Federico Borrás eta Maria Fernandaren bigarren alaba Paranán jaio zen, Entre Ríos probintzian, 3.275 gramo pisatzen zituela; eta joan den asteartean bertan, Mexiko Hiriburuan, Begoña ttipia munduratzen zen, Goyo Blasco Jr. eta May-ren alaba, 3.640 gramorekin. Hiru neskatoei, euren ama eta aitei, eta oro har familia eta lagunei, zorionik beroenak.
Gehiago irakurri...
2010/04/15

Apirilaren 4an gauzatu ziren Euskal Herrian Aberri Eguneko ospakizunak. Argentinako erakunde askotan Euskal Herrian ospatu zen egun berean edo bezperan egin ziren ekitaldiak. Beste batzuek, berriz, eta jadanik finkarua den ohiturari jarraituz, ospakizuna astebete atzeratu nahiago izan dute Aste Santuan instituzioetako kide asko kanpora joaten baitira oporraldi laburraz disfrutatzera. Mota askotako ekintzak prestatu zituzten euskal etxeek egun honen esanahia jakinarazi eta aldarrikatzeko baina guztiek antzeko mezuak eman zizkioten komunitateari: Euskal Herriaren alde lan egiten jarraitu behar dela. Aberri Eguneko ospakizunen informazio itoginarekin segituz, gaur Pehuajoko Etxe Alai, Mar del Platako Denak Bat, Chivilcoyko Beti Aurrera eta Olavarriako Gure Etxe Maitia-ren ospakizunen berri.
Gehiago irakurri...
2010/04/15

Eusko Jaurlaritzaren Argentinako ordezkariak, Elvira Kortajarenak, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxearen egoitza bisitatu zuen joan den ostiral eguerdian, bertako lehendakari Jose Martin Azarlozarekin eta Zuzendaritza Batzordeko kideekin bilduz. Euskal Etxea ezagutzeaz gainera, Euskadiko ordezkariak turismo aurkezpen batean parte hartzea zekarren baita ere agendan, eta hala hartu zuen parte arratsaldean hiriko hotel batean ehun bat turismo arloko eragile eta langileen aurrean Euskadik eskaintzen dituen eskaintza turistikoez mintzatu eta herrialdea ezagutzeko gonbitea luzatu zienean, Espainiako Enbaxadak antolatutako ekitaldi batean.
Gehiago irakurri...
2010/04/14

Eusko Jaurlaritzak ofizialki onartu zuen, atzoko gobernu bileran, euskal etxe berri gisa eta, beraz, euskal etxeen erregistro ofizialera baitaratu zuen Kolonbiako Medellingo "Fundación Casa Vasca de Antioquia Euskoetxea Luis Miguel de Zulategi y Huarte" ('Luis Migel Zulategi Huarte' Euskoetxea, Antioquiako Euskal Etxea Fundazioa), Bogotákoaren ondotik bigarren euskal elkarte ofizialki onartua Kolonbian. Deitura honekin 2009an hasia, euskal ekimen antolatuak bost urte baino gehiago dituzte Medellinen, gehienbat Antioquia Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa izena hartu zuen taldearen inguruan. Erabaki honekin batera, Jaurlaritzak Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionaleko (UNLP), Txileko Unibertsitateko (UC) eta Txileko Aitasantu Unibertsitateekin (PUC) zeuzkan hitzarmenak berritzea onartu zuen atzo.
Gehiago irakurri...
2010/04/14

XIX. mende bukaeran gaude eta Argentinara etorritako immigranteak ohartuak dira herrialdearen aurrerapena lurraren emaitzei lotua dagoela; ondorioz, ezinbestekoak dira nekazaritza eta abeltzaintza arloko formakuntza, eta gai hauek irakasten dituzten hainbat eskola sortzen joango dira Panpan zehar. Mar Chiquita partiduan lan horri eutsi ziona Manuel Jose Ezeyza gizon ekimentsua izan zen. Manuelek, bere aitaren xedeari jarraituz, Mar Chiquita partiduko Nekazaritza eta Abeltzaintza Eskola fundatu zuen, bertako Victoria Aguirre andrearen laguntzarekin. Ehun urte joan dira geroztik eta Argentinako eta baita kanpoko ikasleak ere jaso ditu tarte honetan Nicanor Ezeyza Eskolak, ezaguna baita urterik urte kalitate handiko hezkuntza eskaintzen diola bere ikasleriari. Sortu zutenen ametsa bete dela esan daiteke. EuskalKultura.com-ek artikulu honetara ekarri nahi izan du istorioa.
Gehiago irakurri...
2010/04/14

Claudio Esnal eta bere buruzagi taldeko gehienak baieztatuak izan dira euren lekuetan Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak besteak beste elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritzeko eta iazko ekitaldiaren emaitzak aztertzeko egindako Ohiko Biltzar Nagusian. Aldaketa txiki batzuekin, aurreko Zuzendaritzak segitzen du elkartea kudeatzen, aurkeztu eta onetsitako hautagaien artean baitaude lehen eta orain buruzagi segitzen duten Enrique Otaño lehendakariordea; Nélida Apesteguía, idazkaria; Delia de Ustaran, agiri idazkaria; eta José Luis Filippini diruzainak. Elkarteak, bestalde, jakitera eman du abian direla dagoeneko, urte batzuen buruan Gaztedi Zutik-eko kide bilakatuko diren txikienen dantza eskolak, María Eugenia Iribarren, Imanol Salazar eta Micaela Bereciartua zuzendari.
Gehiago irakurri...