2010/05/14

Argentinako Patagonian, Chubut probintzian, buruzagitza berritu du --araudiak markatzen duenari jarraiki-- bertako hiri populatuena den Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak. Berez 'Elkar Sorosteko Euskal Echea Euskal Elkartea' (Asociación Vasca Euskal Echea de Socorros Mutuos) izena duen erakundeak konfidantza berritu dio urte luzetan bertako euskal komunitateko buruzagi den Antonio Baztan-i. Bera buzu zeukan hautagaitzak egin du aurrera, aurkako botorik gabe. Lankide izango ditu Zuzendaritza Batzordean, besteak beste: Matías Oyuela, lehendakariorde; Eloy Galarza, idazkari; José Gutiérrez, idazkariorde; Daniel San Sebastián, diruzain; eta Gloria Iparraguirre, diruzainorde.
Gehiago irakurri...
2010/05/13

Cordoba Probintziako Gobernuak, Argentinan, Cuarto ibaiaren ondoan kokatzen den eremu eder ikusgarri bat emango dio Rio Cuarto herriko Gure Ametza (sic) Euskal Etxeari, bertan 'Euskal Herria Plaza' eraik dezan eta naturarekin, euskal kulturarekin eta animazio eta orohar kultur ekintzekin zerikusia daukaten ekimenen gune bilaka dezan. 50 urterako den emaitza eta tratua "naturari lotutako ikuspuntu hezitzailea dauka oinarrian, helburua euskal kulturgune eta euskal kultura zabaltzeko gune bat" sortzea baita, Euskal Etxeak kudeatu eta animatua. Proiektua aurkeztu eta abiarazi duen EEko kide Eduardo Aguirrek adierazi duenez, lekuak euskararen oihartzun eta euskal kirol tradizionalen gauzaleku nahi du izan, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2010/05/13

Herri gazteak direla Ameriketakoak, esaten dute Europatik amerikar nazio modernoetako eraikuntzak, gizarteak eta historiak aipatzerakoan. Gazteak bai, baina harro ezagutuak izan daitezen merezi duten istorioz beteak. Bertako independentziak lortzearren borrokatu zirenen istorioak, bertako jatorrizko komunitateen eskubideak defendatzearren jardun zutenen istorioak. Bestelako herrialde mota bat sortu nahi zutenen istorioak, eta azkenean gerrak irabazi zituztenek idatzitakoak. Buenos Airesko Euskaltzaleak erakundeak euskara irakastea du helburu, baina Argentinaren Bigarren Mendeurrenean, ez dio bere herrialdearen historiari bizkarra ematen. Herrialde osoan egiten ari diren ospakizunekin bat eginez, eta ohi bezala bere joera abertzaleari jarraituz, datorren larunbatean, Maiatzaren 15ean, Eduardo Torry “Euskal identitatea Argentinan, lehenengo mendeurrenetik bigarrenera” gaiaz solastuko da Mexiko kaleko egoitzan. Ondoren, omenalditxo bat eskainiko zaio Pello Mari Otaño bertsolari euskal-argentinar handiari. 18an, berriz, Euskaltzaleak-eko irakasle eta ikasleek Juan Miguel Gutiérrez zinegilearen bisita jasoko dute. Maiatzaren 29an, azkenik, Carlos Aznarez kazetaria Hego Amerikako independentziei buruz mintzatuko da.
Gehiago irakurri...
2010/05/13

Buenos Aires probintzia argentinarrean, Rauch-ko 'Gure Txokoa' Euskal Etxeak Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuen joan den apirilaren 28an eta, besteak beste, Zuzendaritza Batzordea barritzeari ekin zion, agintealdi berri honetan euskal etxea gobernatuko duen taldeko buru Silvia Conte de Salsamendi lehendari hautatuz. Berarekin batera arituko dira Pablo Otegui, lehendakariorde; Emma Socobehere, idazkari; José Luis Ochoa, idazkariorde; Teresita Poffer, diruzain; y Aidé Otegui, diruzainorde. Proposatutako ekimenen artean azpimarratzekoa da Euskal Dantza eskolak hasiko direla, Macarena Carregado irakaslearen eskutik.
Gehiago irakurri...
2010/05/12

Euskal Autonomia Erkidegoak bi arte-erakusketa, gastronomia-erakusketa bat eta Picassoren "Gernika" lanaren erreprodukzio erraldoi bat ekarri ditu Fox Fundazioak Mexikon zabaldu duen ekimenera. Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendari Julián Celayak dio "aukera paregabea" dela hau Euskadiren irudia Mexikon zabaltzeko eta mexikarrak Euskadi bisitatzera anima daitezen. Nazioareko jaialdiak datorren igandera arte, maiatzak 16, izango ditu zabalik ateak Guanajuaton.
Gehiago irakurri...
2010/05/12

Argentinako Iraultzaren Bigarren Mendeurrena dela eta, Chivilkoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak ateak ireki zizkion Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionalak prestatutako erakusketari. Joan den astean, maiatzaren 6tik 8ra bitarteko hiru egunetan, zortziehun bat ikasle eta mila eta berrehun herritar inguru bertaratu ziren euskal egoitzara, Argentinaren historian hain garrantzitsua izan den immigrazioaren prozesuan modu berri eta erakargarri batez murgiltzeko asmotan. Herrialdeko beste euskal etxe batzuetan ere ikusgai egon den erakusketa honek Chivilcoy-n ere espero zitekeen arrakasta lortu du eta ekimenari amaiera emateko, joan den larunbatean eginiko amaiera ekitaldian Euskal Etxeko dantzariek beren dantzak erakutsi zituzten eta herriko alkate Anibal Pitellik hitz batzuk zuzendu zizkion bertara bildutako jendeari.
Gehiago irakurri...
2010/05/12

Joan den ostiralean, maiatzaren 7an, eta bere Araudiak ezarritakoari segituz, elkarteko Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuen Buenos Aires probintzia argentinarreko Necochea herrian bertako Euzko Etxea erakundeak. Bilerako gaietako bat Zuzendaritza Batzordea berritzea zenez, zegokion hauteskundea egin ondoren karguak berritu eta berretsi ziren, lehendakari lanetarako konfidantza Felipe Muguerzarengan ipini zelarik urtebeteko agintaldi berri baterako. Berarekin batera arituko dira Jose Antonio Alustiza, lehendakariorde; Ricardo Esnaola, idazkari; Mirta Garrido, idazkariorde; Horacio Yacomini, diruzain; eta JoséeLuis Picardi, diruzainorde.
Gehiago irakurri...
2010/05/11

Hogei urte bete ditu aurten irratsaioak. 1990ean eta Raul Alcain-ek bultzatuta jaio zen Parana hirian Presencia Vasca. Euskal Herriko kultura eta berriak hedatzeko asmoz sortutako saio honek garaiari zegozkion mugak zeuzkan: Euskadiko egunkariak oso berandu argentinaratzen ziren eta transmisioak seinalea harrapa zezaketenek baizik ez zuten entzuten. Denborarekin, Alcain-en biloba Federico Borras Alcain-ek programaren ardura hartu zuen eta gizartea modernizatu ahala irratsaioak hurbiletik segitu zion. Zuzendari eta esatari, Borrasek Euskal Herriko zein Diasporako hamaika pertsona ospetsu elkarrizketatu ditu, Argentinan nahiz Euskadin. Dituen hogei urteekin, saioa ibilbide luzeenetako bat da euskal Diasporan.
Gehiago irakurri...
2010/05/11

Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburu den La Platako Euzko Etxean Javier Clúak segituko du elkarteko lehendakari joan den apirilaren 25ean eginiko Urteko Ohiko Batzarraren ostean. Berarekin batera arituko dira Zuzendaritza Batzordean Jorge Batiz, lehendakariorde; Maria Fernanda Astigarraga, idazkari; Iñaki Azcarate, idazkariorde; Patricia Pulido, diruzain; eta Sergio Ochotorena, diruzainorde, besteak beste. Bestalde, batzarkideek aho batez onetsi zuten Adolfo Pérez Esquivel elkarteko ohorezko bazkide izendatzea proposatzen zuen ekimena.
Gehiago irakurri...
2010/05/10

Iaz lortutako arrakastaren ondotik euskal etxe erromatarra berriro ere animatu da eta heldu den ostegunetik hasita, ostegunero eta ekainaren 17ra arte euskal dantza herrikoiak irakatsiko ditu, Erromako Unibertsitate batean ikasle ari den Maite Olaetxea dantzari etxalartarraren eskutik, Italia eta Munduko Dantza Tradizionalen 'Circolo Gianni Bosio' Eskolan. Ikastaroaren amaieran, duela urtebete egin bezala, Trikipoteo batera deituko du Associazione Euskarak, bost saiotan zehar ikasitakoa festa giroz eta elkarte osoa partaide gauzatutako ekitaldi batez amai dadin.
Gehiago irakurri...