euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Athleticen zoramena” azaltzera munduko txapelketara bildu da Mariann Váczi hungariarra

2010/06/24

Athleticeko zaletuak. Argazkia blogfutbolero.com Mariann Váczi antropologo hungariarra munduko txapelketara bildu da “Athleticen fenomenoa” azaltzera, Hego Afrikako East Londonen antolatu duten soziologia eta kirolari buruzko batzar batera. Bere curriculumean, euskara Iparraldeko hezkuntza sisteman gaiari buruzko landa-lan bat egin duela nabarmendu daiteke, besteak beste.

Gehiago irakurri...


La Platako Euzko Etxeak 'Lagun Artean' elkarte txokoa inauguratu du ekain hasieran arrakasta handiz

2010/06/23

La Platako Euzko Etxea-ko 'Lagun Artean' Elkartearen sarrera (argazkia EE) La Platako 14 eta 58 kaleetan dagoen Euzko Etxearen egoitzak topaketak egiteko toki berri bat du ekainaren hasieratik. 'Lagun Artean' txoko edo elkarteak 90 metro koadro ditu, polikiroldegiaren gainean eraiki da, eta erakundeko kideek topaketak eta elkarretaratzeak antola ditzaten dago pentsatuta. Lekuaren inaugurazioa pasa den ekainaren 4ean gauzatu zen, eta euskal etxeko lehendakariaren esker oneko hitzen ondoren, lagunen arteko afaria --Argentinan hain tipikoa den asadoa-- partekatu zuten erakundeko lagunek. “Espero genuen bezala, hurrengo egunetan anitz bazkidek izan zuten elkartea erabiltzeko gogoa eta aukera”, aipatu dute euskal etxeko arduradunek. “Hor bertan egin zen Mus Txapelketaren azken bazkaria eta jadanik euskal etxeko andreek, pilotariek, dantzariek eta Athletic-en Laguntaldeak eskatu dute beren txanda elkarte berrian biltzeko”.

Gehiago irakurri...


Maritxu Abaitua Madrilgo Euskal Etxeko bazkide fundatzaileak elkartearen Urrezko Entseina jaso du

2010/06/23

Maritxu Abaitua Churruca (argazkia Euskaletxea-Madrid.com) Madrilgo Euskal Etxearen bazkide fundatzaileetakoa da Maritxu Abaitua Churruca, pertsona aktiboa oso eta lan handia egin duena hiriburu espainiarreko euskal elkartearen alde. Ekainaren 16an Euskal Etxearen Urrezko Entseina jaso zuen Maritxuk Jon Zaballa elkarteko lehendakariaren eskutik, Euskal Etxean bertan egindako ekitaldi xume eta hunkigarri batean. Aukera baliatuta, Julio Elejalde Euskal Etxeko idazkariak denbora hartu zuen omenduarekin bildu eta elkarrizketa interesgarri bat egiteko. Datozen lerroetan horrekiko sarbidea eskaintzen dugu, ezagutzea ondo merezi duen pertsona baita Maritxu Abaitua.

Gehiago irakurri...


Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarlanerako lankidetza-hitzarmena sinatu dute

2010/06/23

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak izenpetu dute bi erakundeen arteko elkarlana indartzeko asmoz egindako hitzarmena. Ikerketen arloari bultzada ematea du xede akordio berriak eta bi erakundeen arteko lankidetzaren bitartez euskarazko argitalpen gehiago lortu eta ikerketa euskaraz sustatzea bilatzen dute. Aldi berean, bi urtean behin Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena saria deitzea ere adostu dute.

Gehiago irakurri...


Bigarren Mendeurrenaren baitan, Argentinako siriar-libanoar eta euskal komunitateen erakusketa B. Blancan

2010/06/22

Argentinako siriar-libanoar eta euskal komunitateetako dantzariak Lan handia darama Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak gizataldeen arteko ekitaldiak antolatzen. Kolektibitateen Liburutegien Topaketaren bultzatzaileetako bat izateaz gain, iazko irailean hamazazpi kolektibitateren ordezkariak jaso zituen Gizataldeen Liburutegien I. Erakusketan. Orain, eta Maiatzeko Iraultzaren ospakizunen testuinguruan, siriar-libanoar eta euskal komunitateen topaketa eratu dute Union Vasca-ko kideek. Ekainaren 5ean, bi kultura hauen mota askotako adierazpenak ikusi ahal izan dira euskal etxearen egoitzan, tartean dantzak, musika, dokumentalak eta gastronomia. 'Garrantzi handiko ekimena izan da', azaldu dio Nerea Grassi Union Vasca-ko Joxe M. de Barandiaran Liburutegiaren arduradunak EuskalKultura.com-i. 'Kolektibitate bietako ordezkariok anitz gauza ikasi ditugu elkarretaratzean'.

Gehiago irakurri...


Bilera egin du Jaurlaritzak Bruselako euskaldunekin, Belgikan euskal etxe bat sortzeko aukera aurkeztuz

2010/06/22

Badirudi pausoak ari direla ematen hiriburu europarrak berriz ere euskal etxea izan dezan Eusko Jaurlaritzak bilera egin zuen atzo Bruselan, hiriburu belgikarrean eta herrialde europar horretan bizi diren euskaldunak deiturik. Euskadik Belgikan duen Ordezkaritzako buru Marta Marin eta Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya zuzendu zitzaizkien bildutakoei, azalduz, besteak beste, Jaurlaritzak euskal etxe baten sorrera ofizialki onartzeko eskatzen dituen betebeharrak eta zer nolako lege testuinguru eta sostenguak har ditzakeen Euskal Herritik kanpo euskaldunen biltoki eta euskal kultura zabaltzeko sortzen den euskal elkarte batek. Duela urte gutxi arte Bruselak euskal etxea izan badu ere, gaur egun ez dago euskal etxerik Europar Batasuneko hiriburu honetan.

Gehiago irakurri...


Bertsoen poesia eta metaforak film batera bildu nahi dituzte Txintxua Films ekoizetxekoek

2010/06/22

2009ko Bertso Txapelketako finalistak. Ez da aise azaltzea bertsolaritza ezagutzen ez duenari, are gehiago euskara mintzatzen ez duenari, zertan datzan eta zer daukaten bertsolaritzak eta bertsoek Euskal Herrian astero-astero hainbeste jenderen arreta erakartzeko, izan telebistaz, izan Euskal Herriko geografian barrena antolatzen diren emanaldi eta hitzorduetan. Seguruenik lagungarri izango da langintza horretan Asier Altuna bergararra errodatzen eta egiten ari den 'Bertsolari' filma. Besteak beste San Frantziskoko Euskal Etxean ere filmatu du. Orain arte lortu dituzten irudiak eta egin duten muntaia ikusgarriak dira. Emaitza horrek bultzatuta 'Bertsolari' filma finantziazio bila dabil orain eta proiektua zertan den ikusteko hamabi minutuko muntaia jarri dute interneten. Minutu batzuk badituzu, merezi du begiratua ematea.

Gehiago irakurri...


Guridiren 'Mirentxu' estreinatu da Bilbon, ekainaren 26ra arte ikusi ahal izango den bertsio eguneratuan

2010/06/21

'Mirentxu' obraren birmoldaketa honen protagonistak Arriagan egindako aurkezpenean (argazkia Oskar Martínez) Jesus Guridiren (Gasteiz 1886, Madril 1961) obrarik garrantzitsuenetakoa da 'Mirentxu', eta Emilio Sagi zuzendariaren birmoldaketa honek Maria Bayo sopranoa, Andeka Gorrotxategi tenorea --joan den urrian Bahia Blancako Euskal Argentinar Euskal Astean aritu izan zena-- eta Marifé Nogales mezzosopranoa hautatu ditu protagonista. Bere jatorrizko estreinutik 100 urte betetzen ari den urtean plazaratutako bertsio honetan, obrak duela mendebeteko ikutu bukoliko eta "kursia" saihestu nahi izan du. Jantziak Miriam Ocariz diseinatzaileak atondu ditu eta musika Euskadiko Orkestra Sinfonikoari zor zaio, David Gimenez zuzendari. Bilboko Arriaga antzokian ikusi ahal izango da datorren larunbatera arte.

Gehiago irakurri...


Abian da Gazteria Ikerketarako Masterraren 2. edizioa, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren eskutik

2010/06/18

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko elkarlanaren ondorioz, datorren urrian abiatuko da Gazteria Ikerketarako Masterraren 2. edizioa. Masterra bereziki interesgarria izan daiteke gazteen egoeran interesa duten lizentziatu berrientzat, bai eta gizarte zientzietako ikertzaileentzat, psikopedagogoentzat, pedagogoentzat, psikologoentzat, soziologoentzat, hezkuntzaren eta gizarte-lanaren arloko profesionalentzat eta abarrentzat.

Gehiago irakurri...


Argentinako La Platak gaur ospatuko du Pello Mari Otaño bertsolariaren heriotzaren mendeurrena

2010/06/18

Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurreneko omenaldiko egitaraua Duela hilabete burutu ziren Euskal Herrian, Zizurkil bere sorterrian, Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurreneko ospakizunak. Euskal Herrian jaio eta Santa Feko Rosarion hil zen itzal handiko bertsolari honi bere seme-alaba eta ondorengoen herrialdeak egingo dio oraingoan omenaldia. Hitzordua gaur --ekainaren 18an--, eta lekua La Plata hiria. Ekitaldia bi zatitan gauzatuko da. Lehenengo, arratsaldeko 4etan, La Platako kanposantuan, Otañoren hilobian; bigarrena, iluntzeko 6etan, La Platako Unibertsitate Nazionalean. Bi zeremonietan, eta Zizurkil herriaren izenean, Julian Arrastoa eta Joxin Azkue Gabilondo izango dira. Susana Ardanaz Otaño “Txuri” olerkariaren biloba, Europako ekitaldietan egon ondoren, La Platara gerturatuko da ospakizunetan parte hartzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia