euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Julio Elejalde: "Euskadiko musikari, idazle, artista eta abarrek erabiltzeko dago Madrilgo Euskal Etxea"

2011/02/14

Julio Elejalde, orain arte lehendakari izandako Jon Zaballari besarkatuta, hari makila bat eman ondoren otsailaren 7an, egindako lanaren eskergarri (argazkia MadrilEE) Joan den urtarril hondarretik da Madrilgo Euskal Etxeko lehendakari Julio Elejalde bilbotarra. Bertako idazkaria zen ordura arte, eta elkarteko ardura gorena eman diote geroztik. Bere agintaldian gauzatu nahi dituen asmoen artean, kultura arloko eskaintza indartzea eta ahalegin berezia egitea gazteak erakartzearren. Eta mezua bidaltzen die Euskal Herriko artista eta kulturgileei: erabil dezatela Euskal Etxea Madrilen aurkezpenak edo emanaldiak egin nahi badituzte. "Euskal Etxeko ateak zabal-zabalik dituzte".

Gehiago irakurri...


Oscar Alvarez eta Eneko Sanzek Euskadiren kanpoko Ordezkaritzen historia laburbildu dute Euskonews-en

2011/02/14

Eusko Jaurlaritzaren Pariseko Marceau karrikako Ordezkaritzaren eraikin historikoa (argazkia Euskomedia) Oscar Alvarez eta Eneko Sanz historialariek Eusko Jaurlaritzak 1937tik 1965era bitartean munduan ezarri zituen ordezkari eta Ordezkaritzen gainbegirada aurkeztu du Euskonews astekari digitalean, hiru astetan argitaratu diren beste hainbeste artikulutan. Bertako datuen arabera, Jaurlaritzak ordezkaritzarik izan zuen, besteak beste Madril, Bartzelona, Valentzia, Paris, Baiona, Donibane Lohizune, Bordele, Brusela, Londres, Dublin, Geneva, Sofia, Belgrado, Budapest, Varsovia, Praga, Kairo, Erroma, New York, Boise, Dominikar Errepublika, Habana, Manila, Puerto Rico, Buenos Aires, Txileko Santiago, Montevideo, Bolivia, Mexiko, Guatemala, Caracas, Panama, Bogota eta Ekuadorren.

Gehiago irakurri...


Sakelakoarentzat doako euskara-gaztelera hiztegi bat nahi al duzu? Nola eskuratu azaltzen dizugu

2011/02/14

Sakelako hiztegian bilaketa bat egiten (argazkia Atoan) Zuetariko askok oraindik ere galdegiten diguzue 2008an Donostiako Euskararen Udal Patronatuak aurkeztu zuen Sakelako Hiztegiari buruz. Batzuk deskargatzeko arazoak izan dituzue, beste batzuk modelo berrietan ba ote dabilen jakin nahi duzue... eta gu arduradunekin harremanetan jarri gara azken berriak jakiteko. Patronatuko Mikel Etxebestek EuskalKultura.com-era heldu diren galdera horietako batzuk erantzuten ditu jarraian.

Gehiago irakurri...


Dantza modan Berlinen: ikastaroa ostiralero ematekotan da EE, euskal zein alemaniar ikasleek eskatuta

2011/02/11

Lehen klase egunean ikasleak fin-fin aritu ziren dantzan (argazkia BerlinEE) Euskal dantza modan dago Berlinen, antza. 'Baskische Volkstanz Unterricht' izenburupean dantza ikastaroa antolatu du Berlingo Euskal Etxeak, eta erantzunak aurreikuspen guztiak hautsi ditu: lehen egunetik 35 lagun bildu ziren klaseetara, euskaldun zein alemaniarrak, arin-arin eta fandango artean disfrutatzeko prest. Mikel Aristegui koreografo donostiarra da ikastaroaren gidaria, eta ikasleek hala eskatuta, klaseak hilean bitan ematetik ostiralero ematera pasatzekotan dira. Ikasleek ekainean Berlinen egingo den Karneval der Kulturen jaialdian erakutsiko dute urtean zehar ikasitakoa. Lehen klaseko bideoa, hemen. Bigarren klasea, gaur bertan, Tanzfabrik aretoan.

Gehiago irakurri...


Brontze ebasleek Euskal Artzainaren Monumentu Nazionala desegin dute Renon (argazkiak eta bideoa)

2011/02/11

Euskaldunena eta euskal-amerikarrena ezezik, Nevada estatuko eta AEBetako West-eko arte eta kultura-ondarea ere bada Renoko Euskal Artzainaren Monumentua, 'Society of Basque Studies in America' erakundearen ekimena izan zena (argazkia EuskalKultura.com) Renoko 'National Monument to the Basque Sheepherder' delakoak (Euskal Artzainaren Monumentu Nazionalak) itxura desitxuratua eskaintzen du gaur egun, kokaleku duen hiri nevadatarreko Rancho San Rafael Parkearen baitan. Aurretik izanak zituen eraso txikiak, baina oraingoan, brontzea ebatsi eta saltzea helburu duen talderen batek monumentuko parte diren metal horretako plaka guztiak porlanezko euskarrietatik atera eta eraman egin ditu. Hala uste du Washoe konderriko sheriffak, askoz haratago joateko pista aldetik urri badabil ere. AEBetako, Euskal Herriko eta Diasporako ehundaka jenderen partaidetza medio eraiki ahal izan zen monumentua 1989an. Ardatz duen Nestor Basterretxearen 'Bakardade' lanak badirudi ez duela kalterik izan. Sari bat eskaini da informaziorik ematen duenarentzat.

Gehiago irakurri...


Madrilgo Beti-Jai frontoi historikoak eraistea ekidin du oraingoz: Kultura-ondasun aitortu dute

2011/02/11

Hiritarren plataformaren kanpaina beteko irudia Bi urte baino gehiago borrokan eta hirigintza-espekulazioaren aurkako hamaika salaketaren ostean, "Salvemos el Frontón Beti-Jai de Madrid" plataforma zorioneko dago egunotan. Madrilgo Komunitateak kultura-ondasun izaera aitortu dio frontoiari, momentuz eraiste-arriskutik salbatuz. 1893an eraiki zuen frontoia Joaquin Rucoba arkitektoak eta munduan dagoen neomudejar estiloko bakarra da. Madrileko erdigunean egoteak hirigintza-sustatzaileen jomugan jarri du aspalditik.

Gehiago irakurri...


Radio Nacional-ekin adostasun ezaren ondorioz, Rosarioko 'Euskaldun hitza' saioa internetez soilik ematen da

2011/02/11

'Euskaldunaren Hitza' irratsaioa egiten dutenetako batzuk, programaren zazpigarren urtemugan Azken urte hauetan, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen iritzi eta pentsamoldeen adierazle den 'Euskaldun hitza' irratsaioa bertako Radio Nacional-etik egiten zen, asteazkenero eguerdiko ordu batetik ordu bietara. Aurten, ordea, eta ordutegi arloko desadostasun bat medio, nonbait, emankizunaren arduradunek irrati hori uztea erabaki dute. Gaiari erabateko irtenbidea eman arte, saioa egiten jarraituko da baina entzuleek internetez entzun beharko dute, beste irrati bat aurkitu arte.

Gehiago irakurri...


Emekiro, sei euskal idazleen ipuinekin, Herbehereak euskal kulturaz busti nahi ditu Zirimiri Press argitaletxeak

2011/02/10

'Emekiro' liburua Zirimiri Press argitaletxearen lehen lana da (argazkia CRicharte-Zirimiri) Kalean da, Herbehereetako liburudendetan, Zirimiri Press argitaletxearen lehen liburua, 'Emekiro', sei euskal emakume idazleren ipuin bilduma, euskaratik zuzenean neerlanderara itzulia. Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Jasone Osoro, Eider Rodriguez, Katixa Agirre eta Kristina Goikoetxea dira idazleak, seiak ala seiak 1970az geroztik jaiotakoak. Herbehereetan hizkuntza txikien literatura eta kultura ezagutaraztea da argitaletxe gaztearen helburua, emeki-emeki, ia konturatu gabe bustitzera heltzen den zirimiria bezala. Ekimenaren atzean Madrilgo Euskal Etxean euskara ikasi zuen Henrike Olasolo, eta bere emaztea Cristina Richarte daude.

Gehiago irakurri...


Berri Txarrak talde nafarrak itzulia hasiko du Brasil, Argentina, Mexiko, Txile eta Kanadara hilabete azkenean

2011/02/10

Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez-ek osatzen dute Berri Txarrak Asian barrena bira egin ondoren eta azken hilabeteotan Euskal Herrian emandako hainbat kontzerturen sarrerak agortu ostean, Berri Txarrak talde nafarrak Latinoamerika eta Kanada bisitatuko ditu otsail hondarrean hasi eta martxoko lehenengo bi asteetan egin behar duen biraren barruan. Bira honek Brasil, Argentina, Txile, Mexiko eta Kanadara eramango ditu, hain zuzen ere, Curitiba, Sao Paulo, Buenos Aires, Bellavista, San Antonio, Santiago, Mexiko Hiria eta Torontora, otsailaren 25an hasi eta martxoaren 10a bitartean.

Gehiago irakurri...


Datorren asteartean bukatuko da 'Denak Bat'-ek antolatutako Udako Mus Txapelketan izena emateko epea

2011/02/10

Mar del Platako 'Denak Bat' euskal etxea (argazkia EuskalKultura.com) Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxeak Argentina osoko euskal etxeei Udako Mus Txapelketan parte hartzeko gonbitea luzatu zien duela pare bat aste. Ekitaldia otsailaren 25 eta 26an izango da Buenos Aires probintziako kostaldeko hiri honetan eta txapelketan sartzeko 400 pesoko izenematea ordaindu beharko du muslari bakoitzak, ostiral eta larunbateko afariak barne. Izena emateko epea datorren asteartean, otsailaren 15ean, bukatuko da, eta ez da beharrezkoa aurrerakinik egitea.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia