euskal diaspora eta kultura

2005/05/26
Iruñerrian, euren herrietatik hirira bildu eta frankismopean erdara nagusi zen giroan arbasoen suari eutsi eta familiak euskaldun hazi zituzten emakumeak omendu eta saritu ditu Iruñeko Euskalerria Irratiak Larreko Sariarekin. "Hemen ditugunak ez dira zine artistak, telebistan ez dira maiz ateratzen eta, baten batek esango lukeen bezala, akademikoak ere ez dira. Baina hizkuntza hemen erein dute orain baino urte zailagoetan. Gaizki ikusiak zeuden urte haietan euskarari eutsi, euskaldun izanik euskaraz mintzatu eta euskaldun izatearen suertea seme-alabei pasa diete. Eta sari honen bitartez egindako lana eskertu nahi diegu", adierazi zuen Bujandak atzo sariaren aurkezpenean, Ibai Fernandezen kronikak Diario de Noticiasen biltzen duenez.
2005/05/25
Bertako Euskal Etxea indarberritzeko gogoarekin ari da lanean euskaldun talde gazte bat. Bostak Kanadara iritsi ziren beren ikasketak osatzeko eta gehienak, familiaren laguntzaz eta beka batzuekin ari dira asmo hau betetzen. Diruz eskaz baina animoz beterik dabiltza, eta azken hilabeteotan 'Euskaldunak' Euskal Etxera giro bizia ekarri dute. Euskal Etxeak aldizkariak ondoko elkarrizketa hau egin zien Montrealen.
2005/05/16
Idoia Estornes Auñamendi Entziklopedia burutzearekin batera, Entziklopedia horren eguneratze prozesua zuzentzen ari da. Historialaria, feminista, gizartearekin konprometitua... Estornestarren sagako zuzia darama.
2005/05/03
Euskal Herrian Korrikaren oihartzuna aspaldi amaitua zenean ekin zioten Txileko Santiagon bertako Korrikari, diotenez toki bakoitzean bertako ezaugarri eta egokierei erreparatuz egin behar omen dira-eta gauzak. Iraia Saenz de Biteri, Santiagoko Euskal Etxean eta Txileko hiriburuko zein Valparaisoko zenbait Unibertsitatetan euskara eta euskal kultura eskolak ematen diharduen basauritarrak hartu zituen Korrika txiletarra antolatzeko lanik gehienak, Eusko Jaurlaritzaren Txileko Ordezkaritzaren eta Santiagoko Eusko Etxearekin sostenguarekin. Bai, halaxe izan zen Txilen.
2005/05/02
Manex Etxamendi bertsolari eta olerkari baxenabartarraren heriotzaren 45 urte bete dira joan den ostegunean. Etxamendi Garazin, Eiheralarre ondoko Ezterenzubin jaio zen 1873an, 'Xadainia' baserrian. Gaztetan Ameriketara joan zen, eta hamasei urte eman zituen Wyoming eta Nevadan artzain bezala lanean. Garai hartan bertso ugari idatzi zituen, artzainen bizimodu gogorra eta mendiko bakardadea jasoaz.
1899an itzuli zen Euskal Herrira eta Marie Amporekin ezkondu zen. Hamar seme alaba izan zituzten, eta 1905ean Nevadara itzuli zen Etxamendi, dirua irabazi beharrez beste lau urte Estatu Batuetan lanean igaroko zituela.
Ezterenzubira gibeleratu eta bizi osoa eman zuen bertan. Herriko auzapez edo alkate izendatu zuten. Plazatan hitzetik hortzera aritu baino nahiago zuen bertsoak lasai eta astiro lantzea. Horietako asko aldizkarietan eman zituen argitara: 'Eskualduna', 'Euskal-Erria', 'Eskualdun Ona', 'Gure Herria' eta 'Herria'n aurki ditzakezu. Etxamendi 1960ko apirilaren 28an hil zen, eta 1972 Pierre Lafittek 'Auspoa' liburu-bilduman olerkari baxenabartarraren lanik gehienak jaso zituen.
Lotura gehigarriak
Manex Etxamendiren profila
Bertsulari.com-en
Manex Etxamendiren bertso batzuk
Klasikoen Gordailuan
2005/05/01
"Joseba Intxaustik zerbitzuko lanean jardun du bizitza osoan, euskal kulturaren alde. Ez da gizon ageria. Isilik jardun du urte askoan, inurri, hotsik atera gabe. Arantzazun ditu zainak eta komentutik kanpora enbor eta adarrak. Jakin, UZEI, Kulturaren aldeko Euskal Fundazioa... euskara eta Euskal Herria ardatz hartu eta eginahalean saiatu da. Egindako lanaren aitortza jaso zuen iaz, Euskaltzaindiak Ohorezko euskaltzain izendaturik. Eta egindako lanaren aitortza jaso du maiatzaren 7an ere, Bilbon, Mendebalde Kultura Alkartearen jardunaldien barruan. Adiskide bat izan zuen ondoan, omen egiten. Guri elkarrizketan lagundu digun lagun bera, Paulo Agirrebaltzategi". Hona Miel A. Elustondok Argiaren 1990. alean Joseba Intxaustiri egindako elkarrizketa.
2005/04/25
Hamaika urte dira Nere Lete Etxebeste errenteriarra Idahoko Boisen (AEB) bizi dela, egun epaile den Chris Bieter abokatu euskaldunarekin ezkondurik. Senarrarekin batera, Nere bertako familia euskaldun aktibo bateko kide da eta Boiseko euskal ekimen garrantzitsuenetako gehienetan aritu izan da edo dabil, partaide edo bultzatzaile bizkor. Maddalen, Josu eta Andoni seme-alabak ere euskaldun eta amerikar dauzka, Boiseko Ikastolako kide eta bide-urratzaile izanak. Errenteriako On aldizkariak elkarrizketa edo galdetegi llabur bat erantzun arazi dio bere azkeneko aleetako batean Nere Leteri. 7-9 haurrekin hasi zen Boiseko ikastolak, egun 20-23 bat dituela esaten du, besteak beste.
2005/04/18
2005/04/14
Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zenbaki guztiak, 1985eko '0' zenbakitik hasita, interneten daude jada irakurgai, www.zientzia.net webgunean. 20 urte hauetan publikatutako 7.000 artikuluak interneten jartzea 2001 urtean hasitako egitasmoa da, eta lau urteko lan arrakastatsua ospatzeko hiru aste iraungo duen lehiaketa egingo dute www.zientzia.net webgunean.
2005/04/08
Interneten euskal literaturaz hitz egiteko gune berri bat aurkeztu dute aste honetan: 'Volgako Batelariak' blog-a. Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak dira 'literatur inoizkari' honen sortzaileak, eta blog-a euskal literaturaz eta munduko literaturez hausnarketa egiteko eta kritikarako espazio bihurtzea dute helburu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus