euskal diaspora eta kultura

2005/08/08
Luis Gonzalez de Etxabarri, Bingen Aizkibel ezizenez ezaguna, euskal Diasporako idazle, kazetari eta politikari eraginkorra izan zen. 1893an Bizkaiko Ubidean jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen eta gaztetan Juventud Vasca taldeko lehendakari bezala nabarmendu zen. Euskal kulturaren aldeko lan ugari egin zuen Argentinatik eta Mexiko eta Buenos Aireseko hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere lanak.
2005/07/25
Lana dala ama / haran maratza zara / atara dana /atara ba plazara. Horrelako letra berezi eta deigarriarekin dator Kilometroak 05erako Jon Sarasua bertsolariak eta Liken taldeak egin duten abesti bitxia, OIA izenburua duena. Horietxek baitira --O, I eta A-- kantu osoan agertzen diren bokal bakarrak.
2005/07/15
Poesia mailu bat dela zioen poeta omentzeko, ezin jardunaldi arruntik egin eta Eako HEA (Herrijeari Emon Arnasa) elkarteko kideek, omenaldi gisa, olerkari bilbotarraren lana kalera aterako dute asteburu honetan, belaunaldi berrietako poeten eskutik. 'Gabriel Arestiren EtxEA' dute izena gaur hasi eta igandera bitartean Ea, Ispaster, Bedarona eta Natxitun ospatuko diren kultur jardunaldiok. Juan Luis Zabala, Igor Estankona, Xabier Mendiguren Elizegi, Miren Agur Meabe, Edorta Jimenez eta Bernardo Atxaga izango dira bertan.
2005/07/08
Euskal Herriko Hizkuntz Eskubideen Behatokiak nazioartera zabaldu du bere lana, euskararen egoera atzerrian ere ezagutua izan dadin. Asmo horrekin 'Language Rights in the Basque Country' izeneko txostena prestatu du, eta azken hilabeteotan Paul Bilbao Behatokiko Zuzendariak Kurdistanen, Londresen, Oxfordeko Unibertsitatean eta Triesten aurkeztu du. Honetaz gain, Behatokiak nazioartean zabaltzeko argitaratzen duen 'Behatokia Newsletter' aldizkari digitalaren 9. alea ere zabaldu du bostehundik gora norbanako eta erakunderen artean.
2005/07/02
Hamaika urte betetzen dira gaur Justo Garate idazle eta euskaltzalea zendu zela. Bergaran 1900ean jaioa, 1936ko gudaren ostean erbestera jo behar izan zuen Garatek, eta Argentinako Mendoza hirian aurkitu zuen bizilekua, bertako Unibertsitateko medikuntza irakasle, dekanorde eta kontseilari izan zelarik. Argentinatik ere euskal kulturaren alde lan eskerga egiten jarraitu zuen eta 1979an euskaltzain urgazle izendatu zuen.
2005/06/22
Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Belgikako Scansoft enpresak euskarazko ahotsa ezagutzeko eta sintesia egiteko aplikazioa garatu du. Teknologia nahiko aurreratua dago, eta hizkera ulertu, testutik ahotsa sortu, eta elkarrizketak kudeatzeko moduloak (call-center automatizatuentzat) prest daude. Orain, teknologiaren sustapena bultzatu eta ziurtatzeko Jaurlaritzak Aditu izeneko programa prestatu du. Programa hau www.kultura.ejgv.euskadi.net/aditu helbidean kontsulta daiteke.
2005/06/18
1920ko ekainaren 19an jaio zen Ferranddo Aire Urepele-Xalbadorrenean. Familiako ohiturari jarraiki, etxearen izena hartu zuen Euskal Herriko bertsolari ezagun eta maitatuenetariko bat bihurtuko zen gazteak. Diasporarekin harreman oso estua izan zuen Xalbadorrek, familiako kide asko --aitona, aita, semea-- Estatu Batuetara lan bila jo behar izan zutelako. Bere olerki eta bertsoetako asko internetez kontsulta daitezke gaur egun.
2005/06/18
Jose Maria Jimeno Jurioren ikerketa-lanen emaitzak Euskaltzaindiari helarazi dizkio haren familiak, atzo eguerdian Iruñean izandako ekitaldian. Dohaintzari esker, Euskaltzaindiak ikertzaile artaxoarrak bildutako toponimia-fitxategiak eta Euskararen Historiaren gaineko lana eskuratuko ditu. Akademiaren asmoa da fitxategi horiek sailkatu eta digitalizatzea, bere Euskal Corpus Onomastikoan sartu ahal izateko. Digitalizatutakoaren kopia bat Jose Maria Jimeno Jurio zenaren familiakoei emango zaie. Ekitaldian Elena Aranguren eta Roldan Jimeno ikertzaile eta ohorezko euskaltzainaren alarguna eta semea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Andres Iñigo Onomastika batzordeko burua egon ziren.
2005/06/09
WordPress programa, munduan zehar blogak egiteko tresnarik erabiliena euskaraz dago jada, hiru internauta euskaltzalek (Gorka Palazio, Marko Txopitea 'Txopi' eta 'Eretza') itzulia. Bertsio berria Rosetta itzulpen sisteman oinarritu da, eta Ubuntu linux-banaketa gunetik eskuratu daiteke, .po fitxategi gisa. Interneten hainbeste arrakasta duen blog mugimenduan euskarak lekua gero eta erosoago aurkitzea erraztuko du software honek.
2005/06/08
Donostiako euskarazko lehen egunkaria izateaz gain, gipuzkoar hiriburuak duen hiri mailako lehenengo egunkaria ere bada Irutxuloko Hitza. Orain arte Donostiako hainbat denda eta saltokietan har zitekeen, eta doaniko harpidetza bitartez etxean. Orain, online, internet bidez ere irakur daiteke. Tolosa, Oarsoalde eta Urola-Kostako Hitza egunkari ahaideek ekindako bidea jarraitzen du horrela Donostiako berripaperak, gainerako Hitzek ez duten aukera bat gehituz: Irutxulon, irakurleek albiste bakoitzari buruzko iruzkinak bidal eta argitara ditzakete.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus