euskal diaspora eta kultura

2007/02/27
Jakina da euskal kulturak oihartzun nabarmena duela Boise inguruan, Idaho-n baitago AEBetako euskal komunitaterik azkarrena. Euskal sukaldaritzak ere arrakasta handia dauka aldeotan eta horren adierazgarri bertako zenbait jatetxek harro erakusten duten Basque kartela izan daiteke. Oraingoan, baina, euskal sukaldaritzak unibertsitaterainoko jauzia ere egin du, Dan Ansotegui Boiseko Gernika tabernako nagusiak astero BSUn eskaintzen dituen eskolak medio. Guzti horren lekukotasuna eskaintzen du AP agentziako Anne Wallace Allen kazetariak Desert News egunkarian argitara emandako artikulu batek. Hauxe artikulu laburtua.
2007/02/27
Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak omenaldia egin zien joan den otsailaren 10ean Chirgua Aranean duela 57 urte bertara heldu ziren lehendabiziko euskal familia aitzindariei. 1950.ean heldu eta egun bertan sustraiturik segitzen dute zortzi familia euskaldun hauek. Ekitaldia Hacienda Montesacron izan zen eta Carabobo-ko eta Caracaseko Euskal Etxeetako kideak bildu ziren bertara. Ibarretxe Lehendakariak ere partu harte nahi izan zuen omenaldian eta bildutakoen aurrean irakurri zuten gutuna bidali zuen.
2007/02/26
Eusko Jaurlaritzak Argentinan diktadura militarpean desagertutako jatorri euskalduneko herritarrak topatzen lagunduko du. Hauxe izango da Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako sailburuak gaur Argentinara hasiko duen bidaia ofizialean landuko den gaietako bat. Madrazo gobernu argentinarreko Giza Eskubideetarako Idazkariarekin, Eduardo Luis Duhalderekin, bildu eta lankidetza protokolo bat sinatuko du. Adolfo Pérez Esquibel Nobel saridunarekin, Plaza de Mayoko Amonekin eta FEVAko ordezkariekin ere elkarrizketatuko da, besteak beste.
2007/02/26
Joan den ostiraletik hona Argia astekariaren edizio digitala, Sareko Argia, eduki berriekin jantzia dator. Berrikuntza aspaldion internet munduan bolo-bolo dabilen web 2.0 izendapenaren eskutik datoz, erabiltzaileen parte hartzea indartuz eta multimedia edukiei leku gehiago emanez. Ohiko informazioaz gain (berriak, erreportaiak edota elkarrizketak), bideoak eta musika entzuteko loturak dakartza orain webguneak.
2007/02/26
Laura Echarte ikertzaile euskal argentinarrak, Agronomian doktoratua berau Mar del Platako Unibertsitatean, LOreal UNESCO Mujeres de la Ciencia beka jaso du, 2007ko edizioan. Iñaki Aramayok Eitb24.com-eko Euskaldunak Munduan blogan azaltzen duenez, Echarte soja eta artoaren interereite sisteman oinarritzen den ikerketa egiten ari da, landatzen diren produktuen etekina hobetu ahal izateko, La Nación egunkari argentinarrari emandako azalpenetan adierazitakoaren arabera.
2007/02/23
Mexiko hirian euskal soinuak izango dira entzungai datorren martxoan, Euskal Etxeak bere Mendeurrena ospatzeko antolatu duen Musika Jaialdiaren eskutik. Ekitaldiak Euskal Herriko gonbidatu eta musikarien partehartzea izango du, horien artean Donostiako Txistulari Banda eta Jon Maia dantzari gipuzkoarraren konpainiako hainbat kide. Eurekin batera Euskal Etxeko korua eta Colegio de las Vizcaínaseko korua ere ariko dira oholtza gainean, Mexikoko euskal komunitateko kide asko bilduko dituen ekitaldi zirraragarri honetan.
2007/02/23
Raúl de La Fuente zuzendari iruñarraren Nömadak TX filmak bederatzi zinemalditan parte hartuko du, otsailaren 23tik apirilaren 5a arte. Zinemaldi hauen artean Kroaziako Zagreb Dox jaialdian edota Irlandan ospatzen den Belfasteko Jaialdia bezelako hitzorduak izango ditu Oreka TX txalapartarien bidai kronika honek. Orotara Kroazia, Estatu Batuak, Grezia, Lituania, Mexiko eta Espainian izango da ikusgai dokumentala datozen bi hilabeteotan. Hortik aurrera bere ibilbidea beste herrialde batzuetatik ere pasa daiteke, beste hamaika jaialditan parte hartzeko aukera baitauka filmak.
2007/02/23
Otsailaren 5etik Diego Salaverri teniente koronel suipachatarra Haitin dago Bake Misioan. Argentinako Armadak urtarrilaren 22an eman zion postu berria, misioaren buruzagi izendatu zutelarik. Suipachako Euskal Etxeak EuskalKultura.comi jakitera eman dioenez. Salaverri Haitira joan aurretik egindako agur zeremonian Argentinako Defentsa ministra Nilda Garré eta Jorge Taiana kantzillerra egon ziren.
2007/02/22
Kinku Zinkunegi HABEko teknikaria eta Euskara Munduan ekimenaren koordinatzailea Mexikon da egunotan. Asteazkenean Euskal Etxeko zuzendaritzarekin bildu zen HABE eta elkarte honek euskara klaseen inguruan duten lankidetza hitzarmena berritzeko. Hitzarmenak hiru ardatz ditu: irakasleagoaren trebakuntza, ikas material egokiaren hornikuntza, eta finantziazioa. Azken atal honen barruan, Euskal Etxeak aurten 450 talde ordu ematea adostu du eta ondorioz 4.500 eurotako dirulaguntza jasoko du.
2007/02/22
Lapurdiko Leopold Eyharts, espaziora bidaiatu den lehenengo astronauta euskalduna, ISS estazioan egin beharreko misio baterako hautatua izan da. Udazkenaldera egingo den bidai berri honetan, Eyharts ESAko (Europako Agentzia Espaziala) Columbus laborategia eraman beharko du lurretik espaziora. Astronauta arrangoiztarra Discovery transbordadorean abiatuko da, STS-122 izendatutako misioan, eta espazioan bi hilabete pasa eta gero, Endeavour espazio-ontzian bueltatuko da STS-123 misioan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus