euskal diaspora eta kultura

2007/03/16
Joan den larunbatean plazaratu zen estreinekoz Gaur 8 izenarekin Gara egunkariaren gehigarri berria. Astekari gisa aurkezten den hau, bere izenari jarraiki, ondoko asteari begira dago. Euskara hutsean interneta eta papera uztartzen saiatuko den komunikabidetzat dauka bere burua. Bertan Diasporak atal berezirik izango ez badu ere, Gaur 8ko arduradunek arreta berezia emango diote, Haritz Rodriguez kazetariak, Caracasen jaiotako euskalduna bera, EuskalKultura.com-i azaldu dioenez.
2007/03/16
HABEk eta Bordeleko Euskaldunen Biltzarra euskal etxeak euskara klaseak bultzatzeko
hitzarmena sinatu dute. Joan den asteazkenean, martxoaren 7an, elkartu ziren Bordelen Euskaldunen Biltzarra euskal etxeko eta HABEko ordezkariak. Euskal Etxearen izenean Jean Marc Goyénèche lehendakari berriak sinatu zuten akordioa. Bilera berean HABEk eta erakunde euskal-bordelesak euskara klaseak hobetzeko hainbat neurri aztertu zituzten.
2007/03/16
Bartzelonako Euskal Etxeak Concurs Fotográfic Korrika a Barcelona lehiaketa jarri du abian, AEKren lasterketa euskaltzalea dela eta bertan antolatutako ekitaldien irudiak jasotzeko asmoarekin. Asteartean hasi ziren aipatu ekitaldiok eta martxoaren 24era arte luzatuko dira. Argazki hoberenak 300 euroko saria jasoko du eta irudi hoberenak Euskal Etxean izango dira ikusgai datorren apirilaren 13tik aurrera.
2007/03/16
2007/03/15
Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, Ana Agirre, bost eguneko bira egiten ari da Mexikon, herri honen eta Euskal Herriaren arteko harreman industrialak sakontzeko helburuarekin. Euskal enpresa askok interesak dituzte Mexikon eta horietako batzuk lantegiak ere jarri dituzte herrialde honetan. Bidaia honetan Agirre euskal enpresariekin eta Mexikoko Industria eta Energia arloko arduradunekin bildu da. Bihar sailburua San Luis de Potosín izango da, Fagor Industrial-en lantegi berria inauguratzeko.
2007/03/15
Eleka enpresak bi bide berri prestatu ditu bere ortografia zuzentzailea on-line eta doan erabiltzeko. Euskalbar, Firefox nabigatzailearentzat hizkuntza gehigarria eta Google-ren hasiera pertsonalizatuari gehitzeko
'gadget-a' prestatu ditu linguistika ingeniaritzara dedikaturiko enpresak. Hilabete hasieran jarri ziren eskuragarri bi aukera berri hauek.
2007/03/15
Arrakastaz hasi ziren joan den astelehenean Buenos Aires-ko Euskaltzaleak elkartean 2007 ikasturte berriko euskara eta euskal kultura eskolak. 'Betiko helburuak jarraituz eta betiko gogoekin', Marina Aranguren bertako euskara irakasleak EuskalKultura.com-i adierazi dionez. Astelehenetik hasita, egunero joan dira agertzen maila eta ikastaro bakoitzeko ikasle-irakasleak, Mexiko 1880 kaleko euskal eskolaldiari hasiera emanez. Aurten, 'aurreko hirurogeita hamar urte baino gehiagotan bezala', Euskaltzaleak elkartea euskara eta euskal kultura arloan hartua duen engaiamenduari erantzuten saiatuko da Buenos Airesen, 'bertako euskal irakasleen eskutik, Euskal Herriko euskaldunekin amankomunean daukagun euskal kulturaren mesedetan'.
2007/03/15
Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studiesek (CBS) Ikasi! 2007 ikastaroaren datak ezagutzera eman ditu: ekainaren 6tik 8ra izango da, Renon. Ikastaroak euskal kulturan sakontzeko aukera emango die euskal amerikar komunitateko kideei eta arlo honetan interesa dutenei. Jardunaldietan euskera, historiaurrea eta euskal mitologia, euskal dantzak, literatura edo genealogia bezalako gaiak landuko dira, besteak beste.
2007/03/14
Beste behin ere Bartzelonako Euskal Etxeak ekitaldi programa mardula osatu du Korrika, AEKk antolatzen duen euskararen aldeko lasterketaren edizio berri bati harrera egiteko. Ospakizuna gaur bertan hasiko da, Joseba Tapia trikitilariak emango duen kontzertuarekin. Ondotik, eta datozen bi asteetan zehar, kontzertuak, lehiaketak eta euskararen egoeraren inguruko mintzaldiak egingo dituzte, hilaren 24an 'Korrikaren Eguna'rekin bukatzeko. Bertan Korricursa --Korrikaren bertsio euskal-kataluniarra--, herri bazkaria eta Ene Bada taldearen kontzertua izango dira dastagai, besteak beste.
2007/03/14
Bere historian lehenengo aldiz Korrikaren bisita jasoko du aurten Madrilgo Euskal Etxeak. Korrika Helduen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) antolatuko lasterketa herrikoia da, erakunde honentzat dirua bildu eta euskararen aldeko aldarrikapena egiten duena. Oraingoan, Madrilgo Euskal Etxeak Diasporako beste elkarte batzuen eredua jarraitu eta bere Korrika txikia antolatu du martxoaren 24rako. 'Lasterketa antolatzea posible izan bada Haur Txokoko umeen gurasoek jarri duten gogo eta lanagatik izan da', azaldu dio EuskalKultura.com-i Zuriñe Fernandez Euskal Etxeko euskara irakasleak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus