euskal diaspora eta kultura

2007/03/28
Euskaltzaindiak berritu egin du bere Euskera agerkariaren edukiak internet bidez eskuratzeko aukera ematen duen kontsultarako trenza. Hemendiak aurrera Euskaltzaindiako arduradunak aldizkariaren edukiak erabiltzaileentzako eskuragarriago egotea espero dute. Euskaltzaindiaren Euskera agerkari ofizialaren lehenengo alea 1919an argitaratu zen eta bertan hainbat egileren idatziak eta txosten akademikoak jasotzen ditu. Erabiltzaileen eskariei erantzuna emanez eta Euskera agerkariak orian arte izandako bereiztasunak kontuan hartuz bilaketa trenza berria garatu dute Euskaltzaindiako arduradunel. Azkue Liburutegiak orain arte katalogatutako 407 agiri kontsultatu eta eskuratu daitezke agerkariaren bilatzailea erabiliz.
2007/03/27
Mar del Platako Artaburu Euskaltzale Taldeak bat egin du Korrikaren edizio berriarekin eta euskararen aldeko lasterketaren bertsio propioa egiten ari da egunotan. Mar del Platako Korrikak, ordea, lekuko berezia dauka: Euskararen Nazioarteko Egunean Artaburuk irabazi zuen ENE Sariaren estatuatxoa da eskuz esku pasatzen ari diren lekukoa. Joan den ostegunean hasi zen Mar del Platako Korrika eta etapa bakoitzean euskal etxeko euskara klase bat edo dantza saio batetik 'pasatzen' da, bere ibilbidea berezia eginez. Ostiralean bukatuko da lasterketa, 'Korrika Txiki' batekin. Ekitaldiokin batera Artaburu taldeak datorren apirilean hasiko duen Euskal Hizkuntza eta Kultura Tailer berria aurkeztu nahi izan du.
2007/03/27
Sarean da jada New Yorkeko Euskal Etxearen webgune berria, Julian Abio bazkideak diseinatu eta kudeatuta. Hiri erraldoi honetan bizi diren euskaldunen topaleku izan nahi du guneak, New Yorken sakabanatuta bizi direnen bilgune birtuala alegia. Itziar Albisu lehendakariak aurreratzen duenez, webguneak 'ziberbazkide' izateko aukera ere eskainiko du, mundu osoko internet erabiltzaileei NYko Euskal Etxeko lagunartera biltzeko aukera emanez.
2007/03/27
Erakundearen araudiak dioenari segituz, Buenos Aires probintzia argentinarreko Coronel Pringles herriko 'Eusko Biltzar' Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzeko pausoak eman ditu, eta epe berri baterako agintariak hautatu. Euskal Etxeak berak plazaratu duen idazki batean azaltzen duenez, Juan Jose Olasagastia izango da aurrerantzean 'Eusko Biltzar'eko lehendakari, Miriam Zabala idazkari eta Eduardo Arnaude diruzain, beste zenbait kargu berrituren artean.
2007/03/27
FEVA-k antolatu eta Miguel Ángel Pesce-k gidatuko duen ikastaroa
maiatzaren 12 eta 13an burutuko da Buenos Aires-eko Laurak Bat euskal
etxearen egoitzan. Izen ematea aste honetako ostiralean amaituko da eta
euskal zentroetako abesbatzen arduradun guztiei irekia
dago. Asteburuko osoko iraupenaizango du lantegiak eta bertan jorratuko diren gaiak hasierako formazioa osatu ez duten
koru gidariei zuzendu zaizkie bereziki.
2007/03/26
Buenos Aires probintzia argentinarreko gobernadoreorde Graciela Giannettasiok bidaia ofiziala hasiko du gaur Euskal Herrira, senadu buenosairestarreko ordezkaritza bateko buru. Ordezkari argentinarrak Bizkaiko Aldun Nagusiarekin bilduko dira gaur goizean eta lurralde horretako zenbait instalazio bisitatuko dituzte. Bihar, berriz, Ibarretxe lehendakariak eta ondoren Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidenteak errezibituko dituzte. Euren bisitaldian, hainbat alorreko teknikari eta arduradunekin bilduko dira, euskal administrazioak alor horietan indarrean dauzkan programa eta ereduak zuzenean eta lehen eskuko informazioz ezagutzeko.
2007/03/26
EuskoSare ekimenak eta Azkarateko Udaletxeak deia luzatu diete Diasporako gazteei, uztailean Nafarroa Behereko herri honetako jauregi baten berriztatze lanetan laguntzeko aukera eskainiz. Hogei gazte aukeratuko dituzte eta uztailaren 6tik 27ra bolondres lana egingo dute Azkaraten. Partehartzaileek bidaia ordaindu beharko dute eta antolatzaileak ostatua eta aisialdiko aktibitateen kargu egingo dira. Eskaerak onartzeko epea maiatzaren 1ean bukatuko da. Jauregia Nazioarteko Diasporaren Zentro bihurtzea da proiektuaren asmoa.
2007/03/26
Juan eta Brian Cruz aita-semeak haur txiki baten bizia salbatu zuten
ur beroko igerileku baten hondoan aurkituta. Semeak haurra uretatik
atera eta aitak, San Rafaeleko euskal ostatu famatu bateko chefa bera, bizkortze maniobra eragin zion. Eragiketa honek umea
egoeratik onik ateratzea ekarri zuen, larrialdietako arduradunek adierazi dutenez,
eta honenbestez, Novato-ko suhiltzaileen departamentuak heroi ohorea
emango diete salbatzaileei datorren apirilaren 11ean.
2007/03/24
Miarritzeko Theatre du Versant antzerki konpainiak 'Diaspora Bidaian' proiektuaren lehen fasea burutu berri du. Kultur trukaketa eta lankidetzaren aldeko apostua da 'Diaspora Bidaian' eta Quebec, Venezuela, AEB eta Argentinako taldeekin hartuemanak ditu oinarri. Versanteko bi kide Quebec-en izan dira bertako Le Cochon Souriant taldeko lagunekin lanean; apirilean, berriz, Venezuelara abiatuko dira.
2007/03/24
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo sailburua, Juan Ramon Corpas, eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakariorde den Barthélemy Aguerre baxenabartarra Orreagara bildu ziren atzo, 'Bi Nafarroen Mintegia' izeneko bilkuraren hirugarren edizioan, Pirineo bi aldeetako beste zenbait ordezkari politiko eta profesorerekin batera. Gogoan eduki behar da bi Nafarroak 1512an banatu zirela, Gaztelako Fernando Errege Katolikoaren tropek ordura arte Nafarroako Erresuma independentea zena konkistatu eta egun Nafarroako Foru Komunitatea dena orduan sortzen ari zen Espainiako parte bilakarazi zutenean, geroago Nafarroa Beherea ere, bere aldetik, Frantziako Koroako parte bilakatuko zelarik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus