euskal diaspora eta kultura

2007/04/28
Argentinako Villa Mercedes hiriko ordezkaritza bat Euskal Herrian dabil aste honetan, lurraldea bisitatu eta lankidetza eta adiskidantza hitzarmenak sinatzeko Ordiziako Udalarekin. Bisitaldiaren oinarria Villa Mercedeseko Euskal Etxea dago, honen bitartez Ordiziako Santa Ana Korala eta Txistulari Banda Argentinan izan baitziren iaz. Orain argentinarrek bisita bueltatu dute eta bi herrien arteko harremanak sakondu eta Ordiziako hezkuntza, industria eta kultura hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dute.
2007/04/28
Gernikako bonbardaketaren 70 urteurreneko oihartzuna herrialde askotara heldu da egunotan, euskal etxeek eta Euskadiko ordezkaritzek egin dituzten ekitaldieri esker. Oihartzun hori herrialde anglosaxoietara heldu da baita ere, bertan bizi diren euskaltzale eta euskal etxeen bidez. Dublin (Irlanda), New York, Gooding, Washington DC, San Frantzisko, Reno edo Ontario (igande honetan), izan dira horietako batzuk. Nazioarteko komunikabideek ere jaso dute berria, horien artean itzal handiko Los Angeles Times, Washington Post (AEB), The Guardian edo Times (GB) egunkariek.
2007/04/27
Lantziego herri arabarrak eta Argentinako Mendozak harreman estua dute ardoaren industriarekin eta ezaugarri hori oinarri hartuta Denak Bat Euskal Etxeak bi lekuetako gazteak elkartu dituen trukaketa programa bat bultzatu du. Apiril hasieran Lantziegoko 22 neska-mutil Argentinan izan dira, bertako gazteek gidatuta Mendozako ardo industria ezagutzeko asmoz. Abuztuan euskal argentinar gazteen txanda helduko da eta Lantziegora bisitaldia egingo dute.
2007/04/27
San Antonio de los Altoseko euskal komunitatean, Venezuelan, pilotak zaletu asko ditu eta Los Castores frontoian kirol hau bultzatzeko jarduera eta txapelketa ugari egin ohi dira. Azkenetako bat zinez pelota txapelketa lehiatua izan zen, inguruko jokalari eta zaletuek ederki gozatu zutena. Paleta Goma A mailako finalean Gorka Ezponda-Emilio Papa eta Diego Lana-Joe Gonzalvesek bikoteak, biak ala biak izan ziren garaile. Partida ikusgarria jokatu zuten eta 29 puntura berdindu zutenean azken tantoa ez jokatzea erabaki zuten, ikusleen txaloen artean. Zaletuek bizkarrean atera zituzten frontoitik.
2007/04/26
1937ko apirilaren 26ean Hitlerren abiazioak, Francoren aginduei jarraiki, Gernika bonbardatu zuen, herriko ehunka biztanle hil zirelarik. Naziak prestatzen ari ziren Bigarren Mundu Gudaren entsaioa izan zen erasoa, adituen esanetan. 70 urte geroago gertaera lazgarria ahaztu ez, baina itxaropen eta bakearen ikur bihurtu da Gernika. Gaur urteurreneko ekitaldietan Ibarretxe lehendakariak, nazioarteko hainbat ordezkari eta bakezalek lagunduta, 'Gernikako Adierazpena' irakurriko du, bakearen aldeko manifestua. Testuak munduan zehar oihartzuna izango du Euskadiko ordezkaritza eta euskal etxei esker.
2007/04/26
Baztango Eguna urteko hitzordu klasikoetako bat da Mexiko Euskal Etxearen egutegian eta bertako baztandar jatorridun lagun talde zabala biltzen du urtero urtero. Aurtengo bilkura maiatzaren 1ean izango da eta ziur aski Baztango bailaran (Nafarroan) sustraiak dituzten euskal-mexikar asko izango dira bertan, jai honetan izan ohi den giro paregabeaz gozatzeko prest. 2007ko Baztango Egunerako izena emateko epea bihar bertan itxiko da.
2007/04/25
Mariana Fernandez Castelli euskal argentinarrak hiru mintzaldi eskaini ditu berriki Seguran (Gipuzkoa) Iparra-Hegoa elkarteak antolatu duen kultur astean. Aste honen helburua euskal herrialde guztien arteko ezagutza eta elkar trukaketa bultzatzea da eta aurtengoan aurreko edizioetan falta izan zaien herrialdea izan da protagonista: 'zortzigarren herrialdea', Diaspora alegia. Argentinara bueltatzerakoan BasqueHeritage.com-ek Mariana Fernandezekin esperientzia honi buruz hitzegiteko aukera izan du.
2007/04/25
Frankfurteko Goethe unibertsitateko Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen asteetarako. Lehendabizikoa gaur bertan izango da: euskal sukaldaritza ikastaro bat, Gamarrako Ostalaritza Eskolako bi irakasleek gidatuta. Bigarrena datorren maiatzaren bian izango da, Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Jimenez Frankfurten izango da 'Kilkerren hotsa' bere liburuaren alemanierazko bertsioa aurkezteko. Liburu honekin euskal literaturari buruzko bilduma bat hasiko du Pahl-Ruhenstein argitaletxeak.
2007/04/24
Bi egun baino ez dira gelditzen Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenerako eta gero eta euskal etxe gehiagok egin dute bat 1937ko apirilaren 26ean herri bizkaitarra suntsitu zuen bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiekin. Euskal komunitate bat dagoen munduko leku gehienetan oroitzapen ekitaldiren bat egingo dutela esan daiteke, tokian tokiko ahalbideen arabera. Gaur bertan, adibidez, Saltoko Euskaldun Taldeak (Uruguaien) gaiaren inguruko mintzaldi bat emango du; ostegunean bertan munduko Euskadiko Ordezkaritzek -- eta euskal etxe asko eta askok-- 'Gernikako adierazpena' izeneko bakearen aldeko testua irakurriko dute.
2007/04/24
Lavallol-eko Euskal Echea ikastetxe argentinarrak kurtso berriari ekin dio eta aurten ere euskal kultura eta euskara ikastaroak eskaintzen ari zaizkie 900 bat haurrei. Duela hiru urte hasi zen euskal kultura ezagutarazteko ekimen hau eta bide berari eusten dio, izan duen erantzuna ikusita. Oraingo honetan Euskal Echea-ko ikastaroak 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduko zaizkie. Ikastaroak bi egoitzatan ematen dira: Lavalloleko Euskal Echea-n, 700 bat haurrei, eta Buenos Aireseko Sarandi kaleko egoitzan, 300 ikasleei.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus