euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ontarioko Euskal Etxeak Gernikako haritzaren kimu bat landatu zuen bonbardaketaren 70. urteurrena oroituz

2007/05/03

Haritza Euskal Etxearen aurrean (A.O. argazkia) Gernikako Arbolaren hazi batetik jaiotako haritz kimu baten landaketa eta The Mark of Men: Survivors' Memories of the Bombing of Gernika dokumentalaren emanaldia izan ziren Estatu Batuetako Oregon estatuko Ontario Basque Clubek Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrenean antolatutako ekitaldien gakoa. Euskal Etxe estatubatuarrak bakearen aldeko eguna bizi izan zuen horrela. 'Euskaldun gehienek --eta guk, euskal amerikar lehengusuek ere-- Euskal Herrian konponbidea eta bake iraunkorra lortzeko esperantza mantentzen dugu', esan zuten elkarteko kideek.

Gehiago irakurri...


Euskal Argentina elkarteak erakusketa, afari eta kontzertu batez ospatu du bere X. urtebetetzea Donazaharren

2007/05/02

Euskal Argentinaren erakusketako paneletako bat joan den larunbatean (EuskalKultura.com argazkia) Egoitza ofiziala Izuran (Baxenabarre) duen Euskal Argentina elkarteak bete berriak ditu bere lehenengo hamar urteak eta kari hortara egun berezi bat antolatu zuen joan den larunbatean Donazaharren, ehundik gora lagun partaide. Ekitaldiak arratsaldeko lauetan hasi ziren Donazaharreko Mendy ostatuan, elkartearen hamar urteotako irudiak biltzen zituen erakusketa baten irekierarekin. Jarraian, zazpiak aldera, afaria egin zen ostatuan bertan, eta bederatziak aldera hitzordua herriko elizara pasatu zen, parropian aritu baitzen, Lapurdiko kostaldetik etorria, 'Sueño Milonga' talde instrumentala, Filipe de Ezcurra bandoleonjolea zuzendari, Argentina eta Río de La Plata aldeko aire eta doinuak maisutasunaz eskaintzen.

Gehiago irakurri...


Cañuelaseko 'Denak Bat' Euskal Etxeak Zuzendaritza berritu du; Margarita Teresa Mathieu berriz ere lehendakari

2007/05/02

Lehendakaria (bigarrena ezkerretik) eta Zuzendaritza Batzordeko beste zenbait kide Erakundearen araudiak dioenari segituz, Buenos Aires probintzia argentinarreko Cañuelas herriko 'Denak Bat' Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzeko pausoak eman ditu, 2007. urteko ekitaldirako agintariak hautatu. Euskal Etxeak berak plazaratu duen idazki batean azaltzen duenez, Margarita Teresa Mathieu izango da beste agintaldi batez 'Denak Bat'eko lehendakari, Francisco Javier Sancholuz lehendakariorde, Verónica Zulaica idazkari eta Jorge Juan Iraola diruzain, beste zenbait kargu berrituren artean.

Gehiago irakurri...


Euskaldunak 'Talde etniko desberdindu' gisa aipatzen dituen AEBetako webgune ofizial batek hautsak harrotu

2007/05/02

Estatu Batuetako Estatu Departamenduaren webgune ofizialak, Espainiari buruz ematen dituen datuetan, euskaldunak, katalanak eta galiziarrak 'talde etniko desberdindu' gisa aipatzen ditu eta aipu soil horrek hauts bat edo beste harrotu du egunotan hedabide espainiar batzuetan. Estatu Batuetako Administrazioa 'bat etorri dela nazionalista eta separatistek erabiltzen dituzten postulatuekin' (sic) ere salatu dute. Albisteak iruzkin mota desberdinak eragin ditu interneten, 'Estatu Batuek ez dute aitortu begibistakoa dena baizik' diotenetik hasita, iparramerikarrak hori esateagatik 'ezjakin'tzat jotzen dituzteneraino.

Gehiago irakurri...


Edorta Jimenez idazleak 36ko gudako pasarteak ekarri zituen gogora Buenos Airesen, Gernikako 70 urteurrenean

2007/05/01

Edorta Jimenez idazlea Eusketxen eskaini zuen mintzaldiaren une batean (argazkia Basqueheritage.com) Mintzaldi berezia izan zen Edorta Jimenez (Mundaka 1953) idazleak Eusketxeko egoitzan eman zuena. Bizkaitarrak Gernikako bonbardaketari buruz hitzegin zuen, baina ikuspuntu pertsonal eta literario batetik. Entzulegoak, gaiari erabat lotuta eta hunkituta, adi-adi entzun zituen Jimenezen hitzak. 'Gure esperientzia gizarteratzen saiatzen naiz, ez ikuspegi alderdizale batetik, baina bai nire ustetan egia eta justiziaren alderdia izan zenaren ikuspuntutik', azpimarratu zuen Jimenezek BasqueHeritage.com-ekin eginiko solasaldian.

Gehiago irakurri...


FEVAk eta Juan de Garayk Argentinako euskaldunei buruzko lanak aurkeztu dituzte Baireseko Liburu Azokan

2007/05/01

Mari Luz Artetxe, Federakundeko lehendakaria, eta Magdalena Mignaburu egilea, FEVAren historiari buruzko liburua aurkezten (argazkia EuskalKultura.com) Buenos Aireseko Liburu Azokaren 33. edizioak tarte esanguratsua eskaini die euskal gaiei. Izan ere Argentinako euskaldunen historia eta testigantza jasotzen duten bi liburu aurkeztu dituzte bertan. Horietako bat Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak argitaratu duen Los vascos en la Argentina. Familias y Protagonismo liburuaren hirugarren edizioa izan da. Besteak, Historia de la Federación de Entidades Vasco Argentinas auka izenburu eta Euzko Argentinar Bazkun Alkartasunaren (FEVA) historia jasotzen du. Aurkezpena joan den apirilaren 24an egin zuten, Azokako Domingo F. Sarmiento aretoan eta bertan izan ziren FEVAko eta Juan de Garayko agintari eta kideak eta Magdalena Mignaburu idazlea, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Xarnege musikari euskal-gaskoinek kontzertua eskainiko dute gaur Mexiko DFko Euskal Etxeko Baztango Egunean

2007/05/01

Xarnege kontzertuan (argazkia Xarnege.com) Mexikoko Euskal Etxeak Pirineo aldeko bisita berezia izango du gaur, Xarnege talde euskal-gaskoinaren eskutik. Euskal Herriko eta Gaskonia aldeko (Frantzia hegoaldean) musika nahasten du taldeak eta egunotan Mexikon da Ollin Kan de las Culturas en Resistencia izeneko jaialdian parte hartzeko. Ostegun, ostiral eta larunbatean izango da hori, baina aurretik Euskal Etxetik pasako dira gaur eta kontzertua eskainiko dute Baztango Egunaren jaiaren baitan.

Gehiago irakurri...


Kirmen Uribe, ingeleseratutako poema liburua irakurtzen Etxeorratzen Hirian: «New Yorkek konfiantza eman dit»

2007/04/30

Kirmen Uribe aurreko irakurraldi batean Kirmen Uribe poetak ia hilabete egin du AEBetan. Iragan apirilaren 9an Manhattango Teachers and Writers Collaborative elkarteko egoitzan hasi zuen 'Bitartean heldu eskutik' (Susa, 2001) poema liburuaren ingelesezko bertsioaren aurkezpen bira. Washington DC, Minneapolis, New York hiriko hainbat gune --Brooklyngo Liburutegi publikoa, New Yorkeko Unibertsitatea edota City College-- bisitatu ditu. Hartfordera (Connecticut) eta Cambridgera (Massachussets) bidaiatu behar du oraindik ere. Luis Foncillas-en kronika da ondokoa, joan den asteburu honetan Berria-n argitara emana.

Gehiago irakurri...


Valparaísoko Euskal Etxeak Eusko Jaurlaritzak Txilen duen Ordezkari berriaren bisitari abegikor erantzun zion

2007/04/30

Jon Erdozia ordezkaria, Archibaldo Uriarte eta Valparaísoko Eusko Etxeko beste kide batzuekin Eusko Jaurlaritzak Txilen daukan Ordezkaritzako burua, Jon Erdozia donostiarra, bildu berria da, Valparaísora bidaiaturik, bertako Eusko Etxeko eta euskal komunitateko lagunekin, eta bere burua aurrez aurre aurkeztearekin batera, Jaurlaritzaren programa eta plan orokorrak aipatu ditu, Euskal Herriko egoera, Diasporarako planak eta Txileko euskaldunengan eraginik izan dezaketen kontuak aletuz. Hitzordura bildutakoek, berriz, euren ikuspegi, kezka eta proposamenak luzatu dizkiote Ordezkariari, kontaktuak areagotu eta maizago egitekotan.

Gehiago irakurri...


Eusko Irudiak erakusketa Arrecifesen eskaini zen, bertako euskal etxearen Aberri Eguneko programaren baitan

2007/04/30

Euskal Herriko irudiak biltzen dituen Mikel Arrazolaren 'Eusko Irudiak' erakusketa, Arrecifeseko Euskal Etxean ikusgai (Euskalkultura.com argazkia) Arrecifes herri argentinarreko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzian, Aberri Eguna ospatzeko ekitaldiekin batera zabaldu zuen 'Eusko Irudiak' argazki erakusketa joan den apirilaren 21ean, bozkario eta giro oneko egun bati bide emanez. Euskal Etxeko dozenaka kide eta lagun inguratu ziren erakundearen egoitzara, jai programan parte hartzeko eta Euskal Herriko hainbat alde islatzen dituen Mikel Arrazola argazkilariaren lanak ikusteko. Izaera ibiltariz iaz Argentinako hainbat euskal etxetan ikusgai hasi zen 'Eusko irudiak' erakusketa datorren urrian iritsiko da Rosariora, Euskal Aste Nazionaleko ospakizunekin batera.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia