euskal diaspora eta kultura

2007/05/23
Lehiaketa bidez aukeratuko dute Durangon aurtengo Euskal Liburu eta Disko Azoka iragarriko duen afixa edo kartela. Euskal Herriko eta Diasporako diseinatzaileek har dezakete parte lehiaketan, euren lanak posta bidez bidaliz Gerediaga elkarte antolatzailearen Durangoko egoitzara. Irabazleak 1.300 eurotako dirusaria jasoko du eta bere lana Euskal Herri osoko kultur ekitaldi garrantzitsuenetako baten ikurra eta irudia izango da. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 13an bukatuko da.
2007/05/23
Madrileko Euskal Etxeak San Isidro jaiak direla eta --Madrileko patroia da San Isidro-- egin ohi den jaialdi folklorikoan parte hartu zuen joan den maiatzaren 15ean. Izan ere, Euskal Etxeak bere dantza eta musika talde propioarekin parte hartu zuen estrainekoz. Talde berriaren izena 'Euskal Etxea taldea' da eta Aitor Coterón bazkidearen lana eta ahaleginari esker sortu da. Erandioko gazte honek bere burua eskaini zuen 'dantza batzuk erakusteko, eta azken urte hau dantza taldea sortu eta emanaldi honetarako prestatzen eman du', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Euskal Etxeko idazkari Luis Angel Vidalek.
2007/05/23
Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat, Esther
Larrañaga sailburua buru, Uruguaien izan zen pasa den apirilean ingurumen arloan lankidetza hitzarmen batzuk sinatzeko bertako agintariekin. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak Uruguaiko Ingurumen Ministeritzarekin eta Montevideoko udaletxearekin sinatu zituen hitzarmenak. Ondotik Argentinara joan zen ordezkaritza, bertan ere antzeko hitzarmenak sinatzeko.
2007/05/22
Omenaldia egingo diete larunbatean Ingalaterrako Southampton hirian 1937ko gudan bertara babes bila heldu ziren ia 400 umeei eta abegikor hartu zituzten familiei. Basque Children of 37 elkarte ingelesak antolatu du ekitaldia. Elkarte hau Ingalaterran gelditu ziren umeak eta euren seme-alaba eta ondorengoek osatzen dute. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Miren Azkarate Kultura sailburua izango da eta baita Euskal Herrira itzuli ziren haur haietariko batzuk ere. Azken hauek gaur bertan aterako dira Ingalaterra aldera ferrian Bilbotik, bi eguneko itsas bidaian duela 70 urte eginiko bidea berregiteko asmoz.
2007/05/22
Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera' Euskal Etxe argentinarreko ordezkaritza bat, Buenos Aires probintzian, San Luis probintziako Villa Mercedes hiriraino heldu zen iragan larunbatean, Arantzazuko Ama Birjinaren irudi bat jasotzera, euskal jatorriko Andra Mari datorren ekainaren 25ean jargiratu edo 'tronuratu' behar baitute Chivilcoyn. Azken boladan, euskal etxeak medio --eta EuskalKultura.com-en argitara emaniko artikuluak ez dira honetan zerikusi gabeak--, hazten ari da Argentinan tradizioz garrantzitsua izan den Mariaren adbokazio honekiko atxikimendua. 2005eko abenduan Villa Mercedesen bertako EEk bultzaturiko dedikazioaren ildoari jarraiki dator oraingoa eta hauen laguntzari esker izan da posible 25ean Chivilcoyko euskal egoitzaren inaugurazio handiarekin batera egingo den jargiratze ekitaldia.
2007/05/22
Ohiko Urteroko Biltzarra egin ostean, karguak berritzeari ekin dio Argentina hegoaldean elkarren ondoan --ibai Beltza tarteko-- dauden Viedma (Río Negro probintzia, Patagonia) eta Carmen de Patagones (Buenos Aires probintzia) herrietako euskal jatorriko komunitatea biltzen duen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' delako euskal etxeak. Erabaki ere, orain arte lehendakari izandako Sonia Beatriz Gastaminzari konfidantza berretsi eta beste bi urterako berraukeratzea erabaki du. Langintza horretan lagun izango ditu, besteak beste, Isabel del Carmen Labiano, lehendakariorde gisa, eta Ana Teresa Moyano, idazkaritzan, hauek ere karguetan berretsiak.
2007/05/21
NABOk, Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Federazioak aditzera eman du jadanik lehenengo Gaztealdi programa honek izango duen egitaraua. Ekimena euren kulturaren garapenean zeresana izan nahi duten 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta ikastaroan euskal kultura sustatzeko ekitaldiak bideratzen ikasiko dute. Ikastaroa Boisen izango da uztailaren 25-27 bitartean, Basque Museum eta Boise State University-ren babesarekin. Irakasle taldea Patty Miller, Lisa Corcostegui, Joseba Etxarri eta John Ysursak osatzen dute.
2007/05/21
Suipachako Euskal Etxeak bukaera eman die Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldiei. Horien artean, herriko intendenteak lagundurik, gertaera gogoratzen duen plaka bat desestali zuten euskal etxeeko kideek Balcarce plazan dagoen haritz kimuaren ondoan. Gainera 'Gernika Bakearen alde' adierazpena irakurri zuten Jauregi Munizipalean eta Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakariak, Carlos Alberto Irastorzak, ekitaldiok 'interes munizipaleko' aitortzen zituen dekretuaren kopia jaso zuen.
2007/05/19
Euskal Herria eta euskal kultura gero eta oihartzun handiagoa ari da lortzen Alemanian. Euskal literatura hasia da alemanez agertzen, euskara-alemana hiztegia plazaratu da, euskal kultura asteak egiten dira Alemaniako hirietan, euskara eta euskal kultura ikasteko aukeran eskaintzen dira unibertsitate germaniarretan... Euskal kultura ahalegin horretan dabil, besteak beste, Martin Petrus, geure kulturaz maitemindutako alemana. Bera da Frankfurt-eko 'Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea' (sic) erakundeko koordinatzaile. Uda honetarako prest dauzkate jadanik ikastaro eta emanaldiak. Jarraian HABE aldizkariak Petrusi iaz egindako elkarrizketa bat berreskuratu dugu, egungotasuna mantentzen duelakoan.
2007/05/19
Urte batzuk dira urrats garrantzitsua emanez Chivilcoyn Euskal Etxea izan behar zuen eraikinaren egitura zutitu zutenetik. Geroztik, luze jo dute obrek, baina hura bertan, euskaldunen kemenak eta burugogorkeriak, apurka, kolorebako porlanezko egiturak bizitasunak eta aktibitateak dakartzan margoz betetzen joan dira. Hauts artean ere, gauzak amaitu barik ere, entsaioak, bilkurak eta ekintzek arimaz betetzen joan dira azken hilabete eta urteotan, lehenago eraikin huts zen hura, 'Etxea' bilaka arazi arte. Izerdiaren lana. Gogoa eta bihotza, aspaldi bildu zitzaizkion gune honi, baina horrekin batera hornikuntza materialaren unea eta Etxe gutxi gora behera amaitua lagun artean inauguratzeko unea ere, une konpartitua, iritsi da. Ekainaren 23an izango da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus