euskal diaspora eta kultura

2007/06/01
'Ispilu bat, bertan begiratu eta ikaskizunak, estudioak eta Diasporako euskaldunak izan beharko lukeenaren soslaia geureganatzeko'. Halaxe aurkeztu zuen Cesar Arrondok Tomas Otaegui (Pergamino, 1870-1932) euskal argentinarra Pergaminoko 'Lagun Onak' Euskal Etxean emandako hitzaldian, Otaeguiren bi biloba entzuleen artean. Arrondoren hitzaldiak 'Tomás Otaegui, argentinar euskaldun bat Euskal Herriko lege zaharren, pentsamendu nazionalaren eta eskubideen aldeko etengabeko hizlari' hartu zuen izenburu eta, aurten abokatu ospetsu honen heriotzaren 75. urteurrenaren karietara, Otaeguik kultura eta ondare komunari Argentinatik eginiko ekarpena aztertu zuen.
2007/05/31
AEBetako euskal etxeetako ordezkariak Nevadako Winnemucca-n elkartuko dira datorren asteko asteburuan NABOk urtero Estatu Batuetako herri diferente batean antolatzen duen Convention edo Biltzar Nagusia egiteko. Bilkurarekin batera, Winnemuccako Euskal Etxeak eta Herriak jai egitarau polita iragarri dute, arituko diren artisten artean Jean Flesher euskalamerikarra eta bere banda, eta Euskal Herritik etorritakoen artean Luhartz talde durangarra. Igandeko mezak gomuta berezia azalduko du herrian bertan duela ezta hiru aste ere hil zen Mike Olano euskaldun ezagutuaren ohoretan.
2007/05/31
Utahko Euskal Etxeak parte hartu du beste urte batez Salt Lake City-ko (AEB) Living Traditions jaialdian. Ekitaldi jendetsu honek aukera ematen die Utahko estatuan biltzen diren komunitate ezberdinei euren kultura, folklorea eta gastronomia erakusteko, eta euskal komunitatearen ordezkari Utahko Euskal Etxeko kideak izaten dira urtero. Euskaldunek ohiko standa jarri zuten, euskalamerikar komunitateko jaki tipikoak eskainiz. Beste urte batez, arrakasta lortu zuten euren proposamenek, eta ez da harritzekoa, puri-purian gertatzen baitira euskal etxekoek bertako bazkideentzat maiz antolatzen dituzten sukaldaritza eskolak.
2007/05/30
Gasteizko Artium Museoko bildumako 12 lanek osaturiko erakusketa ikus daiteke hilabeteotan New Yorkeko Cervantes Institutuaren egoitzan. Maiatzaren 7an inauguratu zen eta irailaren lehena bitartean iraungo du Etxeorratzen Hirian. 'Gizon eta emakumeei buruz' da erakusketaren izenburua eta Picasso eta Miró bezalako maisuen lanak biltzen ditu, azken hamarkadetako euskal artista garrantzitsuenetakoekin batera: Jorge Oteiza, Eduardo Chillida edo Vicente Ameztoy. Irailean Chicagora mugituko da, bertako Cervantes Institutuaren egoitzara.
2007/05/30
'Meanwhile take my hand' liburua --edo 'Bitartean heldu eskutik', euskarazko jatorrizko bertsioan-- ibilbide oparoa egiten ari da Estatu Batuetan, joan den urtarrilean Graywolf argitaletxeak kaleratu zuenetik. Tarte honetan hainbat medioetan kritika onak jaso ditu liburuak, azkenetako bat Harvard Book Review aldizkarian. Musika munduan trebatutako Uriberen poemak 'abestiak bezain argiak eta erritmodunak dira', Liza Flum kritikariaren esanetan.
2007/05/30
Urtero legez, Caracaseko Eusko Etxea-k omenaldia egin zien elkarteko amatxuei, euskal etxearen egoitzako Areto Nagusian egin zen askari batekin. 50 bat ama inguru bildu ziren ekitaldira, 'euskal etxeko zenbait belaunaldi hezitu dituen taldea osatuz', elkarteko iturriek BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez. Aitek ere parte hartu zuten oraingoan eta eguna alaitzeko sari ugari banatu zituen bingo bat egin zen, Frank Pernia eta Unai Azpiritxaga aurkezle.
2007/05/29
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Filipinetako Nueva Vizcaya probintziako beste hiru unibertsitate zentruk lankidetza akordio bat sinatu dute --lau urtekoa hasteko, eta beste lau urtez luza daitekeena-- irakasleak eta gradu eta graduondoko ikasleen trukea errazteko. Nueva Vizcaya State, Saint Mary eta Aldersgate College dira zentruok. Iaz antzeko harremana ezarri zen Ateneo de Manila (sic) Unibertsitatearekin. Azken urteotan EHU gisa honetako tratuak zabaldu ditu Europar Batasunetik kanpoko hainbat unibertsitaterekin, AEBetan, Kanadan, Latinoamerika osoan eta baita Errusian ere, Deiak gogora arazten duenez.
2007/05/29
Elizondo, Erratzu, Donostia, Baztan bailarako kale eta txokoak, marra biziekin eginiko Nafarroako zelaiak... horietxek eta beste askok osatzen dute Jose Otondok Concepción del Uruguay herrian (Argentina) aurkezten duen erakusketa. Margolari euskal argentinarrak iaz Euskal Herrira eginiko bidaian margotu zituen eta Concepción del Uruguayen hilabete osoan ikusgai izan ondoren datozen hilabeteetan Rosarion eta Río Cuarton ere erakutsiko ditu.
2007/05/29
Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) euskara ikasleek egundoko sorpresa hartu zuten Fermin Muguruza kantariak egin zien bisitarekin, Mexikora burutu berria duen biran. Musikari gipuzkoarrak ia bi ordu eman zituen beraiekin, musika, bere bidaiak edota ibilbideari buruz hitzegiten. Euskal kantariak tarte bat egin nahi izan zuen bere agendan ikasle hauekin biltzeko. Horietariko batzuk Muguruzaren kantak ulertu nahian hasi ziren ikasten euskara, eta horren jakitun, Gurutzne Etxeberria irakasleak kantaria kontaktatu eta bisita antolatzea lortu zuen.
2007/05/28
Oso argazki desberdina eman du atzoko udal eta foru hauteskunde egunak Hegoaldeko lau lurraldeetako bakoitzean. Lerroburu gisa, honakoak: Nafarroan UPNk gobernua eta Iruñeko alkatetza gal ditzake, erabateko gehiengoa galdu baitu, CDN ia desagerturik; Nafarroa Bai, indartsu sartu da, PSNren parean edo aurretik; sozialistak, bozkatuenak Donostian, Gasteizen, Araban eta --zinezko ezustea-- Gipuzkoan; EAJk eusten dio Bizkaian, baina gainerakoan motel; PPk Gasteizko eta Arabako gobernuak galdu ditu; Ezker Batua-Aralar apal baino aurrera; EA ez da hondoratu eta duintasunari eutsi dio; ANV-EAEk emaitza onak, eta ordezkatzen duen Ezker Abertzalearen zatia indarrez itzuli da aurkezten utzi dioten bere ohiko barrutietara.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus