euskal diaspora eta kultura

2007/06/05
Euskal Diasporako koru, talde edo besterik gabe kantatzea maite duten lagunek, edota Euskal Herritik kanpoko abesbatza ez-euskaldunek, parte hartu dezakete Eusko Cantat lehiaketa berrian. EuskoSarek antolatu du ekimena, Eresbil (Euskal Musika Artxiboa) eta Euskadiko Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin. Grabaketei botoa Internetez emateko aukera egongo da eta 2.000 euro banatuko dira saritan.
2007/06/05
Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak (FEVA) urtarrilean jarri zuen abian bere kideentzako karneta diseinatzeko lehiaketa. Irabazlearen izena orain eman du aditzera: Horacio Marotto Etxezahar. Epaimahaiak aho batez aukeratu du Marottoren lana prozesuak izan dituen hiru ataletan. Marotto euskal argentinar komunitateko kide gogotsua da eta gaur egun Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxeko lehendakaria. 'Agiri berriaren diseinuan agertu dudana aspaldian buruan bueltaka zebilkidan ideia izan da: Diaspora 'Zortzigarren Herrialdea' dela iruditan azaltzea', esan dio Marottok BasqueHeritage.com-i.
2007/06/05
Azkeneko urtebetean Argentinako hainbat herri eta aretotan aterpe lortu duen 'Eusko irudiak' erakusketa ibiltaria Buenos Aires probintziako Saladillo herrira iritsi da eta bertan zabaldu ditu ateak ekainaren 12ra arte, Saladilloko Euskal Etxearen eta Udaletxearen lankidetza tarteko. Inaugurazio ekitaldira, besteak beste, Jose Luis Salomon alkatea eta Silvina Bordenave Euskal Etxeko lehendakaria bildu ziren. Euskal Herria, eta partikularzki Donostia, bisitatua duen Salomon alkateak euskal paisaien edertasuna eta bertako jendeen atsegina azpimarratu zituen inauguraziora inguratu ziren bisitari eta hedabideen aurrean.
2007/06/04
Aurkeztu berria du Euskadiko Filmategiak iazko bere balantzea. Euskal Herrian eginiko filmekin eta euskaraz edo euskal gaiez eginiko filmen ondarea gordetze lanetan ahalegin berezia ipintzen duen sostengu publikoko erakunde pribatu honek 541.020 metro film errezibitu zituen 2006an, orotara ia 5 milioi metro film-eko fondo edo funtsa osatzera iritsi delarik. Diasporako izenburu gutxi batzuk ere baditu Filmategiak. Aukera hau baliatuz, erakundeak dei egiten die Diasporako euskaldunei euskal gaiez zein euskaraz edota euskaldunek eginiko filme zaharrak badituzte, etxean egindakoak barne, Filmategira zuzen daitezen, ondare hori kontserbatua izan dadin, egoera txarrean dauden filmak hobetu, kopiak egin eta gordetzeko aukera ugari baitaukate gaur egun. Hona Xabier Martin kazetariak Peio Aldazabal Filmategiko zuzendari-zaintzaleari egin elkarrizketa, iragan larunbatean Berriak argitara ekarri zuena.
2007/06/04
Montevideoko Haize Hegoa Elkarteak aurrera darrai bere inguru uruguaiarrean euskal kultura sustatu eta ezagutzera emateko ahaleginean. Datozen hilabeteotan eta urtea amaitu artean prestatu duen egutegian aipa daitezke bere Kultur Zikloaren kultur hedapen hitzaldi sorta berria, partaidetza Immigrazioaren XI Olinpiadan, San Juan gaueko ekitaldia, Eusko Indarra dantza taldearen 25. urteurreneko ekintzak..., beste hainbaten artean.
2007/06/04
Erakundearen araudiak dioenari segituz, Buenos Aires probintzia argentinarreko General Villegas herriko Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordea berritu du, datozen bi urteko agintaldia beteko duten karguak hautatuz. Euskal Etxeak berak plazaratu duen idazkian azaltzen duenez, Rodolfo Ernesto Esaín izan da hautatua 'Villegas-ko Euskaldunak'eko lehendakari, Nekane Olazar Bereau idazkari, eta Yanina Castro Montoya diruzain, beste zenbait karguren artean.
2007/06/02
Kaliforniako (AEB) San Frantziskoko Euskal Etxeak biharko egunean zehar Petaluman ospatuko duen piknikean emango ditu lehenengo aldiz, aurten sortu berriak dituen 'Claude Berhouet Lagun Ona' izeneko sariak. Estreineko aldian Alphonse Acheritogaray, Jean Belleau, Pierro Etcharren, Jean-Leon Iribarren, Jeanne Mazeris eta aita Martxel Tillous-i egokitu zaizkien sariok Claude Berhouet-en izena daramate, egungo Euskal Etxearen eta bertako euskal komunitate antolatuaren oinarriak ipintzerakoan zutabe izan zen hotelero donazahartar/sanfrantziskoar baliosarena.
2007/06/02
HABEko zuzendari Joseba Erkizia eta Euskara Munduan programako zuzendaria, Kinku Zinkunegi, Madrilen izan dira bertako Euskal Etxeko zuzendaritzaren bildu eta euskara klaseak bultzatzeko hitzarmena berritzeko. Ehunda berrogeita hamar bat ikasle dabiltza nagusientzako klaseetan soilik, Haur Txokoan euskara eskolak hartzen dituzten neska-mutilak aparte. Aurtengo kurtsorako HABEk 20.000 eurotako dirulaguntza bideratu dio euskal etxeari.
2007/06/01
Bertako Basque Museum edo Euskal Museoak eskolaurre Ikastola eskaintzen du dagoeneko Boisen --'Euskal herritik kanpo dagoen bakarra', arduradunen hitzetan--. Orain euskarazko irakaskuntzan beste urrats bat eman dute, haurrentzako euskara udalekuak antolatuz. Bi txanda egingo dituzte: bata ekainaren 11tik 15era, Ikastolan ikasi edo euskara pixka bat dakiten umeentzat; eta bestea ekainaren 18tik 22ra, euskara jakin ez baina ikasten hasi nahi dutenentzako. Izena emateko epea datozen egunotan itxiko da.
2007/06/01
Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxeko txikien taldekoak pilota eskolak hartzen ari dira joan den apiril hasieratik, hartu ere munduko txapeldun diren Eduardo eta Ramón Ross chacabucotarren eskutik. Juan Cruz Mioni, Rubén Motta eta Gustavo Labayen begiraleen laguntzarekin, txikiek esku pilota, xare, zesta punta, palita eta paleta argentinarra ikasten ari dira. Ikastaroa Luciana Aramburu, Selva Lescano eta Cristina Larribitek gidatzen duten txikien taldearen programaren parte dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus