euskal diaspora eta kultura

2007/06/21
Madrileko euskal komunitateak eta oro har musikazaleek Euskal Herriko konposatzaileen hamaika kanta entzun ahal izango ditu datozen egunetan, Zamudioko Kamara Korala eta Leioako Kantika Koralaren ahotsetan. Zamudioko taldea 11 emakumek osatzen dute eta euren emanaldia etzi, larunbat honetan bertan, Madrileko San Inazio elizan izango da. Kantika Koralak bestalde, hilaren 29an eskainiko du emanaldia Santa Cruz elizan, Euskal Etxearen egoitzaren 25. urteurrena dela eta.
2007/06/21
Erakundearen araudiak dioenari segituz, Santa Fe probintzia argentinarreko Santa Fe hiriburuko 'Gure Etxea' Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzeari ekin dio ekainaren 8an eta agintaldi berri baterako barne buruzagiak hautatu du. Euskal Etxeak zabaldu duen idazkian jakin arazten denez, Gabriel Papini Jaureguiberry lehendakari duen Zuzendaritza taldeko idazkari da Catalina Villanueva eta diruzain Hernando Garmendia,
beste zenbait karguren artean.
2007/06/20
Euskal Herriko antzinatiko ohiturari jarraiki Diasporako hainbat euskal etxe eta komunitatek San Juan Gaua suarekin lotutako ekitaldiak eginez ospatuko dute. Udako solstizioa (neguko solstizioa hego hemisferioan) eta udari (neguari) ongi etorria egiten dion jai honek kristau santuaren izena eta eguzkiaren boterea eta suaren indar garbitzailea bezalako sinismen jentilak batzen ditu. Izpiritu gaiztoak aldentzeko eta aro berri oparo bati ekiteko aukerak bat baino gehiago tradizioa bete eta suaren gainetik salto egitera eramango du Montevideon, Caracasen, Buenos Airesen, Bartzelonan...
2007/06/20
Cañuelaseko Euskal Etxeak San Juan gauean egin ohi den sua aurreratu egin du aurten eta joan den larunbatean, ekainaren 16an, egin zuen jaia. Cañuelaseko herrikideak bertan parte hartzera gonbidatuta zeuden eta arratsaldeko sei t'erdietan, iluntzen ari zela jada (sasoin honetan Hego hemisferioan egunak laburragoak izaki), kalejira handi batek herriko kaleak zeharkatu zituen, jendea festara deituz. Jai giro eta musika artean ibili zuten bidea sua egin behar zen lekuraino, Alem eta Juárez kaleen arteko bidegurutzean. Bertan hasi zen gauaren parte magiko eta zirraragarriena.
2007/06/20
Hirugarren aldiz jarraian eskuratu dute Gipuzkoako Seguran jokaturiko Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa Jon Ander eta Edurne Azpitarte anai-arreba azkoitiarrek. Bikoteak hogei urte daramatza elkarrekin dantzan eta elkarren tasun eta puntu ahulen berri zehatza dauka. Entrenamendu edo errepika gogorrak egin behar izan dituzte, eta bideoek ere laguntzen dute hobetu edo findu beharreko gauzak detektatzen. Berriak atzoko alean eman zuen argitara Itsaso Ibarrak Edurne Azpitarteri eginiko elkarrizketa hau.
2007/06/19
Euskal musika entzun ahal izango da etzi Sena ibaiaren ertzean, Ekimen konpainiak eta Begatto Kitchen taldeak antolatu duten 'Parisen Kantaldi' jaialdiari esker. Arratsaldeko 18:30etatik eta gaueko 23:30ak arte 25 euskal kantari, dantzari eta musikari arituko dira Île de la Cité irlan dagoen Dauphine place ezagunean. Anaiki korua, Jean Bordaxagar, Robert Larrandabürü, Juana Etchegoin musikaria... izango dira besteak beste entzungai, urteroko hitzordua bihurtzeko gogoz plazaratuko den kantaldi honetan.
2007/06/19
Boiseko Ikastolak eta Basque Museum & Cultural Center-ek arrakastatsu bukatu zuten joan den ostiralean euren aurreneko Basque Summer Camp edo euskarazko haur udalekuaren bi txandetako lehena, euskara zertxobait dakiten haurrei eskainia. Atzo hasi zuten bigarrenera euskara ezagutu ez baina ikasi nahi duten neska-mutikoak bildu dituzte. Idaho Statesman egunkariak lehen txandako haurren esperientzia jaso du, euskaraz eta ingelesez eginiko bideo ederrean.
2007/06/19
FEVAk eginiko deialdiei jarraiki, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxean egin zen dantza taldeen zuzendarien eta gazteria arloko arduradunen bilkura joan den ekainaren 11an. Lehendabizikoen aldetik, bileraren helburua datorren Euskal Astean egingo den dantza erakustaldiko egitaraua erabakitzea zen. Gazte arloari dagokionez, arduradunek joan den urteko abuztutik hona gazte taldeek euskal etxeetan egin duten lana aztertu zuten. Bestalde, dantza talde bakoitzak urriko Euskal Astean egingo dituen dantzak erabaki zituzten.
2007/06/18
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak 2007-2008 ikasturtean eskainiko dituen online ikastaroak aurkeztu ditu. Kurtso berriari begira Eusko Ikaskuntzak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU-UPV) eta UNEDekin programak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko. Aurtengo kurtsoko eskaintzako parte dira 'Eusko Ikasgaien' ikastaroa (Jakinet), Euskal Etnografia edota Europar Batasuneko Konstituzioaren Zuzenbidea. Jakineten kasuan Diasporako ikasleek %100eko bekak eskura ditzateke. Matrikulazio epea urrian bukatuko da, baina bekak lehenbailehen eskatu behar dira.
2007/06/18
Andres Irujo Sariaren 2007ko deialdia argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko Buletin Ofizialak joan den ostiralean. Ohi bezala, euskal diasporari eta Euskal Herritik kanpoko euskal presentziari lotutako sormen eta ikerketa lanak aurkez daitezke. Lanak irailaren 4aren aurretik bidali beharko dira Eusko Jaurlaritzara, Lehendakaritza saileko Kanpo Harremanetarako Idazkaritzara hain zuzen (Nafarroa 2, 01007 Vitoria-Gasteiz, tel: 945-018127) edota, Jaurlaritzaren barne eta kanpo Ordezkaritzetara. Deialdiaren testu eta oinarriak interneten daude.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus