euskal diaspora eta kultura

2007/06/27
Buenos Aires probintzia argentinarreko 'Oneratu' Euskal Etxe gazteak euskal tradizioen ildoari jarraitu nahi izan zion joan den larunbatean eta San Juan sua antolatu zuen estreinekoz arratseko sei t'erdietatik aurrera, bere lagun eta bazkideei eta oro har Castelliko herritarrei parte hartzeko deia eginez. 'Oneratu' Euskal Etxea iaz sortu zen, duela 51 urte herrian bertan fundatu zen beste euskal etxe baten lekukoa jasoz.
2007/06/26
Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxeak maila bikainarekin gainditu zuen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldiaren erronka. Estatu osoko lagun asko bertaratu ziren eta nahiz eta euskal etxeak neurri honetako ekitaldia antolatzen zuen lehen aldia zen oso ondo atera zen dena. Larunbatean 250 bat lagun bildu ziren Txoko Onak antolatu zuen afarira. Igandean, eguraldi ona lagun, euskal dantzak, musika, erakusketak, harrijasotzaileak eta beste ekitaldiak egin zituzten elkartearen kanpo aldean.
2007/06/26
Zazpirak Batek izango du aurten Euskal Astea antolatzeko ardura eta giroa berotzen hasi asmoz bi lehiaketa eta txikientzako jarduera bat jarri ditu abian. Afitxeen lehiaketa, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurreneko lehiaketa eta haurrek egingo dituzten postal erakusketa dira jarduerak eta hiruek euskara dute hari nagusi. Deialdia euskara ikasle eta irakasleei zuzendua dago eta lehiaketen zein postalen jardueraren emaitzak Euskal Astean ikusgai izango dira (urriaren 5, 6, eta 7an), Rosarion.
2007/06/25
Hitzordua La Platako Euzko Etxean izango da, uztailaren 14ean. 2006ko irailean hasitako ekimenari segida emanez, bigarren topaketa honen helburua aurreko bileran egon zirenekin berriz bildu eta batzen diren kide berriak ezagutzea da. Topaketako ekitaldien artean hainbat mintzaldi antolatu dira, liburutegietako kideek euren esperientziak ezagutzera eman eta konpartitu ahal izateko.
2007/06/25
Chivilcoyko Euskal Etxea nolabaiteko iraultza bizitzen ari da azken egunotan, bere egoitza propioaren inaugurazioarekin. Eta ez hori bakarrik, egoitza fisikoa egitea nahiko lana izan ez eta Chivilcoyko euskaldunek egoitza birtuala ere jarri dute abian: Euskal Etxearen bloga. Atzo bertan hasi zen interneteko bitakora hau mezuak argitaratzen eta elkartearen azken berriak heleraziko dizkie Beti Aurrerako bazkideei eta munduko lagunei.
2007/06/23
Washingtongo SilverDocs jaialdia dokumental munduan garrantzitsuenetako bat da, izan ere, Discovery Channel telebista kate famatuak antolatzen du. Raúl de la Fuentek zuzenduriko 'Nomadak TX' dokumentalak bertan eskuratu berri du bere azken saria, nazioarteko ibilbide arrakastatsuan azkena, momentuz. Estatubatuar epaimahaiaren esanetan txalapartaren inguruan egindako road-movie honek egi bihurtzen du 'musika hizkuntzarik unibertsalena' dela dioen esaldi famatu hura.
2007/06/23
Aurten Estepan Urkiaga, Lauaxeta, poeta mungiarra 36ko gudan fusilatu zuteneko 70. urteurrena betetzen da eta Madrileko Euskal Etxeak omenaldia egin nahi izan zion, izan ere poesia irakurraldi batekin. Ekitaldia euskara hutsean gauzatu zen eta Lauaxetaren poesiak Alfredo Vicent gitarrajolearen musikaren laguntasuna izan zuten, Jorge Etxague antolatzaileak BasqueHeritage.com-i azaldu dionez. Ane Bastida euskara irakasleak irakurri zituen olerkiak eta Jorge Etxague berak Lauaxetaren bizitza eta lanari buruzko mintzaldia eskaini zuen.
2007/06/22
Elkarteko 80 bat bazkide eta lagun bildu ziren ekitaldira eta giro ederrean afaldu zuten euskal etxearen aurrerapauso hau ospatzeko. Egoitza berria Fasciolo kaleko 51an alokatutako areto bat da eta hemendik aurrera bertan egingo dira euskal etxearen jarduera eta ekitaldi guztiak. Irekiera ekitaldian elkarteak azken urteetan bultzatu dituen ekimenen errepasoa egin zuten eta datozen ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu zuten Villegas'ko Euskaldunak euskal etxekoek. Hurrengo hitzordua uztailak 7a, San Fermin!
2007/06/22
Batek baino gehiagok sagardo kupel batean must egiten duenaren irudia izango du buruan, baina ez, Alemaniako Euskal Ikaskuntzen Etxeko (EIAE) ikasleek egin zuten murgiltze/ikastaldia ez zen hain drastikoa izan. Alemaniako alde honetan sagardo tradizio handia dago eta euskal sagardoaren antzeko mota bat ere egiten dute. Euskal Herriko sagardo ohiturei buruz hitz egitea euskal estiloko sagardoa dastatuz zen klase praktikoaren helburua eta azkenean taldeko 25 ikasleek, alemaniarrek eta euskaldunek uste baino antzekotasun gehiago dituztela erabaki zuten.
2007/06/21
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Koldo Mitxelena kulturguneak antolatu duten BatekMila erakusketak ateak irekiko ditu larunbat honetan Baionan. Erakusketak bidaia bat proposatzen du gaur egungo euskal kulturan zehar, euskaldun izateko era desberdinak taularatuz, bai Euskal Herrian eta baita munduan ere. Diasporako euskaldunengana iristeko asmoz EKEk erakusketaren bertsio birtuala sortu du. Bertan argazkiak, bideoak eta munduko euskaldunen testigantzak ikus eta entzun daitezke.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus