euskal diaspora eta kultura

2007/07/07
Ehunda berrogeita hamar bat pertsonek hartuko dute parte astelehenetik aurrera Bilbon, Euskalduna Jauregian eta ostiralera arte egingo den Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarrean. 'Zubigintzan' da lau urtean behin antolatzen den bilkura honen aurtengo edizioaren eslogana. Honako herrialdeetako ordezkariak bilduko dira Bilbora: Argentina, Australia, Brasil, Kanada, Kolonbia, Kuba, Txile, El Salvador, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Mexiko, Peru, Erresuma Batua, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.
2007/07/07
Igande arratsaldez hasiko dira Bilboko hotelera heltzen Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarrean parte hartu behar duten ordezkari eta kongresistak. Bilkurako egitarauak Euskal Herriko leku ikusgarri batzuetarako bisitak baitaratu ditu bilera eta ekitaldi trinko bati uztartuta. Astelehenean, Lehendakaria bertan dela, irekiera ekitaldia egingo da Guggenheimen eta Ibarretxek berak eskainiko dio azkeneko egunean, Ajuria-Enean, Biltzarrari amaiera formala emateko inguru egokia. Bi egun horien artean, egitarau osatua. Hona, azken orduko aldaketa txiki batzuk erantsita, lerro hauek idazterakoan indarrean dagoen programa.
2007/07/07
Euskal Herriko gazteen nahiak, kezkak, joerak eta bizimodua ezagutu nahi dituenak badu leiho zabal eta gardena Gaztezulo.com-en. Duela zazpi urte Donostia aldeko Irutxulo aldizkariko gehigarri gisa sortu zenak erronka berriak lantzeari ekin dio. Apirilaz geroztik garai berri bati hasiera eman zioten paperezko aldizkaria berritu eta web gune oso bat kaleratuz. Paperezko aldizkariari dagokionez, 6.500 harpidedun dauzkate eta hilabetero orotara 10.500 bat ale inguru banatzen dituzte. Orain, webgunea jadanik plazan, Euskal Herri geografikoko gazteengana ez ezik, mundu osoko gazte euskaldunengana iritsi nahi dute Gaztezulokoek. Horregatik euren mezua: 'bisita ezazu gure webgunea'.
2007/07/06
San Fermin da doaike munduko nafar etxeek urtean zehar antolatzen dituzten besten artean ospatuena. Munduko euskal etxeetara biltzen diren nafarrek ere ospatzen dute, Estatu Batuetan esaterako Elkon, non bertako lesakarrek, Basque Clubeko gainerako bazkideekin batera, entzierroa eta guzti korritzen duten. Historikoki, AEBetako Mendebaldera iritsitako emigrazio nafarra euskal etxeen inguruan antolatu izan da. San Franciscoko Euskal Etxeko nafarrak, adibidez, zurigorriz jantziko dira heldu den asteburuan eta 'sanfermin giroko poteoa' iragarri dute hiri kaliforniarrean. Beste toki batzuetan, hala nola Argentinan, Txilen eta espainiar estatuko hiri batzuetan, nafar etxeek gogor ekingo diote besta ospatzeari.
2007/07/06
Momentu bereziak biziko dira hain segur heldu den igandean Bidarrain, bertako Herriko Etxeak, Euskal Kultur Erakundearekin (EKE), San Franciscoko Euskaldunekin eta Bidarraiko Otxaldetarrak batasunarekin bateginik, Frederic Fuldain herriko semeari eginen dioten omenaldian. Iaz San Franciscon hil zen Fuldain gazterik joan zen AEBetara --Bakersfieldera eta fitexko San Franciscora-- eta lan ederra egin zuen Kalifornian San Frantziskoko euskal komunitatearen eta Euskal Etxearen alde. Omenaldiko partaideetako multxo bat Ameriketatik etorriak izanen dira, Frederic lagunaren ohoratzeko.
2007/07/06
2007ko uztailaren 10etik irailaren 30era, Gernikako Bakearen Museoan Picassoren Guernica prestatzeko 23 zirriborrok eta 'Ama haur hilari deutsola' egindako olioak osatutako erakusketa aparta izango da ikusgai. Lan guztiak Madrilgo Centro de Arte Reina Sofia Museo Nazionalak aldi baterako utzitakoak dira, bonbardaketaren 70. urteurrena dela eta. Museoak, ordea, ez du 'Guernica' margoa herri bizkaitarrera eramatea onartu, garrioan izan ditzakeen kalteengatik.
2007/07/05
Iruindarrak eta egunotan nafar hiriburura helduko diren bisitari andana aurtengo San Fermin jaiak noiz hasiko zain irrikitan daude jada. Bihar bertan, eguerdian, Gaztelu Plaza jendez gainezka egongo da txupinazoarekin jaiei hasiera emateko. Diasporan ere asko izango dira eguna segitu eta euren jaia egingo duten euskal etxeak. Batzuk, Nevadako Elkoko euskal etxea kasu, joan den asteburuan egin zuten jaia, nahiz eta aurten zezenik ez zen heldu euren entzierro famatura. Beste askok, Argentina, Mexiko edota Venezuelan, asteburuan ekingo diote bestari.
2007/07/05
Urtero legez uztaila heldu ahala Bariloche hirian, Argentinako Patagonian, dena prest dago Europar-Argentinar Kolektibitateen jaialdia ospatzeko. 1978az geroztik egiten den jaialdia da hau eta bere helburua herrialde honetara bizi berri baten bila heldu ziren inmigranteen ohiturak mantendu eta zabaltzea da. Euskal kolektibitateak parte hartze garrantzitsua du jaialdian eta azken hogei urteetan antolakuntza taldean egon da, beste hamar kolektibitateekin. Gogor aritu dira lanean euskaldunak egunotan, etzi hasi eta igandean bukatzen den jaialdirako dena prest egon dadin.
2007/07/05
Necocheako euskal komunitateak afari jendetsuarekin ospatu zuen San Juan gaua, hiriko lagun eta bazkideak bildu zituen ekitaldian. Besta hau hitzordu klasikoa bihurtu da Necocheakoko urteko agendan eta urtetik urtera herritar gehiago biltzen ditu. Jaialdia San Juan suarekin hasi zen eta bertan Sorgina erre zuten, txalo handien artean desio eta gurariak eskatuz. Ondoren afariari ekin zioten elkartearen egoitzan, euskal musika eta dantza ikuskizun batekin girotua.
2007/07/04
Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak egotzi dizkie estatu espainiarrean zehar barreiaturiko hamazazpi nafar etxe eta elkarteri, orotara 160.780 euroko kopuruz. Nafar elkarteok estatuko hamalu herri eta hiritan kokaturik daude, bi Madrilen eta beste bi Zaragozan, azken hiri honetan baitauka egoitza, bertako Nafarroako Etxearekin batera, Nafar Etxeen Federazio Nazionala delakoak. Dirulaguntzak hiru kontzeptupean banatu dira gehienbat: inbertsioak, kultura ekintzak eta funtzionamendu gastuak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus