euskal diaspora eta kultura

2007/07/13
Uztailaren 7an, San Fermin egunean, Buenos Aires probintziako Chivilcoy hiriko Euskal Etxeak 24. urteurrena ospatu zuen eta baita jende andana bildu ere, elkartearen osasun ona eta bizkortasuna dela eta jai egiteko. 2007 urte oparoa izan da chivilcoytarrentzat, egoitza berria dute, interneten blog dinamikoa egiten ari dira eta larunbatero haien berri entzun daiteke La hora de los vascos-Euskaldunen garaia- irratsaioan. Arrazoirik ez zitzaien falta urtebetetzea handitasunez ospatzeko.
2007/07/12
Aurrera darrai Euskal Gizataldeen IV mundu Biltzarrak eta Bilboko Euskalduna jauregian egiten ari diren jardunaldiak Diasporaren ekimen eta ahaleginen erakuslehio bihurtu dira. Munduko euskaldunak aurrez aurre ezagutzeko topalekua da biltzarra eta bertara 'ideiak hartu eta noski, ematera ere' etorri dira hainbat euskal etxeetako ordezkariak, euren bideo eta agurretan adierazi zigutenez. Lehenengo emanaldian bideo horietariko batzuk aurkeztu genizkizuen; gaur, agindu legez, honatx ordezkarien bideoen bigarren partea.
2007/07/12
'Guarani Mbyá nazioko indigenei buruz ari garenean, harridura mirespena bilakatzen zait', mezu hau ozen eta lau haizetara zabaldu nahi du Estebe Ormazabal São Paulo hiri brasildarreko euskal etxeko presidenteak. Hiri erraldoi honetan, badira lau herrixketan antolaturik bizi diren Guaraniak. Hau gutxi balitz, zur eta lur gelditzen gara jakitean, herrixka hauetako umeak eta Itsasondokoak (Gipuzkoa) 'lagun minak direla'.
2007/07/11
Atzo goizean jarri ziren abian Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarreko lan jardunaldiak. Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikariak eta Jaurlaritzako beste sailetako adituak aritu ziren, besteak beste, goizeko txanda honetan. Euskal Etxeei buruzko datu eta zifra andana eman zituzten, eta lau urte hauetako balantzearekin batera errietatxo bat ere egin zieten hainbat elkarteei Jaurlaritzak behar dituen euskal etxeei buruzko datuak garaiz ez emateagatik. Goizeko azken txanda Alfredo Asiainek izan zuen, Nafarroako Ondare Ez-Materialaren Artxibategiko zuzendari teknikoak. Asiainek euskal etxeen ondarearen parte hori gordetzearen garrantzia azpimarratu zuen, orain zaintzen hasi ezean galtzeko arriskuan omen dago eta.
2007/07/11
Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarrera etorri diren ordezkari eta partehartzaileen agenda estua da egunotan, baina astelehenean Bizkaiko Kostaldean egin zuten txangoarekin hasi zen, Bermeo eta Bakio aldean. Aurreko biltzarretan ezagututako lagunak agurtu eta munduko behainbat herrialdetako euskaldunak ezagutzeko parada izan zen. Jatorri eta hizkera desberdinak, baina helburu bera: euskal kultura munduan zabaldu eta bultzatzea. Beraiek direlako protagonista, guk bideo hauetan hitza eman diegu euren burua aurkeztu eta asmoak azal diezazkiguten. Hauetxek dira batzuk, bihar bigarren zatia.
2007/07/11
Surik izeki ez zuten arren, musikak, janariak eta irudimenak ehun bat lagun bildu zituen Buenos Aireseko Iparraldeko Etxean akelarrearen inguruan. Guztia goitik behera oihal ilun, puxika beltz eta paperezko sagu zahar eta Aker erraldoi batekin apaindu zuten. Hau gutxi balitz, zurrakapote izeneko edabe 'magiko' bat ere banatu zuten bertaratutako sorgin eta aztien artean. Ikusitakoak ikusirik, inor ez dadila harritu Buenos Aireseko zeru goietan sorginen bat irrintzika ikusten badu.
2007/07/10
Guggenheim Museoan eginiko ekitaldi batek abiarazi zuen atzo Bilbon Europa, Amerika eta Australiako 18 estatutako euskal etxeetako ordezkariek datorren ostiralera arte garatuko duten IV Mundu Biltzarra. Ibarretxe buru zela eginiko irekiera saioak urteurrena ospatzen zuten munduko bost euskal etxe omendu zituen lehenik: AEBetako Gooding (25 urte) eta San Frantzisko (25), Madril (25), Paris (50) eta Mexiko (100 urte). Hitzaren aldetik, Iñaki Agirreren aurkezpen hitzek Ibarretxe lehendariaren ongi-etorri hitzaldiari eta Gloria Totoricaguenaren hitzaldi gogoetatsu eta aholkuz beterikoari eman zioten tokia. Amaia Zubiria kantariaren saio txiki batekin amaitu zen Euskal Gizataldeen IV. Munduko Bitzarraren inaugurazioa markatu zuen atzoko ekitaldia.
2007/07/10
Joan den apirilaren 12an hasita, Euskal Kultura ikastaroak eman ditu Mar del Platako Euskal Etxeak, astean bitan. Azken klasea uztailaren 5ean izan zen eta ikasle zein irakasleek ekimenaren balorazio oso ona egin dute. 'Berrogei bat lagunek parte hartu duten klaseetan: euskal etxeko kideak, zuzendaritza batzordekoak, dantzariak, euskara ikasleak...', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Verónica Domingok, ikastaroko arduradunak. Ikastaroaren helburua euskal kultura zabaltzea izaki, arduradunek klaseetan emandako ikasgaiak eta apunteak interesa duen edonori e-mailez bidaltzeko eskaintza egin dute. Apunteak eskatzeko, e-maila bidali hona .
2007/07/09
Berrehun bat pertsona --tartean zenbait dozena amerikano-- bildu ziren atzo goizetik Bidarraira Frederic Fuldain euskal amerikarrari eskainitako omenaldira. Bidarrai bereko Herriko Etxea, Euskal Kultur Erakundea (EKE), San Franciscoko Euskaldunak eta herriko Otxaldetarrak elkartea antolatzaile, omenaldi xinple bezain polita izan zen, lagunek lagunari eginikoa. Bertan zirenetako batzuk egun bereko bigarren saio batean ere parte hartu zuten, Bidarraikoaren ondotik Bilbora mugitu baitziren arratsaldez, gaur gauean hasiko den Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarrean parte hartzeko.
2007/07/09
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) Ikerketa Masterrak edo Doktorego Programak egin nahi dituzten ikasleentzako laguntza deialdia argitaratu du. Euskal Autonomi Erkidegoko zein atzerriko ikasleek eskatu dezakete laguntza hau. Master eta Doktorego Programa bakoitzeko bost laguntza emango dituzte eta laguntzak bi motatakoak izango dira: urtean 3.000 eurotako laguntza Euskadin bizi diren ikasleentzat; eta 4.500 euro urtean atzerriko ikasleentzat. Laguntzak eskatzeko epea uztailaren 30ean itxiko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus