euskal diaspora eta kultura

2007/09/21
Hamarretik bederatzik, euskara arrotz. Umezurtz da euskara Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lizeoetan. Euskararen Erakunde Publikoak 2004-2005ean egindako inkesta kuantitatiboan agertu emaitzen argira, Ipar Euskal Herriko lizeoetan ikasten duten hamar ikasletik bederatzik ez dute euskara edo euskaraz ikasten. Murgiltze ereduari so eginez, emaitzak oraindik kezkagarriagoak dira, %2,4 baizik ez direlako. Gainerakoak eredu elebidunetan ari dira (%2,3) edo euskara ikasgai gisa dute (%4,4). Kopuruak ez dira geroztik emendatu eta urte luzeak beharko dira, neurri ausartekin batera, joera hori aldatzeko. Aitor Renteriak sinatua da Berrian agertu artikulua.
2007/09/21
Gaston Inchausti aurrelari argentinarra, 17 urteko pilotaria, irailaren 6tik 15era South San Franciscon zazpi naziotako pilotareni artean jokatu den Mundu Pilota Batzarreko lehenengo txapelketako aurkikuntza izan da. Argentinak larruzko pilota paleta sailean lortutako brontzezko domina bakarrarekin konformetu behar izan bazuen ere, bertan zeuden herrialdeetako teknikoek txapelketako aurkikuntza gisa aipatu dute Insausti, bere kalitateagatik eta lanabesa erabiltzeko indarrarengatik. Batzuek esana dute jadanik Pablo Fusto berria izango dela, Bilbon profesional gisa ari den txapeldun argentinarrarekin alderatuz.
2007/09/21
Iñaki Urlezaga munduan zehar dantza ikuskizunak emateaz gain bere konpainia propioa mantentzen duen ballet dantzari pribilejiatu horietakoa da. Urriaren 19 eta 20ean 'Giselle' lana aurkeztuko du Buenos Aireseko Luna Park-en eta udazkenean bira egingo du Europan zehar (Espainia, Italia eta Turkia). Balletin Dance aldizkari espezializatua euskal argentinar dantzariarekin solastu da, jarraian itzuli eta laburtzen dugun elkarrizketan.
2007/09/20
'Oso gustura' amaitu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Brasil eta Argentinan zehar egin berri duten bira, joan den asteartean, Buenos Aireseko Coliseo Antzokian emandako kontzertuarekin. Emanaldia oso berezia izan zen, batez ere bertara bildu ziren euskaldunentzat, orkestrak Aita Madinaren 'Orreaga' jo baitzuen, Buenos Airesen idatzi eta estreinatu zenetik 53 urte bete diren honetan.
2007/09/20
Euskal Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegiaren edizio berriaren egoitza izango da Donostia datorren urrian, Hamaika Bide elkarteak antolatuta. Aurtengoan 'Erbestea: Historia eta Kulturarako eztabaida bat' hertuko du mintegiak izenburu. Jardunaldiak irekiak izango dira eta Deustuko Unibertsitatearen egoitza donostiarrean eta Udal Liburutegian egingo dituzte. Diasporak leku nabaria izango du mintegian eta Sebastian Amorrortu edota Martin Ugalde bezalako pertsonaien lana aztertuko dute.
2007/09/19
Euren sustraiak eta familia jatorriei buruz jakinmina izan baina sekula genealogia munduan sartzeko pazientzia edo astia izan ez dutenek aukera bikaina izango dute urriaren 13 eta 14ean Biriatun, Lapurdin, egingo diren I Genealogia eta Tokiko Historia Topaketetan. Antzinako eta GHFPBAM elkarteek antolatu dute 'genealogia azoka' hau eta hasiberri zein adituentzat eskainiko dituen proposamenen artean artxiboetan datuak bilatu eta genealogia software berrienak erabiltzen ikasteko doako tailerrak egongo dira.
2007/09/19
Gipuzkoako Gaztelupe Korua Mexikon da egunotan, Queretaro, Guanajuato, Zacatecas, Guadalajara, Morelia eta Mexiko DFan barrena bira turistiko-musikala eginez. Hiriburuan izango dute larunbat honetan birako hitzordu nagusia, Euskal Etxearen Mendeurrena dela eta emango duten konztertuarekin. Joan den astean kantariak Queretaron izan ziren eta agerian utzi zituzten bertan eurekin daramatzaten giro alaia eta ahots ederrak, Vascosmexico.com webguneko kamarak bideoan bildutako bapateko kontzertu batek azaltzen duenez.
2007/09/19
La Plata euskal etxe argentinarreko 'Matxin Burdin' Liburutegitik jakin arazi dutenez, sarean dira dagoeneko, La Platako Euzko Etxea-ren webgunean, joan den uztailean bertan antolaturiko Gizataldeetako Liburutegien II Bilkurako emaitza eta azken ondorengoak, elkarretaratzeari dagozkien jakingarri guztiekin, 'Martxin Burdin'eko Maria Fernanda Astigarraga eta Gladys Medina liburuzain arduradunek aurreratu dutenez, bestalde, III Bilkura datorren urtean egingo da, Buenos Airesen, bertako Liburutegi Galegoak antolaturik.
2007/09/18
San Frantziskoko Basque Cultural Centerek euskal pilotaz beteriko egunak bizi izan ditu: I. Euskal Pilota Txapelketaren finalak jokoan izan ziren larunbatean, eta igandean sari banaketa egin zuten bertan. Kirol arloan txapelketak Euskal Herriko ordezkarien sasoin ona erakutsi du, eurak irabazi baitute kategoria gehienetan. Txapelketak giro bikaina ekarri du San Frantziskoko BCCra eta pilotazale asko bildu da bertan partidak ikusteko.
2007/09/18
Orrialde hauetan iragarri bezala, bildu ziren irailaren 8an Nevadako Gardnervillen, bertako Carson Valley Country Club-eko euskal jatetxean, Estatu Batuetako erroibartarrak. Umore ona nagusi eta lagunarteak dakarren txantxa giro jatorra zeriola, ekitaldia sorleku berekoak sustraien inguruan batzeko aukera ederra izan zen, hango eta hemengo kontu zahar eta berrien kontaketan, doaike bihotzak alaitzeko balio izan zuen elkarretaratze politean. Laugarren deialdia eginik, bosgarrena heldu den urterako adostu da, Gardnervillen, iraileko bigarren asteburuan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus