euskal diaspora eta kultura

2007/10/19
Juan Kruz Igerabide euskal idazle eta poeta Brasilen izango da hil honen bukaeran Sao Paulo hirian egingo den poesia jaialdian parte hartzeko. Topaketa urriaren 30etik azaroaren 4a bitartean egingo da eta 25 idazle iberoamerikarrek hartuko dute parte. Igerabidek euskarazko hiru poesia irakurraldi eskainiko ditu jaialdian eta laugarren bat ere egingo du ziurrenik Sao Pauloko Euskal Etxean. 'Jaialdian izango diren poeten artean ezagutzen ez ditudan asko daude eta ze poesia egiten duten jakiteko interes handia daukat', azaldu dio idazleak EuskalKultura.com-i.
2007/10/19
Sao Pauloko Euskal Etxeak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, euskal-brasildarren memoria historikoa berreskuratzeko ekimenari ekin dio. Bere asmoa Brasilgo euskal komunitatearen argazki, material eta dokumentu-ondare historikoa bildu eta gordetzea da. Ekimenak bi zati ditu, alde batetik argazki eta dokumentu bilketa, eta bestetik euskal ondareari buruzko ikerlanen sustapena. Euskal Etxetik, gonbitea luzatzen diete parte hartu nahi duten guztiei, eurekin harremanetan jar daitezen.
2007/10/19
Euskararen ezaugarrietara propio egokitutako Elebila euskarazko lehenengo bilatzailearen aurkezpena aste honetan egin da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Orain arte Google eta Yahoo edota Aurki eta Kaixo bezalako bilatzaileetara jo behar genuen sareko euskarazko informazioa lortzeko, emaitzak mugatuak izan arren. Elebilarekin ordea, esaterako 'kultura' hitza arakatzen badugu, emaitzen artera hitza deklinatua agertzen duten webguneak ere bilduko zaizkigu, 'kulturaren', 'kulturak' edo 'kulturetarako' konparazio, orain arte ez bezala. Bestalde, prest eta eskuragarri dago sarean Euskalbar barra, euskal hiztegi erabilienak erraz, azkar eta egoki kontsultatzeko tresna baliagarria.
2007/10/19
Azaroaren 4ean ospatuko du Ongi Etorri Euskal Etxeak Euskal erara egindako Txorizo eta Odolkiaren 9. Festa, Magdalena-tik gertu dagoen Los Charitos zelaian, Buenos Aires probintzia argentinarrean. 1999. urtean udal intereseko festa izendatu zuten ekitaldi hau nazio mailan mota honetako bakarra da. Lehiaketa irabazteko hestebeteak euskal moldeari jarraiki eginak behar dute izan. Euskal eta argentinar folkloreaz gozatzeko aukera eskaintzen ere zaio publikoari.
2007/10/18
VascosMexico posta zerrendak, izen bereko webgune eta elkartearen haziak, lau urte bete ditu egunotan. Bere sorrera urriko larunbat batean gertatu zen, Jaione Arrieta sustatzaileak Mexikoko euskal komunitatea harremanetan jartzeko komunikabide baten beharra ikusi zuenean. Harrez gero, VascosMexico familia handi bat bihurtu da eta posta zerrendak 500 kide inguru eta webguneak 1255 erabiltzaile harpidetu bildu ditu. Orain elkartea babes eta finantziazioa eskuratu nahian dabil, etorkizunari begira Mexikoko euskaldunen topagune birtuala izan den ekimena sendotu ahal izateko.
2007/10/18
Unai Elorriaga idazle getxoztarra Italian da egunotan, 'S.P.-rako tranbia' bere eleberriaren italierazko bertsioa aurkezteko. Gran Via argitaletxeak plazaratu du lana eta Lara Cutik itzuli. Idazleak asteartean hasi zuen aurkezpen bira Genoan eta gaur, bihar eta etzi Milan, Bologna eta Bergamon izango da. Eleberria gaztelerara, ingelesera eta alemanera itzulia izan da jada eta zinemara ere eraman dute, 2008an estreinatuko delarik.
2007/10/18
Kepa Rekakoetxea eta Jose Antonio Torrontegi euskal enpresariak Chivilcoy-ko Beti Aurreran egon ziren joan den larunbatean, azkeneko hau bere emaztearekin batera. Torrontegi, enpresaria izateaz gain, Mungiako alkate ohia da eta senadoreri jeltzalea Espainiako parlamentuan. Vetrano familia bisitatzeko iritsi ziren Chivilcoy-ra eta Euskal Etxea ezagutzeko gogoz. Bertatik esker onez gonbidatu zituzten eta elkarrekin afaltzeko aukera izan zuten. Topaketaren ondorioz Chivilcoy eta Mungia senidetzeko proposamena sortu zen.
2007/10/18
Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu du aste honetan telefonia arloko konpainiekin eta mugikorren fabrikatzaile nagusiekin, euskararen presentzia bermatzearren eta euskara hizkuntz menuko bat gehiago gisa ager dadin terminaletan eta oro har Euskadiko telefonia zerbitzuetan. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak sinadura ekitaldian azpimarratu zuenez, 25 urte azpiko gazteen %50etik gora elebidunak dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bederen eta 30 urtetik beherakoen artean %77,3 gauza da mugikorra euskaraz erabiltzeko. Akordioa, mugikorra euskaraz erabili nahi duten hiritar guztiei eskubide hori bermatzearren sinatu da.
2007/10/17
Erbesteari buruzko 8. Mintegia gaur bertan hasiko da Donostian, Hamaika Bide Elkarteak eta Euskal Herriko eta atzerriko hainbat unibertsitatek antolatuta. Larunbata bitartean nazioarteko ikerlariek erbesteari buruzko eyren azken lanak aurkeztuko dituzte bertan. Mintegira bildu ezin direnentzako Hamaika Bide elkartearen webgunean euskal erbesteko pertsonaien biografiak eta beste zenbait material dago kontsultagai.
2007/10/17
Frankfurteko Liburu Azokaren azken ediziorekin gustura agertu dira euskal editoreak eta euskal literaturak gero eta jakinmin gehiago sortzen duela baieztatu ahal izan dute Alemaniako topaketa honetan. Aurten euskal idazleek --Arantxa Urretabizkaia, Edorta Jimenez, Xabier Montoia...-- egin dituzten aurkezpen eta irakurraldiek azokaren esparrua gainditu dute eta hiriko kultur eskaintzarekin bat egin dute Café Exzess aretoan eraturiko Euskal Literatur Gauarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus