euskal diaspora eta kultura

2007/10/26
Gorka Larrañaga azkoitiarrak bi urte daramatza Mexikon, eta Arte Ederretako ikasketak burutzera etorri bazen ere, orain Euskara eta Euskal Kultura Ikastaroetako irakasle bezala dabil buru-belarri, bere kultura mexikarrekin partitzeko lanetan. 'Euskaldun eta euskal kulturaren parte eta eragile naizen heinean, gure errealitatearen ikuspegi hori helarazi nahi diet ikasleei', agertu dio EuskalKultura.com-i.
2007/10/26
Deialdiak Salta, Formosa, Santa Fe, Córdoba, Mar del Plata eta La Pampa-tik etorritako senideak biltzea lortu zuen Villa Elisa herriko Cabaña El Rincón-en, Buenos Aires probintziako La Plata hiriburu aldean. Ez ziren falta izan ikurriñak ezta Argentinako banderak ere. Zuhaitz genealogiko erraldoi bat ere ipini zuten pareta batetan. Fernanda Goizueta antolatzaileak Euskalkultura.com-i adierazi dionez topaketak harremanak estutzeko balio izan du dudarik gabe, bai aldez aurretik ezagutzen zirenen artean eta are gehiago ezagutzen ez zirenen artean.
2007/10/26
Argentina eta Txileko Nafar Etxeetan biltzen diren nafarrek buruzagitza aldatu zuten joan den abuztuan. Oscar Esparza, Mar del Platan egoitza duen Hegoko Nafar Etxeko presidentea, hautatu zuten Argentina eta Txileko sei nafar etxeetako presidente, lekukoa hartuz bi kargu horiek uztatuak zituen Marcelo Domingori. Hona Oscar Esparzak, 17 urte zituela San Martin Unx utziz 'Amerikak egitera' abiatu zen emigrante baten Argentinan sortu semeak, Diario de Navarra-rekin eginiko solasa.
2007/10/25
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bihar bertan abiatuko da Mexiko aldera eta sei eguneko egonaldia egingo du bertan. Bidaiako hitzordu nagusienetako bat, ezbairik gabe, Felipe Calderón mexikar presidentearekin egingo duen bilera izango da. Euskal agintaria Mexiko Hiriko Euskal Etxean ere izango da, elkartearen mendeurrena ospatzeko eta bertako euskaldunak agurtzeko. Aldi berean, Ibarretxe EmpreBask, Mexikoko euskal enpresarien elkarte sortu berriko arduradun eta bazkideekin bilduko da.
2007/10/25
Eusko Ikaskuntzak ENE saria banatuko du aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an. Euskal Herritik kanpo euskararen alde egiten duten erakundeak saritzea du helburu ekimenak. Hautagairen bat aurkeztu nahi duenak azaroaren 10era arte du epea. Hautagaitzak EuskoSareren webgunera bidali beharko dira, pertsona edo taldearen jardueren laburpen batekin. Iaz, estraineko edizioan, Mar del Plata hiri argentinarreko Artaburu Talde Euskaltzalearen lana nabarmendu zuen sariak.
2007/10/25
Associazione Culturale Euskaraelkarteak eta Erromako Upter Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Sailak Estepan Urkiaga, 'Lauaxeta', poetaren omenezko errezitaldi-kontzertua antolatu dute igande honetarako. Bi euskal artista Erroman izango dira ekitaldi hau gidatzeko: Rafa Rueda musikari eta konpositorea eta Edorta Jimenez idazlea. Sarrera doan izango da.
2007/10/24
Duela hamar urte 'Euskaldunak Mexikon' liburuarekin egin zuen antzera, Koldo San Sebastian kazetari eta produktorea Idahoko ia 10.000 euskaldunen bizitzen berri emango duen liburua prestatzen ari da. Berarekin batera Argitxu Camus, Patty Miller eta John Bieterrek osaturiko taldea ari da lanean. Liburua abendu aldean argitaratzeko asmotan dira, euskaraz eta ingelesez. Ondoren Nevada, Oregon, Utah, Washington State eta Wyoming-eko hiztegiak etorriko omen dira.
2007/10/24
Bernardo Atxaga idazlea Estatu Batuetan da bere lan berria prestatzen baina euskal literaturaren radarretik desagertu nahi ez eta bere blog-a ireki berri du. Bertan Atxagak eguneroko gogoetak islatzen ditu eta baita ere Estatu Batuetako egonaldi honetako pasarteak. Blogaz gain idazlearen webguneak Atxagari buruzko azken berriak ekartzen dizkio bisitariari. Horietako bat, adibidez, 'Soinujolearen Semea' eleberriaren danierazko bertsioaren argitalpena.
2007/10/24
Artaburu Euskaltzale Elkartea Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kideen barnean sortutako erakundea da, euskara irakatsi eta sustatzeko helburuaz. Hori egiteko bideetako bat, hizkuntza eta euskal kulturari buruzko tailerrak dira eta Artaburuk gaur bertan ekingo dio bere bigarrenari. Nahi duten guztiek daukate tailerrean parte hartzeko aukera, doan eta sarrera libre. Kurtsoak bi orduko klaseak bilduko ditu astero, azaroaren 29ra bitartean, arratsaldeko zortzietatik gaueko hamarretaraino, asteazken edo ostegunetan.
2007/10/24
San Luis probintzia argentinarreko Villa Mercedeseko euskaldunen webgunea berritutik agertu da sarera, edo hobe esan, helbide berri batean sareratu dira, aurrekoa oraindik erretiratu gabe. Oraingoan zerbitzu berriak aurkezten dizkiote nabigatzaileari. Webguneak baditu, besteak beste, euskal prentsarekin loturak, gaurkotasuneko albisteak, arte-galeria moduko bat eta EHNAri buruzko informazioa.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus