euskal diaspora eta kultura

2007/10/31
Ibarretxe lehendakaria bidaia ofiziala egiten ari da egunotan Mexikoko lurraldetik eta bertan jakin zuen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bere kontrako ahozko epaiketa egitea erabaki duela Batasunako buruekin biltzeagatik. Ibarretxek normaltasunez jarraitu du bere bisitaren agendarekin eta bihar bertan Mexikoko presidente Felipe Calderónekin bilduko da. Orain arte Ibarretxe euskal komunitatearekin eta DFko Euskal Etxeko kideekin elkartu da, eta baita euskal enpresari eta hainbat mexikar herri eta estatu erakundetako ordezkariekin ere.
2007/10/31
Bihar hasi eta larunbata bitartean, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Mintegiak --Euskal Ikasketa Zentruak-- antolatuta, 'Gatazka politikoen kudeaketa eta gizarte zibila: Euskal kasua' izeneko topaketa egingo da Renon. Jardunaldi hauetan Euskal Herriko egoerari buruz mintzatuko dira Euskal Herriko eta Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zenbait aditu, hala nola Joseba Zulaika, Xabier Irujo, Pedro Ibarra, Xabier Ezeizabarrena, Joxe Ramon Bengoetxea, Maria Gonzalez eta Iranzu Mendia.
2007/10/30
III Juan Zelaia Letamendi Musika-Bekak badu irabazlerik. Eresbilek (euskal Musikaren Artxiboak) eta Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioak jakitera eman dutenez edizio honetako irabazleak Eneko Sanz eta Alberto Irigoyen ikertzaileak izan dira. Aditu hauek Uruguaien euskal musika bultzatu eta sustatu zuten orkestra zuzendari, kantari, txistulari, soinujole eta orohar musikarien ibilbidea eta lanak berreskuratuko dituzte.
2007/10/30
Bartzelonako Euskal Etxeak ostiralean jarriko du abian Euskal Herria Sona! jaialdiaren edizio berri bat. Hilabete osoan, abenduaren 1a bitartean, Lantz, Joseba Irazoki, Jabier Muguruza eta Trikizio taldearen kontzertuek Bartzelonako kaleetara ekarriko dute euskal musika. Jaialdiak 10. edizioa beteko du aurten eta Jon Elordi Euskal Etxeko kideak EuskalKultura.com-i azaldu dionez ekitaldiak 'bere lekua du' eta hiriko kultur eskaintza zabal eta aldakorrean hainbeste denbora 'irauten duten bakanetakoa' da.
2007/10/30
Taldea Valle del Bravo, Tepozotlán eta Querétaro herrietan arituko da, besteak beste, Mexikora egiten duen bigarren bira den honetan. Aretxabaletatik iritsiko den espedizioak 27 partaide izango ditu eta errepertorioari dagokionez oso mota ezberdineko musika moldeak eskaintzeko asmoa ekarri du. Duela hiru urte egin zuen Akordeoi Orkestra bere aurreko bidaia mexikarra, arrakasta handiz musikalki zein Diaspora eta Mexiko bera ezagutzeari dagokionez.
2007/10/29
Hiru euskal bertsolari gazte bezain trebe Argentinara joango dira datorren otsailean, bertako payadoreekin batera aritzeko. Eurak Fredy eta Xabi Paya anaiak eta Maialen Lujanbio dira eta eurekin batera jardungo da Wilson Saliwoncyk payadorea. 2008ko Euskal-Argentinar Bertso-Verso Topaketetan hartuko dute parte. Saio koloretsu, gazte, dinamiko eta biziak segurtatuta daude, joan den ekainean Wilson izan baitzen gauza bera Euskal Herrian egin zuena. Saioetako bat berera bildu nahi duten euskal etxeak aski dute Wilson-ekin harremana egitea. Ikus-entzunkizun gomendagarria izango da doaike.
2007/10/29
Ostiralean bukatu zen Baionako Unibertsitatean Euskal Herria Mugaz Gaindi nazioarteko mintegiaren IV. edizioa. Antolatzaileak pozik agertu dira topaketak izan duen erantzunarekin eta ikerlari gazteen ekarpena azpimarratu nahi izan dute. Mintegiak orain bere bertsio digitalari emango dio bide EuskoSareko webgunean eta bertan mundu osoko historialari eta ikertzaileek parte hartu ahal izango dute. Mintegiko ponentziak sarean irakurgai daude jada eta azaroaren 5etik aurrera horiei buruzko eztabaida tartea irekiko dute.
2007/10/29
Udalbidek eta Basque Heritagek hitzarmena sinatu zuten ostiralean Donostian, Udalbiltza ofizialaren elkartasun fondoa den Udalbidek Basque Heritage ekimenak euskal diasporaren alde egiten duen lana laguntzearren. Izenpetzea egin ondoren, Julian Eizmendi Udalbiltza eta Udalbideko lehendakariak prentsaurrea eskaini zuen Udalbiltza-Udalbideko ordezkaritza batek Argentina eta Uruguaira egin berri duen bidaiaren berri emateko. Diasporarekiko harremanaldi berri baten hasiera ezarri nahi izan du bidaiak, 'itsasoaz bi aldeotako euskaldunen elkar-ezagutza eta lankidetzan oinarritua'.
2007/10/27
Gaur DFko Euskal Etxera egingo duen bisitarekin hasiko du Ibarretxe lehendakariak sei egunez Mexikora garatuko duen egonaldia. Egitarauak azken orduko aldaketak izan ditu eta horiek ere bildu ditugu datozen lerrootako informaziora. Gaur Euskal Etxera egingo duen ikustaldiarekin hasi eta datorren ostegunean Calderón presidente mexikarrarekin izango duen elkarrizketarekin amaituko da Ibarretxeren bidaia mexikar ofizial hau.
2007/10/26
Eusko Jaurlaritzak munduko hainbat unibertsitatetan bultzatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura ikastaroek erantzun oso ona izan dute Mexikon eta gero eta ikasle gehiago ari dira biltzen. Ikasturte honetan lau unibertsitatek eskaintzen dituzte: Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak, DFko Unibertsitate Iberoamerikarrak, Monterreyko Teknologikoak eta Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarrak. Gurutzne Etxeberria amezketarra eta Gorka Larrañaga azkoitiarra dira irakasleak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus