euskal diaspora eta kultura

2007/11/12
Nazioarteko Ofice argitaletxeak eta Trade Leaders´ Club elkarteak sari bat ematen diete urtero Turismo, Ostalaritza eta Gastronomia alorretan nabarmentzen diren enpresei. 120 herrialdetan dauden Elkarteko 14.000 bazkideen artean egindako bozketan Rosarioko Zazpirak Bat EEko jatetxea atera da aurten garaile. "Ez genuen sekula honelako saririk jaso eta ohore gisa hartu dugu, hamabi urte jo eta ke lanean aritu ostean", azaldu diote EuskalKultura.com-i jatetxeko arduradunek. Urtarrilean emango diete saria, Madrileko Nazioarteko Turismo Azokaren baitan.
2007/11/12
Kulturunea proiektua berezia da oso: liburudenda, erakusketa areto eta kultur topagunearen arteko erdibideko puntu orijinala. Liburudendaren helburua Queretaroko herritarrei kultur proposamen desberdin eta berritzaileak ezagutzeko aukera ematea da. Horien artean, noski, euskal kulturarekin harremana dutenak. Izpiritu horrekin Kulturuneak Queretaroko I. Euskal Zinema Zikloa antolatu du. Bihar hasi eta azaroan zehar euskal zinemagileen azken lanak ekarriko ditu Zikloak Queretaroko Museora, Kimuak programaren bidez.
2007/11/12
Suipatxako Gure Txokoa Euskal Etxeko ordezkaritza batek parte hartu du ikurriña eta bandera argentinarraren atzetik Buenos Aireseko probintziako hiri honetan izen bereko partidua sortu zeneko 143. urteurrena ospatzeko antolatutako kabalkada eta ekitaldietan. 'Herriaren festa' delakoak Suipatxan batera edo bestera diharduten elkarte, batasun eta erakundeak bildu zituen. Eskainitako emanaldien artean, lan polita Euskal Etxeko dantzariek burutu zutena.
2007/11/09
Eskozian, Irlandan eta Ingalaterran egindako aurkezpenen ondoren, Six Basque Poets liburua --ingelesera itzulitako sei idazle euskaldunen olerkiak biltzen dituen lana-- Pragan aurkeztuko dute datozen egunetan. Annual Pragde International Poetry Days jaialdiaren barruan izango da aurkezpena, datorren ostegunean. Rikardo Arregi poetak, liburuan bildutako lanak irakurriko ditu eta Ruper Ordorikak, aldiz, musikaz jantziko du ekitaldia. Irakurraldia euskaraz eta ingelesez egingo du Arregik. Pragako Poesia Astean txekiar, irlandar, portugaldar, errumaniar eta euskal poeten lanak izango dira aurten entzungai, besteak beste.
2007/11/09
Parana ibaia inguratzen duen hiri honetako lehen biztanleak euskaldunak izan baziren ere, duela bi hilabete eskas arte ez ziren hasi egungo euskaldunak Victorian euskal etxe bat sortzeko ideiari bueltaka. Lehen ekitaldi bezala euskal etxe berriko kideek Immigranteen Enparantzan plaka bat ipini eta haritz bat landatu zuten, eta Mikel Ezkerrok hitzaldi bat eman zuen. Elkarteko lehendakari Fabian Zorzabalek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, euren funtsezko helburua 'Euskal Herriari buruz informazioa lortu eta zabaltzean datza, ibilbide luzea egiteke dugun arren'.
2007/11/09
Its time for NABOs fall meeting. This time delegates from around North America will gather in the small Eastern Oregon community of Ontario. The meeting will begin tomorrow, November 10th, at 8 am at Blessed Sacrament Parish Hall. Following it will be the dedication of the Ontario Basque Clubs new center. That space is located in the north wing of the century old Union Pacific Train Depot. Then the events continue to Sunday, with the Society of Basque Studies in America Hall of Fame dinner. The six honorees include Grace Lacouague Mainvil, Timotea Timmie Yraguen Echanis, Juanita Yraguen Ybarzabal Hoff, Martina Yraguen Echanis, Josephine Echanis Keim, and Lourana Preston Echanis.
2007/11/09
Iparraldeko Euskal Etxeko kide Carlos Martinez izan zen hizlaria eta hitzaldiari buruz EuskalKultura.com-i adierazi zionez, "70eko hamarkadaren bukaeran, Nazionalismoaren bultzadarekin Iparraldeko jai adierazpen ezberdinak garatu ziren, hala nola kabalkada, toberak, maskaradak eta pastoralak". Gai honen inguruan aritu zen joan den asteko asteazkenean, Iparraldeko Euskal Etxean emandako hitzaldian. Iparraldeko egungo egoera politiko eta soziala ezagutzeko jakinminez agertu zen entzulegoa eta Martinezek, ikerkuntza lanen ondorio moduan adierazi zuen Iparraldean Nazionalismoak dinamizazio eta barnerapen handia lortu duela gehienbat sozialki, baina pixkanaka eremu politikora ere zabalduz.
2007/11/08
Santiagoko Euzko Etxea bestan eta jai giroan murgildu da egunotan, 2007ko Txileko Euskal Astearen karietara. Jaia asteartean hasi eta igandea bitartean luzatuko da. Egitarauan gustu eta kolore guztietako ekitaldiak prestatu dituzte: zinea, kirola, musa, gazteentzako 'akelarre' bat eta Korrika edo Euskararen Jaia. Azken hau bi urtetan behin AEK-k Euskal Herrian antolatzen duen euskararen aldeko lasterketaren txiletar bertsioa izango da eta euskaldunak ttipi-ttapa eramango ditu Santiagoko kaleetan zehar, aurreko edizioko arrakastatsua errepikatu nahian.
2007/11/08
Duela lau urte, 2003ko azaroko bigarren asteartean Dave Bieter-ek ilea moztu zuen eta pala partida bat jokatu zuen bere anaia Chris-ekin. Hori hautalekuak itxi aurretik izan zen, eta emaitzak ateratzen hasi baino lehen. Davek pilotalekuan irabazi egin zuen gau hartan eta garaipena errepikatu egin zuen hauteskundean ere. Beraz, zortea ekarri zion bideari eutsiz, 2007ko azaroko bigarren asteartean, Davek ilea moztu eta berriz ere frontoira joan da anaiarekin. Eta berriro ere pilotan irabazi eta hauteskundea ere irabazi egin du. Alkatearen esanetan, anaia Chrisek ez dio irabazten utzi eta agerian da bestela ere patua alde duen gizona dela.
2007/11/08
Zortzi Probintziak irratsaioaren gidaria eta Iparraldeko EuskoSareren koordinatzailea izateaz gain, Benoit Etxeberri lapurtarra Azkaraten Euskal Diasporaren Nazioarteko Zentrua egiteko ekimenaren bultzatzaileetako bat ere bada. Zentrua Nafarroa Behereko Azkarate herriko jauregian egingo dute eta 2009ko martxorako prest egongo omen da. Bertan Euskal Herria ezagutzera datozen euskaldunak eta Diasporari buruz ikasi nahi duten lagunak hartuko dituzte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus