2007/08/24

Uberuaga/Randa familiako hirurogeita hamabost bat kide iparramerikarrek hartu dute parte Idahoko hiriburuko Euskal Etxean, Mendiguren, Erquiaga, Arriola, Rude, Randa eta Zabala deituradun ere baziren jendeak bildu dituen elkarretaratze batean. Bi eguneko famili bilkura, Lael Uberuaga eta Izar Iribarren-Gorrindo dantzari boisetarrek eginiko 'agurra'rekin hasi zen eta solas eta sozializazio ekitaldia euskal janari eta musikaz hornitua izan zen. Bitxikeria gisa, bildutakoek bilkuraren izena zeraman ardoa ere dastatu ahal izan zuten.
Gehiago irakurri...
2007/08/24

Ikastaroa, Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak (FEVA) eta Buenos Aireseko Unibertsitateak (UBA) antolatua da elkarrekiko laguntzan eta oinarrizko mailatik hasiko da, hasi ere UBAren Hizkuntza Laboratorioan hiriburu federaleko mikrozentroan astearte eta ostegunez arratsaldeko seietatik zortziak arte. Bestalde eta neguko atsedenaren ondotik, aurrera darraite hirugarren mailako eskolek. Honenbestez, Euskal Herriko kulturak eta hizkuntzak bere bigarren urtea hasi dute eskola-esparru honetan.
Gehiago irakurri...
2007/08/23

Aurten bere hirugarren zenbakira heldua da Guregandik, Buenos Aires probintziako Laprida herriko Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneak plazaratzen duen aldizkari akademikoa. Argentinako hainbat tokietan aurkezten dutelarik, biharkoan Chaco probintziako hiriburuari, Resistenciari, egokitu zaio, César Arrondo UNLPko irakasle eta Guneko zuzendaritzakoak bertako Medioen Museoan emango duen hitzaldi baten baitan, Chacoko Euskal Etxearekin batera antolatutako ekitaldian. Euskal kultura eta historiarekin zerikusia daukaten hamar artikuluk osatzen dute Guregandik-en azken ale hau.
Gehiago irakurri...
2007/08/23

NABOk salgai jarri du jadanik bere egutegi ezagunaren 2008. urteko edizioa eta eskaini ere aita Martxel Tillous-i, Estatu Batuetako euskal komunitateen apez edo omonierra den kapelau ibiltariari eskaini dio; aldi berean Robert Laxalt-en Sweet Promised Land ('Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan', euskarazko bertsioan) liburuaren 50. urteurrenari ere eskaini dio tarte berezi bat. Laxalt-en nobelak aro berri bat ireki zuen eta AEBetako euskal artzainen irudi erromantikoari bide eman zion, euskal eta amerikar heldu ziren belaunaldi berrien literatura arloko notaritza lana eginez. Egutegiaren koordinatzaileak, Renoko Mary Lou Urrutiak, gehienbat bi gai hauekin zerikusia daukaten argazkiak aukeratu ditu.
Gehiago irakurri...
2007/08/23

Xabier de Felipe, 20 urteko biolinista bilbotar gaztea, uztailetik Schleswig-Holstein Mundu mailako Gazte Orkestran dabilena, aukeratua izan da orkestrako bibolin jotzaileen artean Peter von Wienhardt pianista hungaro-aleman handiarekin Beethovenen kuarteto bat jotzeko. Kontzertua datorren larunbatean, abuztuaren 25ean, izango da, Salzauko Jauregian, Alemaniako Iparraldean, eta Peter von Wienhardt (piano) eta Xabier de Felipez (biolin) gain, Sang Hyun Yong biola korearra eta Justin Lewis cello estatubatuarra izango dira laukoteko partaide, Beethovenen op. post. WoO 36 # 1 interpretatuko dutelarik.
Gehiago irakurri...
2007/08/22

Egun gutxi da zabaldu dela Boisen, bertako Euskal Museo eta Kultura Etxeak antolaturik, Basque Whaling izeneko erakusketa, balearen eta euskal baleazaleen historia aurkezten duen Euskal Museoaren exhibizio berria. Urte bete bederen egongo da ikusgai Idahoko hiriburuan, eta orain arte neurri handi batean desezagutzen zuten mundu bat irekiko die bertako hainbat biztanleei: euskaldunen harreman sakona itsasoarekin, eta kasu honetan, euskaldunen ekarria balearen industriari, zeinean euskaldunak nagusi izan baitziren munduan XVII. mendean.
Gehiago irakurri...
2007/08/22

Las Floreseko alkateak, Alberto César Gelené-k, 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxeko bazkide eta lagunekin ospatu zuen herri argentinar honetako euskal erakundearen 11. urtebetetzea. Ehunda berrogeita hamar bat jende bildu zituen elkarte euskal-florestarraren ospakizunak, tartean Lapridako Euskal Etxetik etorritako lagunak, Mónica Azpiazu presidentea buru, eta dantzari-taldea. Ekitaldian zehar, Las Floreseko alkateak zorionak eman zizkien Loretako Euskaldunak-eko kideei, urtean zehar egiten duten lanagatik, eta bi liburu eta Hiriaren 150. urteurreneko domina eta banderatxoa eman zien.
Gehiago irakurri...
2007/08/21

Nazio txikien gaia hausnargai hartuko dute datorren asteburuan Quebec-en, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua Euskal Herriko ordezkari. Euskal Herriaren kasua, Quebec, Kanada, Eskozia, Katalunia eta Belgikako nazioen ondoan aztertuko dute herri horietako zenbat ordezkari partaide. Ekitaldiak bi izango dira: lehenengoa 'Nazio txikiak munduan, nola aurkitu lekua handien artean' bataiatu dute eta bigarrena, berriz, hau ere Quebec-eko Unibertsitateko Montrealeko kanpusean, 'Nazio txikiak: abertzaletasuna, aitortza eta autonomia'.
Gehiago irakurri...
2007/08/21

Euskaria Fundazioko hiru kidek zortzi hitzaldi eskainiko dituzte bihartik hasi eta datorren irailaren 5era arte Argentinako beste hainbeste euskal etxe eta unibertsitatetan 'Panorama general del conflicto Euskal Herria-Estados desde la construcción Nación-Estado' izenburu orokorrarekin. Hizlariak Euskariako Joseba Mikel Agirre Oar, Patxi Asparren eta Txema Landadaran dira eta hitzaldiak eskainiko dituzten herriak La Plata (UNLP), Buenos Aires (UBA, Eusketxe, Iparraldeko Euskal Etxea), Suipacha, San Nicolás, Rosario eta Paraná.
Gehiago irakurri...
2007/08/21

Lujan-eko Basilika Argentinako elizik ospetsuena eta bisitatuena da doaike. Bere baitan, toki propioa dauka, duela zazpi urte jargiratu edo tronuratu zutenetik Arantzazuko Ama Birjinak. Orain, Arantzazuko Amaren irudia prozesioan ateratzea erabaki dute, datorren irailaren 9an, bere Kriptatik Basilikako aldare nagusira eramanez, bertan Lujan-eko Amaren ondoan Meza Santua ospatzeko. Hau dela-eta, gonbidapena luzatu zaio bereziki komunitate euskal-argentinar fededunari, ekitaldi honetan parte har dezan. Deialdia fededunen elkarretaratze batekin hasiko da, irailaren 9an 14:45etan, Basilikaren ate nagusian.
Gehiago irakurri...