euskal diaspora eta kultura

2007/12/25
Heldua da berriz ere Eguberria. Aukera ederra maite ditugunak bereziki gogoan hartu eta agiantza edo desiorik onenak bidaltzeko. Beste urtebete eta hemen segitzen dugu, irakurle. Urtebete emendatu diogu elkar ezagutuz daramagun denborari eta pozez ikusten dugu EuskalKultura.com-eko txokotik hazten doazela Euskal Herriari, munduko bazter guztietatik, bere seme-alabek eskaintzen ari zaizkion ekarpenak. Handituz baitoa munduko euskaldunen familia...2007/12/24
Gabonak hemen dira jadanik eta horrekin batera gertu zein urrun bizi diren senide eta lagunez gogoratzeko eta agur bereziak bidaltzeko usadioa. Gabonak zoriontzeko edota urte berri ona opatzeko milaka postal bidaltzen dira urteko azken txanpa honetan. Oraintsu arte postariak erotu beharrean ibiltzen ziren egun gutxiren buruan milioika karta zegozkien helbideetara hel zitezen. Egun, ordea, postal birtualek dexente jan diete terrenoa paperezkoei. EuskalKultura.com-ek Olentzero eta euskal Eguberria islatzen duten postal birtualen esteka selekzio bat ekarri du datozen lerrotara.
2007/12/24
2007ko jarduerak ixteko eta Euskararen Egunarekin bat eginik, Arrecifeseko euskal etxeak omenaldia eskaini zion urtetan bertako txistulari eta txistularien maisu izandako Adalberto Pedro Loyola, Potxolo-ri, plaka bat ipiniz hain zuzen, hemendik aurrera bere izena eramango duen etxeko tabernan. Ekitaldi hunkigarria izan zena amaituta, Patin eta Taekwondo Eskoletako ikasleen txanda heldu zen eta gauari agurra emateko Euskal Etxeko Ugarritzak dantza taldeko gazte eta txikien dantzak izan ziren ikusgai.
2007/12/24
Egiazko data baino pare bat aste lehenago, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak urteari azken agurra emateko festa egin zuen hiriburu argentinarreko Moreno kaleko bere egoitzan. Euskal Etxeko Kultura Batzordeko partaideek prestatu zuten afaria erakundearen kintxoan --erretegian-- eta gaua musikaz, dantzaz, zozketez eta suaren indarraz jantzi zuten. Ekitaldiko erabateko protagonista Olentzeri izan zen alabaina. Bertaratu zirenei, bere istorioa eta kontuak kontatu eta sua piztu eta txotxak eta egur pusketak bota zituen bertara, guztia asmo batekin. Geroztik, joan den asteazkenean, Juan Carlos Ibarrolak emandako azken hitzaldi batekin hasi dira hemen udako oporrak.
2007/12/22
Madrileko Euskal Etxea jendez gainezka egon zen Euskararen Egunaren ospakizunean, Julen Zelaieta bertsolari beratarrak eta Unai Gaztelumendi añorgatarrak eskaini zuten saioa ikusteko. Jarraian elkarteko euskara ikasleek afaria egin zuten eta bertsolariek saio berria egin zuten afalosteko giro ederrean. Aitor Koteron soinujoleak eta Mikel Castrillo txistulariak ere saioa eskaini zuten. Biharamunean, haurrentzako ipuin kontalariak aritu ziren eta Bitoriano Gandiagaren poesia irakurraldia egin zuten euskara ikasleek.
2007/12/21
Sarean lau urteko bidaia aberatsa egin ostean (2004-2007), Vascosmexico.com webgune eta foro euskalmexikarrak aldatu berria du logoa eta horrekin batera interneteko bere presentziaren diseinu eta itxura aldatu ditu, tokiari atal berriak gehituz. Jaione Arrietak kudeatzen duen webgunearen ibilerak lehengo bidetik segituko du, edukin orokorrekin eta doako harpidetuentzako zerbitzu bereziekin. Webgunea sarean da jada, erabiltzaileen lankidetzekin osatzeko zain.
2007/12/21
Zine gehiago-euskara gehiago, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako egitasmoak aurreikusten du urteko 40 film bikoiztu edo azpititulurekin merkaturatuko direla lehenengo bi urteetan. Euskarazko filmak DVD euskarrian bultzatzea da helburu nagusia, bai salmentarako eta baita alokatzeko ere. Dagoeneko Heroes telesaileko 23 atal eta honako zazpi pelikula hauek euskeratu dira: Number 23, Fur, Arthur and the Minimoys, Casandra's Dream, 88 Minutes, The Contract eta Rob B. Hood. Film hauek guztiak salmentan daude jadanik ohiko dendetan eta datozen hilabeteetan eskaintza zabaldu egingo da.
2007/12/21
Ez, ez gara ari Argentinako La Rioja probintziaz, Euskal Herri hego-mendebaldean dagoen eskualdeaz baizik, euskararekin eta bereziki Nafarroarekin eta Nafarroako Erresumarekin harreman historiko estua izan duen komunitateaz. Bertan badago euskal etxe bat, Laminiturri izenekoa, eta nahiz eta egun pasatzen ari ez den bere unerik indartsuena, aurrera egiteko gogoak eta bertako euskal toponimoetan sakontzeko eta ondare hori berreskuratu eta ezagutza hori hedatzeko asmoek segitzen dute. Urtero afari bat egiten dute bederen, izan ere azaroaren azken egunean hasi eta abenduko lehenean amaitu zena. Lerro hauetatik, goraintziak Errioxako lagun eta irakurleoi.
2007/12/20
Euskal tradizioarekin bat eginez Madril, Bartzelona eta Valentziako Euskal Etxeetan txistorra izango da abenduaren 21eko protagonista. Santo Tomasak, Euskal Herriko plaza ugaritan ospatzen den festa, euren egoitzetan egingo dute, animalia azokarik gabe eta pintxoak eta bokadiloak erosteko dezente postu gutxiagorekin baina bertan izango dira txistorradako osagairik garrantzitsuenak: giroa, jana eta edana.
2007/12/20
Argentinako Castelli herriko 'Oneratu' Euskal Etxe gazteak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkartearekin duen harremana bikaina da eta horren adierazgarri euren arteko lankidetza aktiboa. Orohar, euskal etxeen arteko lankidetza eta elkartasuna sustatu beharreko balioak dira eta, izan ere, izpiritu horren baitan kokatzen dute euren lana munduan zeharreko hainbat eta hainbat elkarte euskaldunek. Horren eredu izan zen abenduaren 9an Oneratuk egin zuen Urte Bukaerako jaia. Zingirako Euskaldunak-eko dantza taldea aritu zen bertan dantzari eta Zuzendaritza Batzordeko ordezkaritza batek ere bat egin zuen Castelliko euskaldunekin jai honetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus