2007/11/26

Eusko Aterpea euskal etxeak bazkari bikain batez ospatu zuen joan den azaroaren 18an bere zortzigarren urteurrena. 120 bat bazkide eta lagun bildu ziren karia hortara Gral. Rodriguez-eko Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartearen egoitzan. Bertara agertu ziren Marcelo Coronel alkatea eta bere emazte Adelma Arguissain senadore probintziala. Izan ere, hautetsi bikoteak Juan Itcea Euskal Etxeko lehendakariari eta Francisca, "Kika" Vicente andere zuzendaritza batzordekide eta liburuzainari eskuz esku eman zieten, Buenos Aires probintziako Senatuaren izenean, 4.000 pesoko txeke bat, Euskal Etxeak, nonbait, bere egoitzaren eraikuntza lanetarako lagungarri erabiliko duena.
Gehiago irakurri...
2007/11/24

Craig eta Pierre Bidondo anaia iparramerikarrek The Homecoming (etxeratzea) izeneko diskoa plazaratu dute eta bertan euren euskal eta norvegiar jatorriak Alaskako musikarekin nahasten dituzte. Fusio aberats hau jazz, soul, bossa, rock eta samba estiloko hamalau kantuetan bildu dute. Horiekin batera, 'euskal afari' tipiko batean bizi den giroaren grabazioak edota 'Bortian Ahuzki' izeneko euskal kantua entzun daitezke.
Gehiago irakurri...
2007/11/24

Arrakastaz eta 180 pertsona partaide ospatu zuten joan den asteburuan 'Beti Aurrera Aberri Etxea' Euskal Etxeko kide eta lagunek, Argentinako Viedma hirian, euskal erakundea sortu zeneko 11. urteurrena. Giro berezia ekarri zuen Necocheatik etorritako Otxote Osasunak, bere ohiko euskal kantu eta bilbainada doinuez osagai koloretsu eta bixigarria ipini baitzion gauari, bildutakoen txaloak sortuz eta urteurrenaren ospakizuna umorez tindatuz. General Rocako dantzariak ere ez ziren atzean geratu eta bertaratutakoen onespena erdietsi zuten.
Gehiago irakurri...
2007/11/23

Eusko Ikaskuntzako EuskoSare ekimenak artikuluagatik protestatzeko idatzitako mezuak 6.400 atxikimendutik gora jaso ditu lerro hauek idazteko momentura arte, eta zenbaki hau azkar ari da hazten. Izan ere, handia izan da Keith Johnson kazetariak Wall Street Journal egunkari estatubatuar ospetsuan argitara emaniko artikuluan euskarari buruz eta euskara sustatzeko ahalegin eta politikari buruz esandakoak gezurtatuz edota objetibidade faltagatik arbuiatuz Euskal Herrian zein nazioartean --tartean Diasporan-- sortu den protesta mugimendua. Besteak beste, euskara soilik hizkuntza isolatu eta bitxitzat, eta egungo bizimodurako balio ez duen hizkuntza alferrikakotzat jotzen zuen artikuluak.
Gehiago irakurri...
2007/11/23

Urtero urduri samar dabiltza sasoi honetan mundu osoko goi mailako hainbat chef eta jatetxe arduradun. Michelin gida ospetsuak bere 'ebazpena' jakin arazten duen garaia da eta hainbatentzat izan litekeen azterketarik zailena eta erabakiorrena da honakoa, kategoriari eusteak, izarren bat gehiago lortzeak edo izarrak galtzeak harreman zuzena izan baitu jatetxea beraren arrakastarekin. Publizitaterik onena eta txarrena izan daiteke mutiko loditsuaren juzkua. 2008koan, jatetxe euskaldunek ez dute izarrik galtzen eta, irabazi, aldiz, lauk irabazten dute izar bana: Donostiako Kokotxa eta Kursaal-ek; Larrabetzuko Azurmendi-k; eta Urdaizko El Molino de Urdanoz-ek.
Gehiago irakurri...
2007/11/23

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea Herri Indigenen arteko I. Ikasle-Truke Programa burutzen ari da. Amerika eta Afrikako herri indigena desberdinetatik iritsitako bederatzi pertsonek parte hartu dute bertan: kitxuak, maiak, maputxeak, aimarak eta bubiak. Hiru astetan zehar, azaroaren 30a arte, Euskal Herrian izango dira euskal kulturaren sustapena gertutik ezagutzeko. Hainbat herri, enpresa, erakunde eta komunikabide bisitatuko dituzte egun hauetan.
Gehiago irakurri...
2007/11/22

Atzo aurkeztu zituen Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren 42. edizioko ildo nagusiak izango direnak. Azoka abenduaren 5etik 9ra egingo da Durangon eta urtero legez euskal kultur munduaren topagune bihurtuko da: idazle, musikari eta editoreek bertan aurkitu dituzte irakurle eta entzuleak aurrez aurre. Aurten gainera azoka umoretsu dator, umorea izango baita ardatz nagusia hainbat ekitaldietan. Argizaiola saria Maiayz aldizkari eta elkarteak jasoko du eta Iparraldeko idazle, musikari eta argitaletxeek presentzia nabariagoa izango dute aurten, Euskal Kultur Erakundearen eskutik.
Gehiago irakurri...
2007/11/22

'Noiztenka' poesia bilduma plazaratu berri du Itxaro Bordak, Maiatz argitaletxean. Biziaz eta munduaz duen ideia koplaren kaiolan sarturik, bakardadeak inguraturik. Honela aipatua da liburua idazleak Xan Airerekin ukan duen solasaldian, Berriaren orrialdeetan. Orain arte ilunpeko irudia eskaintzen zuen idazlea argien azpian ipini eta ezkutuan zeuden bere alderdiak eta barne izaera erakusten ditu, dagoeneko dendetan den liburu intimo hau osatuz.
Gehiago irakurri...
2007/11/22

Beti Aurrera Euskal Etxeko bazkide eta zuzendaritza batzordeko kide den Roberto Navaridasek Mar de Platan ospatutako XXVIII. Argentinar Beteranoen Txapelketan postu ezin hobea lortu zuen. Lehenengoa iritsi zen 5.000m-ko martxa atletikoan eta garaipen berri honekin 23. Nazio-Titulua lortu zuen Chivilcoy-ko herritarren poztasunerako. Navaridasek bere erritmoa inposatzea lortu zuen euria, haizea eta hotzaren gainetik.
Gehiago irakurri...
2007/11/22

Amurrioko Aiara Dantza Taldea Amurrio sortu zen orain dela 20 urte pasatxo eta bere lehen emanaldia Zuhatzan egin zuen 1984an. Harrez gero ibilbide luzea izan du eta Euskal Herrian, Espainian, Portugalen eta Frantzian eskaini ditu emanaldiak. Aurtengo azaroko lehen egunetan, taldeko bi partaide, Urtzi Etxebarria eta Karmele Revuelta, Argentinara etorri ziren, Aitor Alava dantzariarekin batera dantza tailerrak eskaintzeko. Bi ikastaro egin dituzte: La Platako Zaharrak taldearekin eta Buenos Aireseko Eusketxe Dantza Taldearekin. Ikasle zein irakasleak oso gustura agertu dira bizitako esperientziarekin.
Gehiago irakurri...