euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Las Floreseko Euskal Etxeko dantzariak Udalaren Dantza Tailerreko amaiera ekitaldian partaide izan ziren

2007/12/04

Mikel Ezkerro Las Floresen emandako hitzaldian Azaroa joan berria delarik, Argentinako Las Flores herriko 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxetik iragan hilabetean bertatik garatu dituzten ekimenen laburpena helarazi digute. Horien artean daude herriko Udal Kultura Departamentuak antolatutako Dantza tailerrean euskal dantzariek izandako partaidetza, auzoko Azul herriko Immigranteen Festako kabalkadan izandakoa, eta Mikel Ezkerrok Euskal Etxearen egoitzan euskaldunez eta euskal historiaz eskainitako hitzaldia. Aldi berean eta atzo Euskararen Nazioarteko Eguna zela-eta, 'Loretako Euskaldunak'-ek bertako komunikabide guztiei bidali zien hitzordu horren eta euskara beraren berri aipatzen zuen komunikazio bat.

Gehiago irakurri...


Euskararen Eguna ospatuko dute gaur Euskal Herrian eta munduan zehar barreiatutako euskal komunitateetan

2007/12/03

FIVUko ordezkari uruguaiarrek joan den uztaileko Mundu Biltzarrean jaso zuten iazko Euskararen Egunean Diasporan euskara ikasten dutenei emandako saria (arg. EuskalKultura.com) Gaur abenduak 3, Xabierko Frantziskoren Eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Euskal Herrian eta munduan zehar barreiaturiko euskal komunitateek. Asko izango dira euskal hizkuntza aldarrikatzeko 1949an Eusko Ikaskuntzak lehenengoz ipini zuen hitzordu honekin bat egingo duten euskal etxeak. Gaur astelehena izanik, izan dira deialdia aurreko eta ondoko asteburuetara aldatu duten komunitateak, baina baita ere gaur astegunez egiteko mantendu dutenak. Euskal Herrian, ekitaldi nagusia gaur arratsaldez gauzatuko da, Gasteizko Artium-en, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera.

Gehiago irakurri...


Kaliforniako prentsak euskal gazte baten bihotzari esker bizi den emakume amerikarraren kasua aipatzen du

2007/12/03

Gaizka Larrañaga (eskubian) Renoko lagun batekin Tahoe lakura egin zuen txangoan (argazkia C.Urza) Bihar asteartea Mary DiMaggio kaliforniarrak, 63 urteko emakumeak, Euskal Herrira bidaia egingo du Larrañaga familia ezagutzeko. Ez dute sekula elkar ikusi eta ezin izango diote elkarri ulertu, Maryk ez duelako ez euskara ezta gaztelerarik egiten eta Larrañagatarrek ingeles apur bat baino ez dakitelako. Baina badago hizkuntzen gainetik batzen dituen zerbait: Gaizka Larrañagaren bihotza. Gaizka 2003an auto batek harrapatuta hil zen Renon eta Maryk bere bihotza jaso zuen. Orain, lau urteko errekuperazio luzearen ondoren DiMaggio bidaia luzeari aurre egiteko prest agertu da, familiari bere eskerrona agertu asmoz. Kaliforniako Mercury News egunkariak argitaratu du berria.

Gehiago irakurri...


Ikurrina Viedmako Immigranteen Plaza berriko hamasei mastetako batera igotako banderetako bat izan zen

2007/12/03

Euskaldunen izenean, bertako euskal etxeko Isabel del Carmen Labianok eta Sara Ibargoyenek igo zuten ikurriña Immigranteen plazako bere mastara Viedmako Immigranteen Plazan beste hamabost banderarekin batera Argentinako ikur nazionalari lagunduz igotako bat izan zen euskal zurigorriberdea. Bakoitza bere mastaren goialdetik Viedmako historiari ekarria egin dioten eta gaur egun ere hirian aktibo dauden elkarteei dagozkien nazionalitateen adierazle. Viedmako 'Beti Aurrera Aberri Etxea' euskal elkartean pozik eta gustura daude, 'euskaldunon eta gure ekarriaren aitorpena baita ikurriña hor egotea', esan diote EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Anaiki koral paristarrak 20 urte bete ditu eta hilean zehar emango duen kontzertu sortarekin ospatuko du

2007/12/01

Anaikiko kideak Iruñeko San Saturnino elizan abesten San Fermin jaietan, Jean-Marie Guezalaren zuzendaritzapean (argazkia Anaiki-Iparla) Anaiki, Pariseko gizonezkoen euskal abesbatza, 20 urte betetzen ari da eta ospatzeko kontzertu sorta berezia antolatu du. Emanaldiotan euren ibilbidean lankide izan dituzten hiru koralen babesa izango dute anaikikideek: Donostiako Easo, San Petersburgoko St, Alexandre Nevsky Monastegiko korua eta Korsikako Voce Isulane. Urteurrenaren itxiera kontzertua Donibane Lohizunen izango da, abenduaren 22an, Polentzi Guezala txistulari ezaguna partaide.

Gehiago irakurri...


Europako euskal etxeek bilera egingo dute bihar Pariseko Eskual Etxean ekimen amankomunak bultzatzeko

2007/11/30

Pariseko Eskual Etxeko kanpokaldeko argiztapena Europako euskal etxeek Parisen egingo dute bihar euren orain arteko lehen bilera. Topaketaren asmoa esperientziak trukatu eta elkarren babesarekin ekimen amankomunak bultzatzeko medioak jartzea da. Ideia Pariseko Eskual Etxetik sortu zen eta joan den uztaileko Mundu Biltzarrean Europako beste euskal etxeei gonbitea luzatu zieten. Lehenengo bilera honetan Paue, Montpellier, Bordele, Parise, Madril, Bartzelona, Valentzia, Murtzia, Erroma, Zurich eta Londreseko euskal etxeetako ordezkariek hartuko dute parte.

Gehiago irakurri...


Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako Komisionatu Jose Mari Muñoaren azken agurra atzo Bruselan

2007/11/30

Jose Mari Muñoa Ia hogei urtez izan da 'Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria' Iparraldean eta Europako foroetan. Gurasoak gipuzkoarrak Pauen jaioa, frantsesa berezko hizkuntza du, euskara eta gaztelaniarekin batera, eta horrek, bokazio europarrarekin batera, gauzak erraztu dizkio bere lanean. Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako Komisionatua da, eta ALDE (Demokrata eta Liberalen Europaren aldeko Batasuna) talde politiko europarreko bigarren presidenteordea. Atzo esan zituen despedida hitzak Lurralden Batzordeko partaideen aurrean. Izaskun Bilbao eusko legebiltzarburuak bere urtetako lana eskertu zuen atzo Bruselan, honako hitzez: 'Europako ateak zabaldu dizkiozu Euskadiri'.

Gehiago irakurri...


Munduko euskaldunak prest Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: Uruguai, Frantzia, Mexiko, EEUU...

2007/11/29

Montevideoko (Uruguai) Haize Hegoa Euskal Etxean Euskararen Eguneko karietara eginiko jaia Badator Euskararen Nazioarteko Eguna eta munduko euskal etxe eta komunitateek prest dituzte data ospatzeko hainbat ekitaldi. Jaia berez abenduaren 3an, hau da, datorren astelehenean ospatzen bada ere, euskal etxe askok asteburu honetara aurreratu dituzte euren ekimenak. Frantzia, Mexiko, Estatu Batuak, Uruguai... dira euren bitartez euskararen aldeko adierazpenaren oihartzuna entzungo duten herrialdeetako batzuk.

Gehiago irakurri...


Argentinako Euskal Etxeek Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldiak prest dituzte, jaiaz gozatzeko zain

2007/11/29

2005ean San Luiseko Villa Mercedesen egin zuten Euskararen Eguneko besta Abenduaren hiruan ospatuko den festa honek Euskal Herriko mugak gaindituko ditu aurten ere, munduko lurraldeen artean Ameriketako Hegoalderaino ere iritsz. Urte asko daramatzate Argentinako euskal etxeek besta hau ospatzen eta jaiak bukaera bikaina emango die 2007 ikasturteko euskara klaseei. Abenduaren 1a eta 8aren arteko astean anitz jarduera izango dira Argentina euskal etxeetan, joku, musika, antzerki eta bateko eta besteko emanaldiz biziaraziz Aitorren hizkuntza zaharra.

Gehiago irakurri...


Iñaki Plaza eta Ion Garmendia txalapartariek AEBtako euskal etxeetan bira hasiko dute datorren astelehenean

2007/11/28

Iñaki Plaza eta Ion Garmendia txalapartariak Iñaki Plaza eta Ion Garmendia O+Hatz (HogeiHatz) taldea osatzen dute. Ekimen berezi honetan txalaparta, txistua, panderoa eta alboka bezalako euskal instrumentuen kontzertuak eta ikastaro praktikoak eskaintzen dituzte. Euren asmoa ikusleei instrumentu hauek erakutsi, esku artean hartzen utzi eta kasu batzuetan --panderoa, txistua-- jo ere egin ditzaten da. Datorren astelehenean taldea AEBetara abiatuko da, bertako euskal etxeetan bira bat egiteko, NABOren eskutik. Reno, San Francisco, Boise, Chino eta Washington DC-n eskainiko dituzte emanaldi eta ikastaroak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia