euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bozak General Rodriguez-eko Eusko Aterpea EEan: Raul Tarettok lekukoa hartu dio Juan Itceari lehendakari gisa

2007/12/19

Raul Taretto, Carmen Itcea ondoan, Gral. Rodriguez-eko Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldietan Joan den larunbatean egin zuen Buenos Aires probintzia argentinarreko Eusko Aterpea Euskal Etxeak, General Rodriguez hirian, elkarteko agintaritza berritzea xede nagusi zeukan Ohiko Biltzar Orokorra. Aurkeztutako zerrenda adostu eta bakarra atera zen, bertara bildutako berrogei bazkideek aho batez onetsia. Orain arte lehendakariorde izandako Raul Taretto izango da, beraz, presidente berria, lehendakariorde Enrique Mauregui duela. Lehendakari zena, Juan Itcea, berriz, zuzendaritza batzordekide izango da aurrerantzean. Kargu berrien hartzea, ordea, datorren martxoko Ohiko Biltzar Orokorrarekin bat etorriko da.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-ek Manual de genealogía en Euskal Herria-ren aleak zozketatuko ditu bere irakurleen artean

2007/12/18

Juan Carlos Moraren 'Manual de genealogía e historia de la familia en Euskal Herria' liburuaren azala Ttartalo argitaletxe donostiarraren eskutik plazaratua, Juan Carlos Morak idatzitako Manual de genealogía e historia de la familia en Euskal Herria euren arbola genealogikoa osatzen hasteko interesa daukatenei eskainitako oinarrizko liburu praktikoa da. Euskal Herritik zein Diasporatik langintza horretan hasi nahi dutenentzako jakingarriak eta metodologia azaltzen ditu, baita ere lagungarri gerta daitezkeen webgune eta euskarriak, beti ere zazpi probintzietako bilaketei dagozkienak. EuskalKultura.com-eko irakurleek, liburu honen hiru aleren zozketan parte hartu ahal izango dute doanik, abenduaren 31 aurretik e-mail soil bat bidali ezkero. Ikus artikuluan parte hartze arauak.

Gehiago irakurri...


Euskal etxeetan bira kulturalak egiteko eta Gaztemundu 2008rako dirulaguntzak eskatzeko epea ireki berria da

2007/12/18

Ibarretxe lehendakariak Gaztemundu 2007ko kideei harrera egin zien Munduko Euskal Kolektibitateen Biltzarrean Deialdiak atzo argitaratu zituen agerkari ofizialak. Euskal Herrira bidaiatu eta Gaztemundu trebakuntza programaren 2008ko edizioan parte hartu nahi duten Diasporako gazteek otsailaren 4a arte izango dute eskabideak bidaltzeko epea. Egonaldia uztailaren 1etik 15a bitartekoa izango da eta oraingoan musika lan bat eskatuko du. Bestetik, euskal etxeak dauden lurraldeetan bira kulturalak egiteko asmoa duten artistek Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eska ditzakete jada. Epea otsailaren 4ean itxiko da.

Gehiago irakurri...


Sydneyko Euskal Etxeko haurrek, Australian, mahuka motzetan errezibitu zuten Olentzeroren bisita aurreratua

2007/12/18

Olentzero haurrekin Sydneyko Centennial Park-en Euskal Herriarekin alderatuz aste batzuetako aurrerapenez --pipa hortzetan duenari lana pilatu ez dakion omen-- baina Olentzerok egin berria die bisita Sydney-ko haurrei. Hiri australiarreko Gure Txokoa Euskal Etxeak prestatu zuen harrera ekitaldia bertako Centennial izeneko parke handian eta aire zabaleko piknik eta barbakoa batez errezibitu zuten ikazkina haur eta heldu euskal australiarrek. Sasoin honetan bero egiten du hemen eta bertaratutakoek mahuka motzetan ospatu zuten Olentzeroren festa, opariz, kantuz, jolasez eta ilusioz. Egunean zehar jasandako beroaren aringarri, azken orduan bota zuen euria zinez eskertu zuten. Euriak ez zuen Olentzeroren pipa itzaltzea lortu.

Gehiago irakurri...


Euskararen Egunekoa, hizkuntzari egunero eskaintzen dion omenaldiari gehitu zion Tres Arroyoseko Hiru Errekak

2007/12/18

Andres Monteagudo euskara irakaslea eta Euskararen Egunean aritu zen haur taldeetako bat XX. mendean Tres Arroyosen euskal kultura lantzeko Euskal Etxe bat sortzeko zenbait saio egin ondoren, 1999koa sendotu eta irmo ari da errotzen. Halaxe dio bere webguneak eta halaxe erakusten du 'Hiru Erreka' EEaren jardunak, euskal kultura lantzen ezezik, hedatzen eta gainerako herritarrekin partekatzen baitihardu Tres Arroyosen euskal etxe gazte honek. Bertako euskara irakaslea hasia da eskolak ematen auzoko Claromecó-n ere eta eskaintza beste herri batzuetara nahi dute zabaldu. Euskararen Eguneko euskararen omenaldia, urtean zehar egiten diotenaren emaitza naturala baino ez zen izan Tres Arroyosen.

Gehiago irakurri...


Gipuzkoako Lizartzan iturburua duen Lizarzaburu familiak bilkura egingo du urtarrilaren 12an Perun, Lima hirian

2007/12/17

Familiako kide batzuk urte hasieran egin zen aurreko bilkuran (argazkiak JL Lizarzaburu) Lizarzaburu familiako kide dexente bilduko dira datorren urtarrilaren 12an Lima hiriburuan, Perun. Familiaren sorrera Lizartzan dago, bertan eratu baitzen familia 1489an, Sancho Martínezekin. Familiako kide askok Ameriketara emigratu zuten, lehenak orain dela 320 urte eta Ekuador eta Peru aldean finkatu ziren. Gero beste batzuk Estatu Batuetarako jauzia egin zuten. Azken urteotan familiakide askok harremana berreskuratu egin dute eta gonbitea luzatzen diete orain gainerako senideei datorren urtarrileko bileran parte hartzeko.

Gehiago irakurri...


Buenos Aireseko probintziak 63 hektarea lur eman dizkio La Platako Euskal Etxeari kiroldegi bat egin dezan

2007/12/17

Lurren zesioaren ekitaldia (argazkia eldia) Lurren zesioa kargurik gabe eta bost urterako izango da, beste horrenbeste urtez luzagarria. Euskal Etxeak kiroldegi bat egingo du bertan eta horren truke lursaileko paisaien hobekuntzaz, mantenimenduaz eta ingurunea babesteaz arduratuko da. Futbolean, hockeyan aritzeko zelaiak, quincho bat, igerlekua eta agian errugbian jolasteko zelaiak egiteaz gain, 50 hektarea okupatzen dituen mendi bat herritarrentzako ibiltoki bihurtuko dute, baso-berritzeari ekingo dio euskal erakundeak, bere lehendari Javier de la Clúa baso-ingenieriak El Día egunkariari adierazi dionez.

Gehiago irakurri...


Gral. Rodriguez eta Pilar-eko euskal etxeetako kideek Eusko Aterpearen egoitzan ospatu zuten Euskararen Eguna

2007/12/17

Marcela Balbi eta Ena M. Erartes banderadunak Aurrera eginez euskal etxeek Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara antolatutako ekitaldiekin, General Rodriguez hiri argentinarrean egindakoak dakartzagu segidan, hitzordu berera ondoko Pilar hiriko euskal etxeko kideak ere bertaratu zirelarik. Ez da ahaztu behar Hego Konoan eskola urtea urte naturalarekin bukatzen dela eta beraz abendu hasieran bukatzen direla kurtso eta ikastaroak, tartean euskarazkoak. Euskararen Eguneko festak, klaseen amaiera markatzen du, beraz, eta egokiera ona izan ohi da urtean zehar ikasitakoak jendaurrean batera edo bestera agertzeko.

Gehiago irakurri...


Jolasak eta ongipasa ardatz, José C. Paz eta Viedma eta Patagoneseko Euskararen Eguneko ekitaldietan

2007/12/17

Talde aurreratukoen antzezpena José C. Pazen Hitzaldiak eta momentu bat edo beste zeremoniatsuagorik gertatu zen, baina Euskararen Eguneko ekitaldiek jolasak eta ongipasa ekitaldiak izan dituzte ardatz Argentinako José C. Paz eta Viedma eta Carmen de Patagones herrietan. Gaztetxoenen partaidetza aktiboa sustatu zen, beraz, finean Euskararen Egunak ikasturteko jardunen azkena markatzen baitu eta normala baita euskarazko jolas eta antzezpenen bidez ikasleek erakutsi nahi izatea familiarteko eta lagunei urtean zehar euskara kontuetan egin dituzten aurrerapenak.

Gehiago irakurri...


Argazki kontzertu batek eta 'Eskizofonia' ikuskizunak itxiko dute gaur eta bihar Erromako Settimana Basca

2007/12/15

Maialen Lujanbio bertsolariak Ornitorrinkus ikuskizunaren emanaldian parte hartu zuen Erromako Associazione Culturale Euskara elkartea Settimana Basca-ren (Euskal Astea) edizio berri bat ari da garatzen aste honetan, joan den astelehenean hasi eta bihar bukatuko dena. Euskal etxe erromatarraren proposamenak jarduera desberdin eta berritzaile ugari bilduko ditu astebururako: argazki kontzertu eta lantegi bat, euskal afrikar jaia eta Erromako kaleetan egingo den 'Eskizofoniari omenaldia' ikuskizuna, besteak beste.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia