euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsolariak, ipuin kontalariak eta Gandiagaren poesia protagonista Madrileko Euskal Etxeko Euskararen Egunean

2007/12/22

Unai Gaztelumendi eta Julen Zelaieta bertsolariak euren emanaldian (argazkiak Joaquin Ortiz) Madrileko Euskal Etxea jendez gainezka egon zen Euskararen Egunaren ospakizunean, Julen Zelaieta bertsolari beratarrak eta Unai Gaztelumendi añorgatarrak eskaini zuten saioa ikusteko. Jarraian elkarteko euskara ikasleek afaria egin zuten eta bertsolariek saio berria egin zuten afalosteko giro ederrean. Aitor Koteron soinujoleak eta Mikel Castrillo txistulariak ere saioa eskaini zuten. Biharamunean, haurrentzako ipuin kontalariak aritu ziren eta Bitoriano Gandiagaren poesia irakurraldia egin zuten euskara ikasleek.

Gehiago irakurri...


Interneteko VascosMexico.com webgune eta foroak logo berria hartu du eta diseinua eta itxura aldatu ditu

2007/12/21

Vascosmexico elkartearen logo berria Sarean lau urteko bidaia aberatsa egin ostean (2004-2007), Vascosmexico.com webgune eta foro euskalmexikarrak aldatu berria du logoa eta horrekin batera interneteko bere presentziaren diseinu eta itxura aldatu ditu, tokiari atal berriak gehituz. Jaione Arrietak kudeatzen duen webgunearen ibilerak lehengo bidetik segituko du, edukin orokorrekin eta doako harpidetuentzako zerbitzu bereziekin. Webgunea sarean da jada, erabiltzaileen lankidetzekin osatzeko zain.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak 800.000 euroko diru laguntza eman du euskarazko filmeak DVDan eta zirkuito komertzialean zabaltzeko

2007/12/21

"Zine gehiago-euskara gehiago" egitasmoaren aurkezpena (argazkia EITB) “Zine gehiago-euskara gehiago”, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako egitasmoak aurreikusten du urteko 40 film bikoiztu edo azpititulurekin merkaturatuko direla lehenengo bi urteetan. Euskarazko filmak DVD euskarrian bultzatzea da helburu nagusia, bai salmentarako eta baita alokatzeko ere. Dagoeneko Heroes telesaileko 23 atal eta honako zazpi pelikula hauek euskeratu dira: Number 23, Fur, Arthur and the Minimoys, Casandra's Dream, 88 Minutes, The Contract eta Rob B. Hood. Film hauek guztiak salmentan daude jadanik ohiko dendetan eta datozen hilabeteetan eskaintza zabaldu egingo da.

Gehiago irakurri...


Errioxako Laminiturri Euskal Etxearen bazkide eta lagun talde batek afari batez agurtu zuen urtea Logroñon

2007/12/21

Laminiturrik orain hiru bat aste eraturiko afarira bildutakoak; Iñaki Gorostidi --beti Errioxaren sustrai euskaldunen ezagutza hedatzen-- ezkerrean makurtuta dagoen lehenengoa da Ez, ez gara ari Argentinako La Rioja probintziaz, Euskal Herri hego-mendebaldean dagoen eskualdeaz baizik, euskararekin eta bereziki Nafarroarekin eta Nafarroako Erresumarekin harreman historiko estua izan duen komunitateaz. Bertan badago euskal etxe bat, Laminiturri izenekoa, eta nahiz eta egun pasatzen ari ez den bere unerik indartsuena, aurrera egiteko gogoak eta bertako euskal toponimoetan sakontzeko eta ondare hori berreskuratu eta ezagutza hori hedatzeko asmoek segitzen dute. Urtero afari bat egiten dute bederen, izan ere azaroaren azken egunean hasi eta abenduko lehenean amaitu zena. Lerro hauetatik, goraintziak Errioxako lagun eta irakurleoi.

Gehiago irakurri...


Santomaseko Feria, txistorra eta ogia, zenbait euskal etxe gehituko zaizkio bihar euskal jai tradizionalari

2007/12/20

Santo Tomas eguna ospatzeko jaia Andorra la Vellako Euskal Etxeak antolatua, artxiboko irudi batean Euskal tradizioarekin bat eginez Madril, Bartzelona eta Valentziako Euskal Etxeetan txistorra izango da abenduaren 21eko protagonista. Santo Tomasak, Euskal Herriko plaza ugaritan ospatzen den festa, euren egoitzetan egingo dute, animalia azokarik gabe eta pintxoak eta bokadiloak erosteko dezente postu gutxiagorekin baina bertan izango dira txistorradako osagairik garrantzitsuenak: giroa, jana eta edana.

Gehiago irakurri...


Euskal etxeen arteko lankidetza: Castelliko Euskal Etxeko jaian parte hartu zuten Chascomuseko dantzariek

2007/12/20

Zingirako Euskaldunak-eko dantzariak dantzari Argentinako Castelli herriko 'Oneratu' Euskal Etxe gazteak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkartearekin duen harremana bikaina da eta horren adierazgarri euren arteko lankidetza aktiboa. Orohar, euskal etxeen arteko lankidetza eta elkartasuna sustatu beharreko balioak dira eta, izan ere, izpiritu horren baitan kokatzen dute euren lana munduan zeharreko hainbat eta hainbat elkarte euskaldunek. Horren eredu izan zen abenduaren 9an Oneratuk egin zuen Urte Bukaerako jaia. Zingirako Euskaldunak-eko dantza taldea aritu zen bertan dantzari eta Zuzendaritza Batzordeko ordezkaritza batek ere bat egin zuen Castelliko euskaldunekin jai honetan.

Gehiago irakurri...


Euskal Pack eta Pierre Oteiza enpresek euskal produktuez eginiko Gabonetako saskiak eskaintzen dituzte

2007/12/20

Euskal Packek eskaintzen duen Gabonetako sorta Gabonak gainean daude eta horren ohitura daukaten euskal familia gehienek prest izango dituzte egun berezi hauetan jango dituzten otorduetarako mokauak. Hala ere sasoi honetarako opari berezi baten bila dabilenak badu oraindik astirik kutixi sorta ederra eskuratzeko. Euskal Pack enpresak, adibidez, euskal mozkinez osaturiko Gabonetako saskiak eskaintzen ditu bere webgunean. Pierre Oteizak, aldiz, bakoitzak bere otzara osatzeko aukera ematen du. Biek ala biek mundu osora zerbitzatzen dituzte euren produktuak.

Gehiago irakurri...


Kantiruki taldeak bira kaliforniarra hasiko du datorren igandean, Chino, Los Banos eta San Frantziskora helduz

2007/12/19

'Amodioz bizi' diskoaren azala Talde baxenabartarra da Kantiruki eta Sylvie Brust, Terexa Goicoechea eta Sylvie Cherbero kantariek eta Mikel Erramouspe musikariak osatzen dute. Diasporarekin harreman estua duen taldea ere bada, Cherbero eta Brust Los Bañosen jaiotako euskalamerikarrak baitira. Igandean familiarekin elkartzera eramango dituen bira hasiko dute, Kaliforniako Chino, Los Baños eta San Frantziskon kontzertuak eskainiz, 'Amodioz Bizi' lana aurkezteko.

Gehiago irakurri...


Mar del Platako Euskal Etxeko txikiek gutuna idatzi diote Olentzerori; Gabon Gauaren zain irrikitan daude orain

2007/12/19

Haurrak Euskararen Asteko ekitaldi askoren protagonista izan ziren (argazkiak Artaburu Euskaltzale Elkartea) Denak Bat Euskal Etxeko txiki eta gaztetxoak Gabon Gaua noiz iritsiko zain daude, Olentzeroren etorreraren esperoan. Etxeko lanak aurretik eginda dituzte, denek idatzi eta bidali diotelako gutuna Gabonetako jeinu onari. Euskal Etxeak postontzi berezia prestatu zuen eta Olentzerok bertan jasoko ditu gutunak eta urtean zehar txintxoak izan diren umeei opariak ekarriko dizkie Gabon Gauean. Bihurriak izan direnek, ordea, ikatza topatuko al dute oparien ordez biharamunean?

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak Euskadiren Ordezkaritza berri bat zabaltzea erabaki du, Frantzian hain zuzen, egoitza Parisen

2007/12/19

Euskadik Mexiko hiriburuan daukan Ordezkaritzako plaka (arg. EuskalKultura.com) Eusko Jaurlaritzak Ordezkaritza berri bat zabalduko du 2008an, Frantzian hain zuzen ere, egoitza Parisen, Amerika eta Europako zenbait herrialdetan dauzkan sareari katebegi garrantzitsua emendatuz, beraz. Neurri honek orain arte Jaurlaritzaren politika frantseserako bitartekari izan den Frantzia-Euskadi Institutua funtziogabetuko luke. Datorren urterako Aurrekontu egitasmoak bi milioi euroko diru kopurua egokitzen dio Ordezkaritza sortu berriari. Zazpi ziren orain artean kanpoko Ordezkaritzak, honako hirietan: Brusela, Madril, Txileko Santiago, Mexiko hiriburua, Buenos Aires, Caracas eta New York.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia