euskal diaspora eta kultura

2008/06/26
Chascomuseko Zingirako Euskaldunakeko kideak ekitaldi eta berri onez beteriko hilabetea izaten ari dira. Elkarteak hil honetan zehar burutzen ari den zenbait jardueren berri ere eman du, horien artean plastikoen bilketa, Herri Eskolako 45. zenbakiko haurrentzako liburuen dohantza eta Maria Delia Errecartek gidatzen duen ehungintza klaseak. Bestalde, Jorge Etcheparek eta Cesar Martinezek osatutako muslari bikote chascomustarrek Rosarion egin zen Mus Txapelketa Nazionalean parte hartu zuten eta nahiz eta irabazi ez, lehenengo porstuan gelditu zen La Platako Bikoteari partida bat irabazi zioten, muslari ohorean jokoan.
2008/06/25
'Berriketari' aldizkari digital berria Txileko euskal komunitatearen arteko arteko harremana estutu eta Euzko Etxeak egiten dituen jarduerei buruz informatzeko helburuarekin sortu da, arduradunek azaltzen dutenez. Argitalpenaren lehen zenbakiak atal eta artikulu ugari dakartza, horien artean 'Oroimenaren Txokoa' izenekoa. Bertan irakurleek eta elkarteko lagunek antzinako argazkiak bidal ditzakete, 'aspaldiko garaiak gogoratzeko'. Buletinak Euskal Etxeko beste zenbait jardueren berri ematen du, besteak beste, Aberri Egunaren ospakizuna eta pilota eta mus txapelketei buruzko informazioa.
2008/06/25
1998an programa abian jarri zenetik, euskal laburmetraiak nazioartean zabaltzen dituen Kimuak katalogoak arrakasta nabarmena lortu du munduko zinemaldi eta lehiaketa askotan. Filmeak, gainera, Diasporako euskal etxe askotan ere izan dira ikusgai. Katalogoaren azken edizioak, 2007koak, 84 sari jaso ditu, horietako 22 nazioartean. Orain, datorren urteko uzta bildu nahian, Kimuak 2008 katalogorako lanak aurkezteko epea ireki dute, uztailaren 24a bitartean.
2008/06/25
La Platako Euskal Etxeak Bakearen Lorategiaren inaugurazioan parte hartu zuten, azken hilabeteotan egin dituzten eraberritze lanak bukatu ostean. Argentinar herriko Basoaren Pasealekuan dago parke adierazgarri hau eta bertan hiriko kolektibitateen irudi diren zuhaitzak landatu dituzte. Euzko Etxeak, noski, Gernikako Arbolaren kimua du ikur bezala. Inaugurazio ekitaldian hiriko agintariak eta kolektibitateen ordezkariek parte hartu zuten eta Euzko Etxeako kideek stand bat aurkeztu zuten euskal plater tradizional eta Euskal Herriari buruzko informazioarekin.
2008/06/24
Kultura Sailburuaren proposamenaren harira, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko kideak izendatu ditu, horretara zuzendutako Dekretua onartuz. Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da eta euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena du xede. Izendatu berria den Patronatuko kideen artean besteak beste Ibarretxe lehendakaria, Miren Azkarate Kultura Sailburua, Iñaki Aguirre Kanpo Ekintzetarako idazkaria eta kultura arloko hainbat ordezkari daude, hala nola, Andres Urrutia, Pantxoa Etchegoin, Javier Retegi, Koldo Martinez, Ludger Mees edo Marijose Olaziregi.
2008/06/24
Santiago Bereciartúa eta José Domingo Ormaetxea, Euskaria Fundazioaren Argentina eta Uruguaiko ordezkariak, Euskal Herrian dira egunotan, elkarteak gonbidatuta, hainbat ekimenetan Diasporaren ikuspuntua emateko. Euskaria Fundazioa 1986ean jaio zen elkarte independientea da eta bere asmoa biolentzia-eza aktiboa eta desobedientzia zibilaren markoan Euskal Herriarentzako Autodeterminazio Eskubidea eskatzen du, irtenbide demokratiko eta baketsu bezala. Euskariak Euskal Herriko indar abertzale eta euskaltzale guztien arteko lankidetza sustatu nahi du, Diaspora ere asmo horretara gehituz.
2008/06/24
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak antolatu zuen euskal-eskoziar topaketaren lehen edizioak 'arrakasta izugarria izateko behar den guztia bildu zuen', euskal etxeko arduradunek adierazi dutenez. Jaialdian euskara eta gaelikoa izan ziren izar, mintzaldi, eztabaida eta DVD emanaldien bidez. Elkarteko 'Txikiak' eta 'Gaztedi Zutik' dantza taldeek ikuskizuna eskaini zuren eta anaitasun afaria egin zuten Maiatzaren 25eko jai egun argentinarra ospatzeko. Egunari bukaera emanez Buenos Aireseko 'Fingal' talde argentinar-eskoziarrak kontzertua eskaini zuen.
2008/06/23
Diasporako euskara ikasle askok maila ederra lortu dute, ahalegin eta ikasketa ordu askori esker; duela bi aste Rocio Basterra eta Natalia Hormazabal argentinarrek ederki erakutsi zuten hori, ETBko Mihiluze saioan parte hartuz. Ez zuten irabazi, baina bai euskaldun zaharren ondoan ederki moldatzen direla frogatu, euskarazko joko, errima, SMS ulertezin eta jeroglifikoak deszifratuz. 'Esperientzia oso ona izan zen eta berriz errepikatuko genuke', dio Rociok. Saioa ETBn edo Calan Vascoren bidez ikusterik izan ez zutenentzat, jarraian Mihiluzek EuskalKultura.com-entzat eginiko une onenen bideo bat eskaintzan dizuegu.
2008/06/23
Chacoko Kotoiaren Lurrak urteko lehen Euskal Afaria egin zuen iragan ostiralean Resistenciako Don Bosco Ikastetxean (Argentina). Elkarteko lagun eta bazkide asko bertaratu ziren eta arduradunek Kotoiaren Lurrak urtero antolatzen dituen jardueren berri emateko aukeraz baliatu ziren, jarduera hauek doakoak eta elkarteko kide zein kanpoko edozeini irekiak direlako. Ekimen hauen artean aipagarria izan zen 'Aurrera Goaz' Bokaziozko Antzerki Taldearen aurkezpena. Taldekideek euskal gaia ardatz zuen lana antzeztu zuten. Afaria zozketa, euskal kanta eta monologo komikoekin osatu zuten.
2008/06/23
Rio Gallegoseko Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen I. Urteurren Jaiak berrehun kagun inguru bildu zituen, jarduera egitaraui mardulaz gozatzeko prest: euskal gastronomia, Euskal Herriko argazki emanaldia, dantza ikuskizuna, euskal kantak eta zozketak, besteak beste. Zentroko zuzendaritza batzordeak Euskal Etxearen egoitzaren irekiera iragarri eta datozen asteetan egingo diren jarduerak aurkeztu zituen, horien artean, Euskararen Eguneko afaria. Afari honetan Euskal Herria bisitatzeko bi bidai zozketatuko dituzte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus