euskal diaspora eta kultura

2008/07/30
Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak lau kontzertu eskainiko ditu Coruña eta Pontevedrako zenbait herrietan bihar hasiko duen bira galiziarraren barruan. Talde bizkaitarrak 1997tik darama ekintza udako itzuli hau egiten. Amagoia Loroño zuzendariak taldearen errepertorio zabaleko obra onenetarikoak bildu ditu bihartik igandera bitartean eskainiko duten programarako. Soinujoleek melodia unibertsalak eta obra herrikoiak eskainiko dituzte, opera eta zarzuela bezalako generoak, euskal eta galiziar kantak, eta espainiar geografiako zenbait lurraldeetako kantak ere luzatuko dizkiete entzuleei.
2008/07/30
2008/07/30
Uruguai ipar-mendebaldeko Salto herriko 'Saltoko Euskaldunen Taldea' izeneko Euskal Etxea sarera itzuli da uztail honetan zabaldu berria duen 'Vascos en Salto' izeneko bloga medio. Elkarteak izan zuen 2002an --euskal etxeak hamar urte betetzearekin batera-- lehenengo webgune bat, nahikoa osatua, denborarekin ahultzen joan zena, ez-eguneratzen alegia, berez desagertu arte. Azkeneko boladan taldea izaten ari den aldaketen baitan dator internet lehio berria, duela gutxi elkarteak egoitza aldatu eta herri erdi-erdigunera etorria baita, eta ugaldu nahi ditu bere ekintzak, bazkideak ugaltzen ari zaizkion heinean.
2008/07/29
Pintxoak jateko euskal ohitura Argentinan sustatu eta hedatzeko, Toki Eder Euskal Etxeak lehenengo pintxo lehiaketa bat antolatu du José C. Paz-en. Edonork parte hartu dezake bertan eta irabazleak ehun pesoko saria jasoko du. Euskal Etxeko hiru kidek osatuko dute epaimahaia eta euren ardura izango da pintxoak dastatu eta onena aukeratzea. Izena emateko epea abuztuaren 12an bukatuko da eta hitzordu publikoa, abuztuaren 16an, arratsaldeko 7etan izango da, Toki Eder Euskal Etxean.
2008/07/29
Txileko euskal komunitateak Euskal Herria gertuago izango du hemendik aurrera, ETBek seinale-banatzaile txiletar batekin Canal Vasco bertan normaltasunez ikusi ahal dadin sinatutako hitzarmena medio. Euskal katea ikusteko aukera berria Santiagon egindako koktel batekin aurkeztu zuten joan den asteburuan. Ekitaldirako gonbitae egin zuten José Félix Azurmendik, Nazioarteko ETBko zuzendariak; Jon Erdozia Euskadiko ordezkariak eta Alejandro Sande-k, Emprebask euskal-txiletar elkarteko presidenteak. Informazioa, kultura eta kirolak izango dira Txilen Canal Vascok eskainiko dituen edukien ardatz nagusiak.
2008/07/29
Euskal, biarnes eta Frantziako Tolosa (Toulouse) hiriko lagun talde batek Euskal Herriko dantza, musika eta kulturari buruzko elkarte bat sortzea erabaki zuen 1954an: Denak Bat Taldea. Euskal inauterietan aditua da gaur egun taldea eta kide berriak bildu nahian ateak ireki nahi dizkie gazte zein helduei, eta internetez. Taldeak aurrerapausoa eman du oraintsu eta webgune berria sortu du bere jarduera kulturalak hedatzeko. Taldearen sorrera eta historia bildu du bertara, ekitaldien agenda, argazki galeria eta elkarteko arduradunen datuak eskaintzen ditu, besteak beste.
2008/07/29
Abuztuko bigarren astean hasiko da Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA) Euskara eta Euskal Kultura ikastaro berria, bertako Hizkuntza Laboratorioan, oinarrizko mailan, FEVAk eta Unibertsitateak berak sustaturik. Izena emateko ez da gradu akademikorik eskatzen eta bertan parte hartzen dutenek UBAren agiri bat lortuko dute. Teresa de Zavaleta irakasle arrecifestarra izango da irakaslea.
2008/07/29
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak sustatutako Kimuak programa hamar urte betetzen ari da aurten. Euskal laburmetraiak ahalik eta gehien zabaltzea helburu duen egitasmo honek harrera ezinhobea izan du euskal etxeetan. Orain, urteurrenaren karietara, antolatzaileek 68 laburmetraia bildu dituen bilketa-lana eta edizio berezia egin dute, nazioarteko jaialdi eta telebista ugaritara iristeko asmoz. 'Kimuak 1998-2007' bildumako lanak etxeko zein kanpoko zaleengana gerturatzeko helburua dute.
2008/07/28
Bizkortasuna eta indarra, horietxek dira palan jokatzeko beharrezko kualitateak IdahoStatesman egunkari estatubatuarraren esanetan. Berripaperak gertutik jarraitu ditu pilotarien ahaleginak Boisen aurtengo San Inazio Festival jaialdiaren barruan egin den Pala Txapelkan. Jaialdiak ekitaldi kultural ugari bildu ditu, dantzak, funtzio erlijiosoak, kontzertuak, bazkariak... baina zalantzarik gabe pilota partidak izan dira askorentzat deigarrienak. Gainera aurten zirkuitu itxi baten bidez Euskal Etxetik ere segitu ahal izan dira zuzenean.
2008/07/28
Museoak Ameriketako hainbat herrien independentzian berebiziko eragina izan zuen Simon Bolivarren ondarea jasotzen du eta bere familiaren jaioterria izan zen izen bereko herri bizkaitarraren historia ezagutaraztea du helburu. Mende laurden honetan erakundeak Euskal Herrian bizi den euskal-venezuelar komunitatearekin harreman estua izan du eta, elkarteko zuzendari Ana Arriagak azaltzen duenez, gero eta gehiago dira museora etortzen diren Venezuela, Kolonbia, Peru, Bolivia, Panama eta Ekuadorreko bisitariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus